Bestelako Done Petri plaza bat aldarrikatu dute ehunka deustuarrek

uriola.eus 2019ko urr. 28a, 13:34

Done Petri plazaren etorkizunaz erabaki nahi dutela exijitu dute ehunka lagunek Deustun. 

Bilboko Udalak urtarrilean aurkeztutako proiektuak ez dituela egun plazaren beharrak konpontzen salatu zuten atzo berriz ere Deustuko auzokideek. Aldarri hori ardatz, jaia egin zuten goizean Done Petri plazan. Festa-giroan eta Deustuko plaza bizirik lemapean prozesu partehartzaile bat martxan jartzeko exijitu diote Udalari, "deustuar guztion iritziak jasoko dituena". Horretarako, sinadura bilketa hasi zuten, eta, Done Petri Bizirik plataformako kideek azaldu dutenez, atzoko eguneak soilik, 200 sinadura jaso zituzten. 

Umeentzako tailerrak, txokolatada eta musika emanaldiez gain, taula handi batean auzokideek plazarentzako dituzten proposamenak idazteko aukera ere izan zuten. Frontoi estali bat eta Agirre Lehendakari etorbidearen murrizketa izan dira proposamen guztien artean ugarienak. 1,3 milioi euroko proiektua eskuartean izan arren, plataformaren arabera, "proiektu horrek ez du inondik inora aldatzen plazaren egitura, ezta bere arazo nagusiak konpontzen ere". Horrez gain, uztailean 14 elkartek sinatutako dokumentua Udalean aurkeztu zutela gogorarazi eta hiru hilabete geroago ez dutela erantzunik jaso argitu dute.