Bueltan dira Kiskitinak Arangoitin

prestaldizkaria 2019ko eka. 4a, 11:57
Kiskitinak taldea berrartzeko lehenengo bilera

Duela 22 urte sortu arren, urte asko desagertuta eman ditu Kiskitinak Arangoitiko talde feministak. Egun, auzoko emakume batzuen artean taldea berriz aktibatzea lortu dute, eta ospatzeko, larunbat honetan 'Kiski Eguna' antolatu dute.

1997. urtean sortu zuten Arangoitiko lehenengo talde feminista. Hasieran helburu finkorik ez izan arren, feminismoan murgiltzen hasi ziren ia nahigabe, taldekideen artean eztabaidak ematen eta formakuntzak jasotzen.

Hasiera hartan 10 emakume biltzen ziren eta emakumeen zapalkuntza era batera edo bestera salatzen zuten, ekimen ezberdinen bitartez. Taldekideen joan etorriekin, gutxika gutxika taldea indargabetzen hasi zen, gaur egunera arte. 

Martxoaren 8a heldu eta auzoko talde feministaren presentzia faltan zuten Arangoitiko hiru lagunek. Horrela, beharrezko ikusi zuten Arangoitiko emakumeei ikusgaitasuna eta elkargune zein babesleku bat ematea. Hortxe hasi ziren Kiskitinak taldea berriz ere martxan jartzen. Gogo horretatik abiatuta, ondorengo asteetan egindako deialdietara jende nahiko agertu zen. Orain, 37 bat emakume biltzen dira igandero Arangoitiko haurtzaindegian, auzoko beste taldeak biltzen diren leku berean.

Kiskitinak Aranoitiko Euskal Jaian (2019)

Auzoko ahoz ahokoari esker jende askok dagoeneko badaki taldea bueltan dela, hala ere, ofizialki ezagutzera emateko, ekainaren 8an “Kiski eguna” antolatu dute. Egun osoko egitaraua antolatzen ari dira: goizean beste talde feminista batzuen kontakizunak entzuteko aukera zabaldu dute. Ostean, bazkari zein bazkalosteko bingoa, auzoko dendari zein tabernariek egindako ekarpenekin eta amaitzeko batukada batez lagundua, kalejira zaratatsua ere antolatu dute.