David Gonzalez: "Musikari ezin diot gehiago eskatu"

prestaldizkaria 2020ko urt. 9a, 12:02

Irudia: Galder Izagirre

PREST! aldizkariaren 93. zenbakian, 2009ko ekainean, elkarrizketa egin genion musikari deustuarrari. Berri Txarrak taldeko baxu-jotzaile izatera igaro zen orduan. Hamar urte geroago, berriz elkartu gara etapa horren itxieraz mintzatzeko.

Evirus69, Pi LT, Cobra, Berri Txarrak, kolaborazioak... ibilbide luzea duzu baxua eskuetan. Musikaren bide honetan momentu kuttunik daukazu?

Asko daude, baina, beharbada, Pi L.T. taldearen deia jaso nuen momentu hori izango da bereziena. Oso ondo gogoratzen dut: taldearen zale amorratua nintzen, oso gaztea, musika munduan dena egiteke neukan, eta beraiek eman zidaten aukera bat. Inflexio puntua izan zen, hortxe hasi baitzen musika munduan nire ibilbide profesionala eta gehien betetzen ninduen horretaz bizitzeko aukera.

Orain hamar urte hasi zinen Berri Txarraken. Zenbat aldatu da taldea urte guzti hauetan?

Ba, suposatzen dut musikalki behar bezainbeste, batez ere, horrenbeste urtez iraun dugulako. Modu berean ulertzen genuen musika eta asko ikasi izan dugu batak bestearengaindik. Hiruron artean egindako ekarpena oso garrantzitsua izan da. Argi genuekan nolakoa izan behar zuen talde baten arimak, horregaitik nortasun musikala eraikitzeko “eltzea higitzea” ezinbestekoa izan da beti.

Zer irudi zenuen taldeaz bertako baxu-jotzailea izan aurretik?

Egia esan, ez nintzen taldearen jarraitzailea. Nola ez, taldea ezagutzen nuen eta asko miresten nituen haien ibilbidea eta musikarekin zeukaten konpromisoa. Nik modu berean ulertzen nuen musika, beraz, deia jaso bezain laster, abestiak ikasten hasi eta taldearen trebeziaz jabetu nintzen. 

Imajinatzen zenuen zure burua 25.000 pertsonaren aurrean jotzen?

Bai. Txikitatik oso argi izan dut nire lekua oholtza gainean zegoela eta horren bila joan naiz beti. Nerabe nintzenetik milaka pertsonen aurrean jotzen ibiltzea amesten nuen eta hori lortu ondoren, konturatu naiz berdin didala zenbat gende daukadan aurrean. Nire bizitzari zentzua ematen dion hori eszenatoki baten gainean dago, aurrean pertsona bat edo hamaika egonda ere.


Zer eman dizu hamaika urteko bide honek?

Jakituria, esperientzia, musikari eta pertsona moduan heldutasuna, amets asko egia bihurtzeko aukera, lagun berriak... Era berean, arriskuez jabetzeko eta zer ez nuen izan nahi jakiteko ere balio izan dit. Bidaia liluragarri honetan iparra galtzea nahiko erraza da tamalez, eta hori ikusi ondoren, argi daukat bai bizitzan, bai inguruarekin nor eta nolakoa izan nahi dudan. 

Cobra taldea sortu zenuen Berri Txarraken jotzen hasi baino hiru urte lehenago. Nolakoa izan da biak uztartzea?

COBRA alternatiba musikal bat moduan sortu zen eta hasieratik inolako betebehar edota helbururik ez izatea izan da horrenbeste irauteko sekretua. Laurok lantalde moduan funtzionatzen dugu eta norbaitek huts eginez gero, ez da ezer gertatzen. Nire kasuan, nahiz eta azkenengo hamaika urteetan nahiko lanpetua ibili naizen, bi disko eta EP bat grabatu ditugu eta disko bakoitzeko birak egin ditugu. Agian, ez nahi beste, baina tira, modu batean edo bestean eutsi diogu.  

Guzti horregaitik zorretan sentitzen naiz taldearekin eta, BTX bukatu zenetik, taldeari zor diodan guztia bueltatu nahi diot, eta horretan gaude buru belarri disko berria prestatzen.

Disko berria kaleratuko duzue laster Cobrarekin. Nolakoa izango da?

Orain dela gutxi iragarri dugu datorren urterako disko berria prestatzen ari garela eta horrekin batera teaser moduko bat aurreratu dugu non suge baten azalberritzea ikus daitekeen. Hori da ideia, talde bezala gure hazkuntza eta bilakaerara egokitzen den azalberritze musikal bat. Bertan riff itsaskorrez beteriko abesti indartsuak aurkituko ditugu, baita orain artean esploratu gabeko bide berriak ere. 

Amaiera bira intentsoa egin duzue BTXekin. Hitz batean laburtuko zenuke?

Gazi-geza.

Zer sentitu zenuen azken kontzertuan?

