Deustuko jaiek jarraitzen dute eta, gaur, euskarak protagonismo handia izango du programazioan. 19:00etan, Mintzodromoa hasiko da Done Petri Plazan eta, hau bukatutakoan, 20:00ak inguru, Elorri Bertso Eskolak antolatutako Bertso Saioa abiatuko da, Andoni Egaña, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Igor Elortza eta Ander Anakaberekin.
Bihar, 20:00etatik aurrera, hainbat ekintza egongo dira aukeran: batetik, Deustuko kaleetatik kalejira egongo da Ttek! Taldearen eskutik eta, bestetik, Deustuko Gazte Lokalak D-rais eta Las Orejas de Van Gogh taldeen kontzertuak hartuko ditu. 22:00etatik aurrera, Haxotz eta Rebeca Lane guatemaltarra arituko dira txosnaguneko karpan.
Larunbatean, martxoak 21, erraldoien topaketa eta JM Deusto talde zikloturistari omenaldia egongo dira goizean, eta tomatea ardatz duen lehiaketa gastronomikoa eguerdian. Arratsaldean, Deustoko lehenengo herri krosa ospatuko da, baita futbolin txapelketa, suzko zezena, Deustuko fanfarrea eta gazte olinpiadak. Gaua DJ Reimy-k girotuko du.
Festak hurrengo egunean –martxoak 24, igandea- bukatuko dira, tomatearen erreketa eta hiletarekin. Havana 537 talde kubatarrak itxiera emango die jaiegunei.