Aferak, bertsolari gazteentzako plaza

prestaldizkaria 2019ko urr. 23a, 13:53
2019ko irailaren 26ko saioa. Argazkia: Aferak

Bertsolari gazteei plaza eskaintzeko helburuarekin sortu zen Aferak Bertso Dinamika orain hiru urte, Elorri Bertso Eskolaren eta Deustuko Herriko Tabernaren elkarlanez. Irailean eman zioten hasiera aurtengo edizioari, eta bihar izango da bigarren saioa.

Deustun ikasturte berriarekin batera, bertso denboraldia ere hasi ohi da. Duela hiru urte sortutako dinamikari jarraiki, irailetik otsailera bitartean hainbat bertso saio antolatuko dituzte Elorri Bertso Eskolak eta Herriko Tabernak elkarlanean.

Ez dira, ordea, saio arruntak izaten, umoretsuak, informala eta lotsagabeak baizik. Entzutera doazenek badakite ez dituztela aurkituko eskuak poltsikoetan edo bizkarrean gordeta dituzten bertsolari serioak, eta, akaso, haiek ere parte hartu beharko dutela jakitun dira. 

Egun bakoitzak gai orokor bat izaten du, eta, horren arabera, bertsolariak, gai-jartzaileak eta aretoa bera mozorrotzen dituzte. Gainera, jolasak prestatzen dituzte entzuleak isilik geratu ez daitezen eta haiek ere jardunaldiaren parte bihurtzen dituzte.

Horrela, saio dibertigarriak egiten dituzte, baina gai mardulei ere heltzeko beta hartzen dute. Seriotasuna eta informaltasuna uztartuz, saioen kalitatea zaintzen saiatzen dira, eta pozik daude azken urteetan jasotako emaitzekin. “Lehenengo urtean saio guztietan betetzen zen Herriko Taberna, eta jendea kanpoan geratzen zen”, diosku Ander Anakabe Elorri Eskolako kideak. Urteekin jende oldea baretu da, baina horrek ez ditu kezkatzen, arrakasta saioen kalitatean neurtzen baitute, eta alde horretatik oso baikorrak dira.

Dinamikak Deustualdean sortutako bertso-giroarekin ere gustura daude, urte osoan zehar bertan bertsoak entzuteko aukera ematen duelako, jaietako bertso-saioaz harago. Gisa berean, Aferakek dinamikan parte hartzen duten bertsolarien arteko harremanak pizteko ere balio du, eta elkarrekin lan egiteko edo entrenatzeko aitzakia ona izan da.

Irailetik otsailera, saio bana

Urtero balorazioa egiten dute dinamika amaitutakoan, zer aldatu eta zer hobetu eztabaidatzeko. Aurtengo berrikuntza da bertsolariak multzoka banatuko dituztela. Hau da, lehenengo saioan, irailaren 26koan, Gipuzkoatik hona ikastera etorritakoek kantatu zuten; ostegunekoan Gernikako Lilibertso eskolakoak arituko dira; hurrengoan Elorrikoak; abendukoan, Algortako Albe bertso eskolakoak eta urtarrilekoan inguruko bizkaitarrak. Era honetan, bertsolariak erosoago egotea nahi dute antolatzaileek, oholtza gaineko bertsolariek elkar ezagutuko baitute.

Irailetik urtarrilera bitartean izango dira saioak, hilean bana, ostegunetan eta Herriko Tabernan beti, 20:00ak inguru. Dinamikari amaiera emateko, gainera, bertso bazkaria egin izan dute, eta aurten ere mahai baten inguruan biribilduko dute bertsotan. Otsailaren 8an finkatu dute data, momentuz sekretu diren bertsolariekin.