Deustuko agenda gainezka

uriola.eus 2019ko eka. 6a, 10:40

Gazte Lokalaren urteurrena, 'Gaztetxeak aurrera' manifestazioa, Deustuko Gazte Eguna, Kiskitinak Arangoitiko Talde feministaren jaia... geldi egoteko tarterik ez da izango datozen egunotan Deustu inguruan.

Joan den igandean eman zioten hasiera Gazte Lokalaren 28. urteurrenari. Aste beteko egitarauarekin, denetariko izan dute gaztetxean: mural margoketa, hainbat mahainguru, zinema proiekzioa, musika, kontzertu akustikoa eta faxismoaren eta guda zibilaren aztarnak ezagutzeko ibilbide historikoa. Ospakizun astearekin amaitzeko, manifestazioa egingo dute bihar, ostiralez, Gaztetxeak aurrera lelopean.

Horrez gain, ekainaren 8an, larunbata, Deustuko Gazte Eguna antolatu dute. Gosariarekin batera hasiko dute eguna, Aski Du taldearen musikak lagunduta. Bazkaldu aurretik elektrotxaranga eta jolasak egingo dituzte, eta ondoren, ekitaldia eta bingo musikatua. Amaitzeko, Kare eta Silicies Grizzliesen kontzertuak eta DJ Papiro izango dira Gazte Lokalean. 

Halaber, larunbatean bertan Arangoitin Kiski Eguna antolatu dute. Orain hilabete batzuk Kiskitinak talde feminista berriz aktibatzea lortu zuten Arangoitiko hainbat emakumek, eta taldea aurkezteko egun osoko egitaraua prestatu dute Tejabanan. Goizean beste talde feminista batzuen kontakizuna entzuteko aukera izango da. Besteak beste, Emakumeak Aniztasunean elkartea, Mamiki, Munduko Emakumeak elkartea eta Madrileko 8M Komisioa gerturatuko dira. Ostean, bazkaria, bazkalosteko zozketa eta, amaitzeko, batukadaz lagundutako kalejira zaratatsua ere prestatu dituzte. 

Era berean, Deustualdeko emakumeek beste hitzordu garrantzitsu bat daukate hurrengo astean: Deustualdeko Emakumeen* Sarearen aurkezpena ekainaren 13an, osteguna, Bidarte Udaltegian.