Hemen da Kemen Gra

prestaldizkaria 2019ko uzt. 5a, 13:09
Kemen Gra taldea

Hamar bat lagunek osatzen dute Kemen Gra taldea. Euskarazko kantak abesten dituzte, ‘a capella’ eta kalitatea bereziki zainduz. Koruaren helburu nagusia euskal errepertorioa ezagutaraztea eta zabaltzea da.

Kemen Grak, galdutako erronkarieraz “hemen gara” esan nahi du. Indarra duelako eta kemena erakusten duelako aukeratu zuten izena, baina baita galdutako azpieuskalkiaren erabilerak berreskuratu nahi duten kantugintza islatzen duelako.

“Ilusioz beteriko proiektu musikala” da Kemen Gra, “euskara eta musika maite dituen taldea”. Taldea osatzen duten kideak joan den urteko Agate Deuna egunean batu ziren lehen aldiz, eta geroztik lan handia egin dute. Euskal egileen lanak ahalik eta kalitate handienean interpretatu nahi dituzte, ahots hutsez.

Horretarako, urtebete daramate igandero entseatzen. Errekaldeko eskolan hasi ziren lehenik, Karmelan gero, eta Done Petri elizan ari dira orain. Pixkanaka-pixkanaka, egindako lanaren fruituak jasotzen hasi dira. 

Aurkezpen kontzertu ofiziala iragan den maiatzaren 31n egin zuten Bilboko Berreginen Museoan. Emanaldira Euskeria abesbatza gonbidatu zuten, euskal errepertorioan ibilbide luzea duen taldea. Kemen Grako zenbait kidek bertan abestu dute, eta batzuek jarraitzen dute oraindik ere. “Horregatik, oso polita izan zen haiek gure jaiotzan egotea”, azaldu digu Arrate Unzueta Kemen Grako kideak. 

Aretoa hasieratik betetzea lortu zuten, eta amaitzean entzuleak zutik jarri zituzten. “Jendeak ez zuen horrelako saioa espero”, aitortu digu Unzuetak. Indarberrituta atera ziren aurkezpen emanalditik, Bakion (Bizkaia) eta Kexaan (Araba) emango dituzten kontzertuetarako prest. Aitzitik, aurkezpena baino lehen zenbait kontzertu emanak zituzten: Amurrioko Gabon Kanta Errondan (bigarren geratu ziren) eta Erandioko antzerki eskolan.

Gaur gaurkoz Euskeriaren errepertorioaren bidetik ari dira, eurena osatzen doazen bitartean. Kantu herrikoiak lantzen dituzte batez ere, eta bereziki Alexander Lesbordes eta Jesus Guridiren lanak dituzte atsegin.

Plaza agertokia bezain gustuko dute kantuan aritzeko, baina, azaldu digutenez, interpretazioen kalitatea mantentzeko hobe da bigarrena. Taula gainean hobeto estimatzen dira ahotsen xehetasunak kalean edo tabernetan baino. 

Xabier Calzada da koruaren zuzendaria. Berak kontatu digunez, berria da “mundu honetan”. Izan ere, aita betidanik koruan sartuta izan badu ere, bera flautista da. Lagun baten bitartez sartu zen Kemen Gran, aurreko zuzendariak taldea utzi eta berri baten bila sartu baitziren. Uste baino talde finagoa topatu zuen Xabik, probatzera baino hurbildu ez zenak. Harrezkero gustura geratu da Kemen Gran zuzendari.

Taldearen asmoa ez da koru handi bat sortzea, baizik eta talde egonkor bat eratzea eta kantuen kalitatea zaintzea. Ahotsak orekatzeko, soprano, kontralo eta baxu banaren bila ari dira.

Kemen Gra bere lehen kontzertuan, maiatzaren 31n Bilboko Berreginen Museoan