‘Banbupean’, xerpen mundura jauzia

prestaldizkaria 2019ko aza. 7a, 17:48
Ilustrazioak: Javier Idirin

Hiru urteko tartean bi aldiz egon da Nepalgo Pakhumba xerpa herrixkan Galder Unzalu deustuarra. Bertan ikusitakotik, entzundakotik eta bizitakotik abiatuta, zortzi ipuinez osatutako liburua argitaratu du, Banbupean. Javier Idirin arangoitiarrak ilustratu eta Almudena Canetek maketatu dute lana.

Zortzi ipuin, hitzez marraztutako zortzi argazki, lumaz idatzitako beste zortzi marrazkik lagunduta. Hori izan da Galder Unzaluk eta Javier Idirinek erabilitako lanabesa xerpen mundua deskribatzeko. Unzaluk Pakhumba herrira egindako bidaietan ikusitakoa islatu gura zuen, han ezagututako lagunen testigantzak bildu, eta deskubritutako “beste Nepal” hori erakutsi, mendizale eta trekking bideetatik aldendutakoa.

2011an lehenengoz eta 2014an bigarrenez bisitatu zituen Galderrek Nepal ekialdeko lurrak. Mendian ezagututako lagun xerpa baten bitartez “2.000 metro luzeko magal luzeetan eskegita” dagoen Pakhumba herriko bizimoduan murgiltzeko aukera izan zuen. Ipuinok bi egonaldiotan idatzi zituen, “entzutetik eta bizitzetik, sartzetik eta egotetik”, eta irakurleak bertakoen etxe, eskola eta kaleetan zehar barreiatzen ditu orriz orri.

“Sentitzen nuen zor moduko bat nuela haiekin”, aitortu digu idazleak. Horrela, ba, “benetako xerpen bizitza” erakutsi nahi izan du. Azaldu digunez, xerpak ez dira soilik mendiaz bizi, “gu bezala herri bat dira, euren ohitura eta hizkuntzarekin”.

Atmosfera hori osatu guran, Javier Idirin arangoitiarrak lagundu dio. Galderrek egindako argazkietatik abiatuta ipuin sorta ilustratu du. Ipuinak bezalaxe, batzuk errealistagoak dira besteak baino, baina denek irudikatzen dute xerpen mundua eta bizimodua. Kontakizunek ere asko dute errealetik, baita fikziotik ere. Benetako pertsonaiak dira protagonista, izenak aldatuta, eta eurekin bizi izandakoak ditu abiapuntu Unzaluk, elkar ulertzeko zailtasunak gorabehera, halamoduzko ingelesa zeinuekin nahastatuta izan baitzuten lingua franca.

Ekainean kaleratu zuen liburua, bere kabuz finantzatutako 50 aleko edizio mugatuarekin. Uda amaitu baino lehen agortu ziren ale guztiak, baina eskuratu nahi duenak Deustuko Liburudendan eta Anti Liburudendan bilatu dezake, han utzi baitzituen hiruna ale. Nolanahi ere, aurrerago bigarren edizio bat argitaratzeko asmoa azaldu digu Galderrek. Beraz, xerpen munduan murgildu nahi duenak badu liburua erreserbatzeko aukera. Zuzenean posta elektroniko bidez berari eskatzeko gomendatu digu (gunzetx@gmail.com). 

Bidaia on!