Deustuko bigarren Trikijaialdia izan dugu jada!

prestaldizkaria 2019ko aza. 5a, 15:00
Argazkiak: Deustuko Trikijaialdia

Goizean goiz ekin genion muntaketari, lan banaketari eta lehenengo trikitilari eta pandero-jotzaileen harrerari. 11:30ean hasi zen trikipoteoa; dantza eta kantu artean deustuarron telefonoak sutan: “Nondik zabiltzate?”, “Berandutu naiz, banoa!”. 14:00etarako Done Petrin ehun lagunetik gora bildu ginen trikitilari, pandero jotzaile, dantzari eta parrandazale artean.

Dantzatzeko unea zegokigun, eta musikariak dantzari bihurtu ziren Bihotz Alai, Mikeldi eta Gure Herria dantza taldeen laguntzaz. Giroa paregabea zen; instrumentua hartu, utzi, dantzatu, berriz hartu, dantzatu… gazte zein heldu, dantzariak protagonista!

Eguraldiaren iragarpena ikusita, bazkaria Done Petri plazatik Herriko Tabernara mugitzea erabaki genuen. Justutxo sartu ginen, eta, zorionez, janaria soberan erosi genuen ezustekoak ekiditzeko, ia 100 lagunekoa ez da bazkari makala!

Bazkalostean, kalejiran jaitsi ginen plazara, zuzeneko emanaldiak gozatzeko irrikan. Lehenengo euri tantekin batera igo ziren etxekoak taula gainera, Jon Azanza eta Markel Baroja. Itzela da ikustea zelako maila daukagun herrian, plazerra eurak entzutea. Jendeak euritako azpian ikusi zuen emanaldia, inork ez zuen etxera joan nahi hasiera ikusita, eta are gutxiago zetorrena jakinda: Asier Gozategi, Ane Etxezarreta, Hodei Insausti eta Sara Iriarte. Gaztetxoak bidelagun, sekulakoa antolatu zuen laukoteak! 

Eguraldi kaskarrak emanaldiaren jarraipena eta bukaerako kontzertua Gaztetxera mugitzera behartu gintuen. Hirukote bat zetorren hirugarren emanaldian: Jokin San Jose, Zuriñe Gonzalez eta Big Sound Boy. Trikitixa hainbat formatutan ikusi genuen eta oraingo honetan DJ baten alboan. Bafleek ondo erantzun zieten musika eta doinu berritzaileei ere.

Kanpoan euria egon arren, jendea berotzen hasia zen eta azken bikotearen txanda heldu zen: Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar. Azkenengo bikote horrekin gaztetxeak gainezka egin zuen, txalo zaparradak abesti artean, oihuak eta klasikoa dugun “beste bat!”. Harriagarria da gure instrumentu hauekin sor daitekeen magia eta giroa.

Egunari itxiera emateko, Xukelak taldea izan genuen, inork espero ez zuen sorpresa ikaragarria. Doinu eta erritmo exotikoak ezagunak ditugunekin nahastuz, jai giro aparta sortu zuten. Itxiera borobila ertzik gabeko egun batentzako. Eskerrik asko azaldu zineten guztioi eta ez egin zalantzarik, bueltatuko gara!

Testua: Ibon Urrutia, Deustuko Trikijaialdia