"Etxebizitza sozialek ehun urte Bilbon" erakusketa Erriberako Azokan

uriola.eus 2019ko mar. 25a, 10:20

Urtarrilean inauguratu zen EHUko Bizkaia Aretoan, eta, otsailaren 8tik, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren Bizkaiko Ordezkaritzan egon da erakusgai. Erakusketa honek sei epe nagusi bereizten ditu etxebizitza sozialek Bilbon izan duten hirigintza-eta arkitektura-ibilbide osoan.

"Etxebizitza sozialek ehun urte Bilbon" izeneko erakusketa Erriberako Azokako bigarren solairuan dago ipinita. Erakusketa hau maiatzaren amaierara arte egongo da ikusgai, eta urtarrilean inauguratu zen EHUren Bizkaia Aretoko Chillida aretoan, Bilboko Udal Etxebizitzen ehungarren urteurreneko amaierako ekitaldi moduan. Otsailaren 8tik hasi eta Erriberako Azokara aldatu zen arte, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren Bizkaiko Ordezkaritzan ikusi ahal izan da.

Galerian, etxebizitza sozialak Bilbon bete duen ehun urteko historiaren ibilbide arkitektonikoa jasotzen da, argazkien eta testuen bidez, eta baita ere ikus-entzunezko euskarrien eta bitarteko interaktiboen bidez, zeinak Udal Etxebizitzen webgunearen bidez eskura daitezke. Ekimen hau, bestalde, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren Bizkaiko Ordezkaritzaren BIA Urban Regeneration Forum delakoaren III. edizioaren barruan kokatzen da, arkitekturaren gaineko sustapen, zabalkunde eta ikerketarako jarduera baten moduan.

Erakusketaren xedea da ez bakarrik atzerantz begiratzea Bilboko Udal Etxebizitzak tokiko organismo autonomo gisa izan duen historia eta etxebizitzen arloan gauzatu dituen jardun esanguratsuenak agertzeko, baita ere jendeari erakustea jardun horiek zer garrantzi izan zuten, beren inguruabar historikoetan kokatuta, eta zer eboluzio izan duten unean uneko arkitekturak eta hirigintzak eta bizitegietarako proiektu aitzindariek.

Xede horrekin, erakusketak joan den ehun urte honen time-line adierazgarri bat baliatzen du, ikusteko moduan deskribatuz une bakoitzeko mugarri nagusiak. Hautaketak arreta berezia jarri du bizitokien arloan beren ezaugarriengatik aitzindari izan ziren proiektuetan.

Kontakizuna sei epe nagusitan banatzen da, eta bakoitzak azalpen labur bat ematen du, interpretazio hobea egin ahal izateko.