Deustuko jaiek asteburuan ere darraite

uriola.eus 2019ko mar. 22a, 12:18

Hamaika ekintza daude aurreikusita gaurtik igandera bitarte.

Deustuarrek igande honetan, martxoaren 24an, emango diete bukaera jaiei, baina falta diren hiru jaiegunak ondo zukutzeko programazio anitza prestatu dute. Gaur, 20:00etatik aurrera, pare bat egitasmoren artean aukeratzeko parada izango da: Ttek! taldeak girotutako kalejira antolatuko da Deustuko kaleetan eta, bestalde, Gazte Lokalean D-rais eta Las Ojeras de Van Gogh taldeak arituko dira. 22:00etatik aurrera, Harrotx eta Rebeca Lane igoko dira txosnaguneko karpako oholtzara.

Larunbat goizean, erraldoien topaketa izango da, eta JM Deusto talde zikloturistari omenaldia egingo zaio. Eguerdian, tomatea protagonistatzat izango duen lehiaketa gastronomikoa ospatuko da. Arratsaldean, Deustuko lehenengo herri krosaren txanda izango da, eta futbolin txapelketan, suzko zezenan, fanfarrean edo gazte olinpiadetan parte hartzeko aukera egongo da. Gauez, beste behin, musika ardatz: DJ Reimy-k kontzertua emango du.

Igandean, martxoaren 24an, tomatearen erreketa eta hiletarekin agurtuko dituzte festak. Ostean, Havana 537 taldearen kontzertuak amaiera emango die, datorren urtera arte.