Eugenio Ibarzabalek idatzitako 'Juan Ajuriagerra, el Hermano mayor' liburua aurkeztu zuten atzo Donostiako Udal Liburutegiko 'Sotoan', eta, arratsaldean, autorearekin berarekin liburuaren inguruan aritu ziren Isabelle Ajuriagerra historialaria, Bernardo Atxaga idazlea eta Luis Rodríguez Aizpeolea kazetaria, San Telmo Museoan antolaturiko mahai inguruan. Egileak berrogei urtean zehar eginiko hamarnaka elkarrizketa erabili ditu politikariaren bizitza kontatzeko, "ideologietatik eta diskurtso partidistetatik at egia bilatzeko" xedearekin.
Biografia izanagatik ere, autoreak narrazioaren jariakortasuna zaindu du, eleberri bat bezala irakurtzen den liburua erdietsiz. 1937an, erbestera joateari uko eginez, euskal ejerzitoaren gehiengoarekin batera italiarren aurrean kapitulatu zuenetik, Trantsizio garaian jokatutako paperera arte, Ibarzabalek Ajuriagerraren ekintzen garrantzia nabarmentzen du liburuarekin.