Hilabete berezia izan ohi da martxokoa deustuar guztientzat. Inauterietako mozorroa kentzeko ia astirik izan gabe, hamar eguneko jai giroan murgiltzear gaude. Testuinguru honetan jaio zen deustualdeko herri aldizkaria orain 18 urte, 2001eko martxoan Deustuko jaiak bete-betan zirela.
Geroztik, gelditu barik-buru belarri aritu da Prest! aldizkariko lantaldea, hilabetez hilabete gure inguru hurbilaren berri emanez. Gutxinaka-gutxinaka, elkarlanean eta deustuarren babes eta laguntzari esker, Prest! aldizkariak urratsak ematen jarraitzen du, bere txikitasunean euskaraz eragiten. Eta konturatu gabe joan dira dagoeneko 200 zenbaki.
Edozelan ere, ibilbide luzea dugu aurretik: hamaika istorio dugu kontatzeke, hamaika argazki argitaratzeke.
Urtemuga berezi hau irakurle eta deustuar guztiekin ospatzeko, argazki erraldoia egingo dugu martxoaren 19an, San Jose egunean, Done Petri plazan. Ekarri zure itxura onenak, photocalla ere egongo baita!
Baietz 200 lagun elkartu!