Dagoeneko Korrika hasi da. Garesetik abiatu da arratsaldeko 17:00etan eta Euskal Herri osoari itzulia emango dio AEKk antolatzen duen ekimena. Bilbora ere helduko da, eta giroa berotzeko Korrika Gira Biran antolatu dute Deustualdean.
Iluntzeko 19:30ean Done Petrin egongo dira Korrikan parte hartzeko petoak saltzen. Horren ostean, Deustualdeko Korrika batzordeak Gira Bira egingo du Deustuko kaleetatik.
Bukatzean, antzezlana antolatu dute Deustuko Gazte Lokalean. Bertan, Ane Zalabala eta Aiora Sedanok osotzen duten Bibote Gorriak taldearen lana ikusteko aukera egongo da. AEKko Galder Perezek idatzitako Morbus Operandi komedia beltz eta politikoa da. Gaueko 21:00etan hasiko da eta sarrera librea da.