Estibalitz Gereño, Deustuko Ikastolaren sortzailea eta lehen andereñoa zendu da

prestaldizkaria 2019ko aza. 8a, 13:38

Estibalitz Lopez de Gereño Deustuko Ikastolaren 50. urteurrenean (2013). Argazkia: Deustuko Ikastola

1963. urtean 13 neska-mutil hasi ziren Agirre Lehendakariaren kaleko Azaola-Gereñotarren etxebizitzan eskolak jasotzen, Elixabete Lopez de Gereño andereño zutela. Hurrengo ikasturtean, 1964-1965ean, Estibalitz ahizpak lagundu zion klaseak ematen eta lekukoa hartu zion Deustuko Ikastolaren eraketa prozesuan.

Lehendik ere, Iralabarrin izan zen irakasle, Frantziskotarren komentuan zegoen ikastola ezkutuan. Hezkuntza inspektore baten salaketaren ondoren, 1959an itxi zuten, eta partaideei isun handiak ezarri. Estibalitzek, esaterako, 10.000 pezeta ordaindu behar izan zituen, eta egun batzuk atxilotuta egon zen. Gainera, poliziak etxeko telefonoa zulatu ziela kontatu digu bere anaia Sabinok.

Esan bezala, 1964an hasi zen Gereño Agirre Lehendakariko etxean klaseak ematen, oraindik maistra titulurik ez zuela. Bera merkataritza-peritua zen, eta gerora egin zituen magisteritza ikasketak. Azaola-Gereñotarren familiak beti egon dira euskal kultura indartzeko eta hedatzeko lanean, eta, horregatik, hartu zuten ikastolaren proiektua etxean abiatzeko hautua.

Ikasturte amaieran Hezkuntza Ikuskaritzaren bisita izan zuten, eta horrek legezko erregularizazioa eskatu zuen. Ondorioz, uda horretan bertan lokal baten bila hasi ziren irakasle eta gurasoak. Done Petri parrokiakoek utzitako lokal txiki batean hasi zuten hirugarren ikasturtea eta Estibalitz izan zen andereño eta kudeatzaile bakarra.

Estibalitz Agirre Lehendakariko etxean

Pixkanaka, gero eta ikasle eta irakasle gehiago batu ziren proiektura. 1968an haur-eskola jarri zuten martxan, eta Guraso Asanbladaren eskariz, Gereño Pedagogia Zuzendari izendatu zuten. Aldi berean, Pasiotarren parrokiak (San Felicisimo) utzitako lokal batean haurtzaindegia sortu zuen guraso talde batek.

Legeztatzea aurrera eramateko Hezkuntza Ikuskaritzarekin hasi ziren berriro  harremanetan, aurretik aurkeztutako dokumentazioa galdu baitzen. 1969ko ikasturtea 150 ikaslerekin hasi zuen Deustuko Ikastolak. Haurtzaindegia Done Petrin geratu zen Abaitua andereñoaren esku, eta San Felicisimon bost ikasgela osatu ziren, Ozamiz, Jaio, Castresana, Beaskoetxea eta Gerrikabeitia irakasleekin. Estibalitz ez zen haiekin San Felitzisimora mugitu, gurasoak zaintzeko erabakia hartu eta andereño lana bukatutzat eman zuelako.

Urteak eman zituzten horrela, beste eraikin bat bilatzen zuten bitartean. Udalarekin jarri ziren harremanetan eta hainbat bide aztertu ondoren, 1986ko irailean gaur egun dagoen eraikinera mugitu ziren. Bidea ez zen xamurra izan, ordea. Kontuan hartu behar da Udalak erosi behar izan zituela lur sail eta eraikinak, Eusko Jaurlaritzaren esku utzi, eta azken horrek ikastetxe berria eraiki. Erakunde publikoek ez zuten begi onez jo entitate “pribatu” baten esku uztea lokal horiek, baina azkenean onartu egin zuten, ikastolak sare publikoan sartzeko legea bideratu zelako eta Deustuko Ikastolak  bertan sartzeko borondatea adierazi zuelako.

Hortaz, instituzioekin bost urtetan harremanetan egon ondoren eta hainbat zailtasun gainditu ostean, 1986ko irailean Deustuko Ikastola gaur egungo eraikinera pasatu zen, birmoldatutako Beltran y Casado, S.A. lantegiaren alde batera, alegia. 1933an sare publikoan sartzeko aukera izan zuen eta geroztik eskola publikoa da Deustuko Ikastola. Horixe guztia, besteak beste, Estibalitzen aleari esker.

1963-64 ikasurean Azaola Gereño familiaren etxean hasi ziren ikasleak