Noiz eta nola heldu zineten Euskal Herrira?
Evelyn (E): Orain 15 urte heldu nintzen Donostira, familia berrelkartze prozesu baten ondorioz. Lehendabizi aita etorri zen, eta ondoren nire ama, bi nebak eta laurok.
David (D): Bilbora 2006an, baina 1998tik Murtzian bizi nintzen. Ni ere berrelkartze prozesu baten ondorioz etorri nintzen. Anai nagusia etorri zen lehena, Espainiako egoera ikustera. Jarraian, nire aita etorri zen, eta gero ama, anai txikia eta ni.
Nola sortu zen Ecuador Etxea?
E: Donostian sortu zen 2000. urtean. Bertara Ekuadorreko jende asko heltzen zen eta komunitate sendo bat zegoen. Sostengu talde bat sortu zen etorri berriak aholkatu eta lana eta ostatua aurkitzen laguntzeko. Elkargune bat zen, eta, batez ere, jaia eta arlo kulturala lantzen ziren, etorkinen edozein elkartetan bezala.
Noiz heldu zen Ecuador Etxea Deustura?
E: 2006 eta 2007 urteen artean Latinoamerikako jende asko etorri zen hona. Deustun, esaterako, lagun taldeak sortzen hasi ziren, eta gazte asko Done Petri plazan elkartzen hasi ginen. Auzokideak ez ziren gutaz fido, gaizkile-taldeak ginela pentsatzen zuten. Egoera horri aurre egiteko sortu zen Bilbon Ecuador Etxeko ordezkaritza, kalean elkartzen ginen gazteoi espazio bat eskaintzeko.
Zeintzuk izan ziren lehenengo proiektuak?
E: Futbol talde bat geneukan, emakumezkoena zein gizonezkoena, eta latinoamerikarren kolektiboek antolatutako txapelketetan hartzen genuen parte. Garai horretan parte hartzaile guztiak adin txikikoak ginen. 2007an Bizkaiko Foru Aldundian dirulaguntza bat lortu genuen gazte latinoamerikarren artean kirola sustatzeko. Zuk pentsa, orduan, Foru Aldundiak ez zuen aniztasuna eta immigrazioa lantzeko laguntzarik ematen! Diru horrekin egungo lokala alokatu genuen 2008an, eta geroztik hemen gaude. 2011ra arte arlo kulturala lantzen genuen, batik bat kirola eta gastronomiaren bitartez. Apurka-apurka arrazakeriaren ondorioak lantzen hasi ginen tailerren bitartez.
Krisiak zuen lan egiteko eran eragin zuen.
E: Bai, orduan erabaki genuen proiektuari buelta bat ematea. Krisiaren ondorioz dirurik eta lokalik gabe geratu ziren kolektiboei gure baliabideak uzten hasi ginen. Horri esker, jende asko ezagutu genuen eta egunero zeharkatzen gaituzten beste hainbat alderdi lantzen hasi ginen, ez soilik migratzaile gisa, baizik eta emakume, gazte edota langile gisa.
Nola sortu zenuten komunikazio proiektua?
D: Kasualitatea izan zen. Guk egoitza bat, argazki kamera bat eta webgune bat geneuzkan. Krisia gogor jotzen ari zen eta kolektibo askok ez zeukaten ezer. Espazio birtualarekin fisikoarekin egin genuen gauza bera egitea erabaki genuen orduan: partekatzea. Migratzaileen elkarteek antolatutako ekintzen berri ematen hasi ginen, gero sare sozialetara egin genuen salto eta, azkenean, kalera ateratzen hasi ginen, kamera eskuan.
Baduzue ospea.
D: Komunikazioaren mundua oso zabala da eta guztiontzako lekua dago. Guk Bilbok duen egoera soziala iruditan bildu nahi dugu, ez makro-proiektuena, eta horrekin beste talde eta komunikabide batzuek lana osatu.
E: Egunero kalean egonda, jendearen babesa lortu dugu. Ikusten gaituztenean badakite gertatzen ari dena ondo erregistratuta geratuko dela.
Duela urtebete zuen irudia eta webgunea berritu zenituzten. Zein asmorekin?
E: Gure lana laburbiltzen duen irudi bat nahi genuen, Ekuadorreko eta Euskal Herrko sinbologiarekin. Myriam Camerosek diseinatu zuen logoa, kitxuar kulturako Aya Huma pertsonaia kitxuaren maskaran oinarrituta. Inti Raymi jaialdiarekin (Eguzkiaren jaia) lotuta dago eta komunitate osoak festan parte parte-hartzeaz arduratzen da. Partaide garen gizarte-antolakuntzako eta transformazioko proiektuekin lotu genuen.
Nola eragin du zuen lan egiteko eran beste talde batzuekin lan egiteak? -> Beste talde batzuekin elkarlanean aritzeak zer eragin izan du zuen lan egiteko eran?
E: Elkarlanari esker bestelako gaiak lantzen hasi ginen. 2012an, Gallardon abortatzeko eskubidearen legea aldatzen saiatu zenean, gure baliabideekin mugimendu feministako kideei laguntzen hasi ginen eta jabetu ginen gure jardunean begirada feminista txertatzeak duen garrantziaz. Ordutik aurrera hainbat ekintza antolatzen hasi ginen, feminismoa eta intersezkionalitatea kontuan hartuta.
Gaur egun, zeintzuk dira zuen lan-ildoak?
E: Antolatzen ditugun jarduera guztiak lau ildotan biltzen dira: komunikazio feminista eta antiarrazista, autodefentsa feminista, artea eta feminismoa, eta euskara. Tailerrak, hitzaldiak eta ikastaroak antolatzen ditugu urte osoan zehar.
