Arangoitiko bizilagunek erabilera anitzeko gunea aldarri

prestaldizkaria 2019ko abe. 2a, 13:12

Urriko PREST! aldizkarian (206. zenbakia) iragarri bezala, Arangoitiko merkatu zaharraren erabilera auzoko premien lehen lerrora itzuli da. Bilboko Udalak ia 30 urte hutsik daramatzan lokala auzokideen esku utziko zuela agindu zuenetik lau urte igaro dira, baina mugimendurik egon ez dela salatu du Arangoitiko elkarteen koordinakundeak.

2015eko udal aurrekontuetan onartu zen merkatua birgaitzea, lan horretarako langabe bilbotarrak kontratatzeko konpromisoarekin batera. Bilboko hiru-lau udal eraikin birgaitzeko konpromisoa hartu bazen ere, lan gehienak egin gabe geratu ziren, Arangoitikoa tartean. Kasu honetan 426.000 euroko aurrekontua zehaztu zen.

“Frustrazioa” aipatzen du Bihotzaran auzo elkarteko eta Arangoitiko Elkarteen Koordinakundeko kide den Angel Prietok merkatuaren birgaitzeaz hitz egitean. Izan ere, 2015eko aurrekontuetan onartu zenean, “dena eginda zegoela” pentsatu zuten, hilabete gutxiren buruan espazioa auzotarrentzako irekiko zela. Ez zen horrela izan, inondik inora, eta ordutik auzokideek Ganekogorta kaleko eraikina erabilera anitzeko zentro bilakatzea dute aldarri.

Egun Udaltegi funtzioa betetzen duen Agirre baserria (Aranekobidea, 37) txiki geratzen da auzoko 13 elkarteentzako eta auzoko bizilagunentzako. Horregatik, hemendik aurrera elkarteen koordinakundeak hartuko du erabilera anitzeko espazio berri baten premia lau haizetara aldarrikatzeko ardura. “Beharrizan handia dago, eta guztion artean borrokatuko gara”, azaldu dute.

Euren eskakizuna lokala berritu eta auzokideen esku uztea da, eurek kudeatu dezaten. Proposamen hori ez omen zaio gustatu Udalari, Haize Alde Kultur Elkarteko kide den Garbiñeren hitzetan. Horregatik urriko Udaleko Osoko Bilkuran Elkarrekin Podemosek antzinako merkatua birgaitu eta erabilera anitzeko udaltegi bihurtzeko mozioa aurkeztu zuenean EAJk eta PSEk proposamena aldatu eta bertara Nagusien Etxea eramateko mozioa aurkeztu zuten.

Auzokideek, kontrara, gaiak ez nahasteko eskatu dute. “Oso gai desberdinak dira”, esan digu Prietok, udalak eztabaida nahasi eta fokua aldatu nahi izan zuela gaineratzearekin batera. Nagusiek orain erabiltzen duten lokalean jarraitu nahi dute, baina lanak behar dituzte eraikinean horretarako, besteak beste, igogailu bat. Merkatu zaharra birgaitzekotan, hor ere biltzeko aukera izango lukete, baina lehentasuna “dauden lekuan jarraitzea da” nagusi eta bizilagunentzako.

Egun, Udalak azpikontratatutako Tecuni enpresaren biltegi gisa erabiltzen da antzinako merkatua. Garbiñek ironiaz kontatu digu nola Bilboko argiztapenerako material guztia Arangoitin gordetzen den, “Gabonetan auzoan argi bakar bat ere pizten ez duten bitartean”.

 

Nagusien Etxea

Auzokide guztiek bezalaxe, nagusiek ere espazio egoki eta irisgarri baten premia dute. Egun BBK-ren lokala erabiltzen dute, baina bankuak uda aurretik erabaki zuen gizarte ekintza itxi eta zahar etxea bertan behera uztea. Geroztik, Arangoitiko Luisa de Marillac elkarteak hartzen ditu bere gain lokalaren gastu guztiak (ura, argindarra, alokairua, berogailua…), BBK-k espazioaren erabilera utzi baitie. Elkarteak, ordea, ezingo die luzaroan gastuei aurre egin, proiektu asko baitituzte esku artean, baina “dirulaguntza gutxi”.

Udalak nagusien auzoko elkartea sortu eta horren bitartez dirulaguntzak eskatzeko proposatu zien, eta horretan dabiltza. Hala ere, lokalak irisgarritasun arazoak ditu, eskailerak igo behar baitituzte erabiltzaileek. BBK-ren eraikinean igogailu bat jartzeko 66000 euroko aurrekontua beharko lukete, eta momentuz Udala ez da laguntzeko prest agertu. Gainera, oraingoz lokalak BBK-rena izaten jarraitzen du, erabilera auzoko nagusien elkarteei laga badio ere.

Lanak egingo ez balira eta orain BBK-rena den eraikinean jarraitzea ezinezkoa balitz, balizko udaltegi berrian (merkatu zaharrean egingo litzatekeena) nagusientzako lekua ere egongo litzatekeela azaldu digu Angelek. Horregatik, azpimarratu du, “argi dago auzotarrok kudeatzeko espazio honen beharra”.

Hurrengo urratsak

Esan bezala, erabilera anitzeko espazioa eskuratzea izango da arangoititarren lehentasuna datozen hilabeteotan. Elkarteen koordinakundeak hartu du gai hau jorratzeko ardura, premia handia duelakoan. Laster adierazpen publikoa kaleratuko dute eskakizuna bizilagunen artean zabaldu eta Udalari helarazteko. Sinadura bilketa ere abiatuko dute, eta abendu edo urtarrileko Udaleko Osoko Bilkuran aurkeztuko dituzte bildutako babesak. 

Hamaika aldarri gehiago

Merkatua birgaitu eta auzotarren esku uzteaz gain, Arangoitiko bizilagunek hainbat eskakizun dituzte oraindik bete gabe. Esaterako, Egileor kalearekin egin bezala,  oinezkoentzako kale gehiago nahi dituzte, eta ibilgailuak auzoaren erdigunetik atera. Horretarako, lehendabizi aparkaleku eskasen egoera konpontzea nahi dute. Estazio elektrikoan parkinga egitea da euren proposamena. Irisgarritasunarekin lotuta, “auzoaren erdigunera” joateko igogailu baten beharra azpimarratu dute Bihotzaran auzo elkarteko kideek. Izan ere, oraingoak etxe multzo jakin batera joateko bakarrik balio duela salatu dute, baina “ez auzoko erdigunera hurbiltzeko”.

Arangoitiko maldan egiten ari diren parkeak ere zalantzak eta kezkak piztu ditu auzokideen artean. Asko borrokatu ostean, goi tentsioko linea elektrikoa lurperatzea lortu zuten, hasiera batean parketik oso gertu igaroko baitzen, hiru metro eskasera. Parkean bertan komun publikoa jartzeko konpromisoa hartu zuen Udalak, baina azkenean etxebizitza multzo baten alboan jarri dute, agindutakoaren kontrara. Parkea oraindik amaitu gabe dago eta ez dakite zelan geratuko den, baina nahiko lituzketen hobekuntza batzuk badituzte gogoan, esaterako, behatoki bat edo ariketak egiteko gune bat izatea.