Zein da emakume etorkinen egoera mugimendu feministan?
E: Emakume migratzaileek jasaten dugun zapalkuntza bikoitza da, eta asko oso egoera zailean daude. Zure premiazko beharrizanak ez badaude asebeteta, ez badaukazu lanik ezta egonkortasunik, ez badaukazu paperik… ez duzu astirik izango bilera batera joan edo proiekturen batean parte hartzeko. Azkenengo bost urteotan ikasi izan dugu emakume migra-tzaileak hainbat kolektibotan parte hartzen hasi direla. Gure ustez, ahaleginak eta bi egiten ari dira bertan egoteko. Ez ditugu baliabide eta aukera berberak eta sarritan leporatzen digute ez dugula parte hartzen.
Nola finantzatzen dituzue Ecuador Etxeko proiektuak?
D: Duela bi urte ekonomikoki hondoa jo genuen. Argindarra ordaintzeko dirurik ere ez genuen, eta familian diru eske ibili ginen. Orduan gure inguruan laguntza eta babesa ere eskatu genuen. Azkenaldian GKE askok komunikazio lanak egiteko kontratatzen gaituzte, eta horrek ekonomikoki asko laguntzen gaitu.
Dirulaguntzak jasotzen dituzue?
E: Urtean bi baino ez, proiektu jakin batzuetarako. Eskatzeari uztea gustatuko litzaiguke, baina orduan ezingo genieke hitzaldiak eta tailerrak ematera datozenei duintasunez ordaindu.
D: Egunero egiten dugun lana sei hilabeterako jardunaldi erdi batekin aurrera ateratzen dugu, nahiz eta benetan bi pertsona garen urte osoan eta egun osoan lan egiten. Askotan igande arratsaldeak baino ez ditugu libre.
Zeintzuk dira epe luzerako helburuak?
D: Gure asmoa ez da haztea, baizik eta orain arte egindako lanarekin jarraitzea, bizitzeko beste irabaziz sikiera, ez egoera prekarioan.
E: Egiten dugun lana hobetzea eta Bilboko kolektiboek egiten duten lanari balioa eranstea. Orain ikus-entzunezkoetan trebatzen ari gara komunikatzeko era berrietara moldatzeko.
Harremana duzue Deustuko gainerako taldeekin?
D: Proiektua martxan jarri genuenean Bilbora jo genuen Deustura baino lehen, eta horregatik berandu hasi gara harremanak ehuntzen. Sare sozialen bitartez, Pareren berri izan genuen, haiei esker Gazte Lokalera hurbildu ginen, gero Berbaizu ezagutu genuen… Atzekoz aurrera egin genuen saretze prozesua, Deustutik hasi beharko genuen eta ondoren Bilbora jo.
Eta Ekuadorrekin, harremananen bat duzue?
E: Lehen nazioarteko lankidetza proiektu txikiak genituen, Sierra Norteko emakume indigenen parte hartze politikoa indartzeko. Oraindik ere haiekin kontaktuan jarraitzen dugu, bertan gertatzen denaren berri jasotzeko.
Zein da Ekuadorreko egoera gaur egun?
E: Gobernuarekin akordioa lortu ostean, protestak baretu egin ziren. Hala ere, gobernuak oraindik Nazioarteko Diru Fun-tsaren betekizunak konplitu behar ditu, berak agindu baitzion protestak piztu zituen dekretua martxan jartzea. Ekuadorrek zor handiak ditu beste herrialde batzuekin, NDFri maileguak eskatu dizkio, eta lehenago edo geroago erreforma ekonomikoak egin beharko ditu. Orain dela gutxi mobilizazioen buru izan den mugimendu indigenak neurri alternatibo batzuk proposatu dizkio gobernuari, klase popularrari kalterik egingo ez lioketeenak. Bestalde, fiskaltzak mugimendu indigenaren buruzagi asko salatu ditu, sabotajea eta terrorismoa egotzita.
Ondoren Txileko protestak piztu ziren, aurretik Haiti eta Argentinakoak, orain Boloviakoak eta Kolombiakoak… Ba al dute harremanik?
E: Ekuadorren eta Txilen proposatutako erreformak luze egozten egon den egoera eztandarazi duen txinpartak baino ez dira izan. Hona informazioa heltzen ez bada ere, herrialde horietan urteak daramatzate protestetan. Aldi berean, eskuinak Amerikan gorakada handia izan du (AEB, Brasil…) eta jendea erantzuten ari da.
Zein da komunikabideen rola?
E: Ekuadorren herri komunikazio sare indartsua dago, eta horren bitartez izaten dugu gertatutakoaren berri. Ezin gara fidatu kominkabide pribatu zein publikoekin.
D: Ahalegin handia egin behar dugu iturri fidagarriak bilatu eta informazioa sailkatzeko, batez ere, urruneko errealitateak hizpide badituzte.
E: Hemendik Latinoamerikako egoeraren inguruko kritika egitea oso zaila da. Askotan buruzagiak idealizatzen ditugu eta prozesuak ahaztu. Ekuadorren, esaterako, hori gertatu zen. Orain gutxi arte ia ezinezkoa zen Movimiento Revolución Ciudadana (Iraultza Hiritarraren Mugimendua) eta Rafael Correaren kudeaketa kritikatzea, petroliorekin eta meatzaritzarekin lotutako hainbat proiektu sustatu zituen arren.
Ecuador Etxeko Evelyn Morales eta David Buitron