Taldea bukatuko zela aspaldi nekien, Denbora Da Poligrafo Bakarra diska hirukoitzaren bira amaieran ohartu nintzen amaiera hurbil zegoela. Beraz, denbora izan nuen errealitate horri aurre egiteko. Gero Ikusi Arte bira heldu zen eta amaiera horri data zehatza jarri genion. Harrez geroztik, nire burua prestatu dut azaroaren 23an gertatuko zena kudeatzeko. Sentipen guztiak alde batera utzi nituen eta taula gainean beti egin dudan hori egiten saiatu nintzen, jarraitzaileekin esker onekoa izaten eta disfrutatzen, besterik ez.

Nola azalduko zenuke azken urteotako, eta, batez ere, azken hilabeteetako arrakasta?

Ez dut uste gertatutakoa taldearen ohiko errealitatea izan denik. Nahiz eta goranzko ibilbidea izan dugun eta, alde horretatik, talde arrakastatsua izan, zoramen horrekin zerikusi handiagoa izan du amaierak ekarritako ikusmirak. 

Berri Txarrak taldearen kontzertuak gertaera sozialak bihurtu dira eta azkenengo bira honetan zuzenekoetara “joan behar zelako” mezua hedatu da. Dena den, egia da hori lortzea oso zaila dela eta uztea erabakitzen duten hainbat taldek ez dutela horrelako erantzunik jasotzen. BTX-i, ordea, sari hori jasotzea tokatu zaio eta 25 urteetan izandako jarraitzaile leial guzti horiei eskerrak baino ezin dizkiegu eman, beraiekin zorretan gaude betirako.

Azaroaren 24tik, denbora libre gehiago duzu. Zertan ematen ari zara?

Oraintxe bertan buru belarri nabil COBRAren disko berriarekin, horren ostean zuzenekoen txanda helduko da. Hori izango da nire lehentasuna datozen hilabeteetan.

Proiektu berririk duzu buruan?

Zerbait badut buruan, baina oraingoz formarik gabe... Ikusiko dugu zer ekartzen digun etorkizunak!

Bira luzeen ostean, etxera bueltatzen zarenean, zer egitea gustatzen zaizu?

Normalean asko kostatzen zait berriz ere nire burua kokatzea eta etxean edo gertuko errealitatean dagoen erritmo lasaiari edota eguneroko ohikeriari aurre egitea. Biratzea asko maite dut eta bertan izaten ditugun bizipenak eta erritmo aldaketek bizirik nagoela sentiarazten naute. Ez da erraza izaten buelta horiek kudeatzea. Normalean, aukera badut ihesaldi txikiak egiten ditut opor gisan, kolpea arintzeko.

Leku eta agertoki oso desberdinetan jo duzu. Non sentitzen zara erosoen? Non gozatzen duzu gehien?

Denbora eta esperientziarekin ikasi dut agertoki edo leku guztietan disfrutatzen. Aukeratu behar badut, nahiago ditut leku txikiak. Jendea gainean izatea gustatzen zait eta guztion artean sortzen dugun magia hori gertutik bizitzea.

Zertan dira bereziak BTXen zuzenekoak?

Bakoitzak bere iritzia izango du, baina niretzako aurrean izan ditudan zaleak eta alboan izan dudan lantaldea izan dira beti.  Goian egoteak eta jendearen maitasuna jasotzeak ez dauka parekorik, oso harro eta zoriontsu sentitzen naiz horrelako zaleak izateagaitik. Bestalde, hamaika urte hauetan alboan izan dudan lantaldea, beraiek izan baitira askotan guzti hau aurrera ateratzeko bultzatu dutenak. Ikusten ez den lan garrantzitsuenetariko bat beraiek egin izan dute, zuzenekoen parte bat berezia bihurtuz. 

Kolaborazioak eta elkarlanak ere asko egin dituzu. Baten bat azpimarratuko zenuke? 

Oso oroimen polita daukat Atom Rhumba talderarekin egin nituen Amateur Universes biraren azkenengo kontzertuez. Aste bateko epearekin deitu ninduten eta baiezkoa eman nien. Hogeita bost abesti inguruko errepertorioa bost egunetan ikasi nuen eta entsegu bakarrarekin aurre egin nien kontzertuei. Dibertigarri bezain eroa izan zen.

Norekin jotzea gustatuko litzaizuke?

Asko daude eta ia gehienak ezinezkoak lirateke, beraz, ez ditut ezta aipatu ere egingo. Nahiago dut jo ditudan guztiekin gelditu. Askotan pentsatzen dudan gauza bat da, nire 25 urte baino gehiagoko ibilbide guztian zehar inoiz ez dut gustatzen ez zaidan inorekin jo, grabatu edo dena delakoa eta hori ez da gauza erraza musikaren mundu honetan. Oso zorionekoa izan da nire ibilbidea. 

Eta non? Egon ez zaren agertokiren batean jotzea gustatuko litzaizuke?

Zerrenda amaigabea izango litzateke.... Dena den, ez naiz kexatuko, musikari ezin diot gehiago eskatu! 

Berri Txarrakek izugarrizko proiekzioa izan du mundu mailan, nahiz eta euskaraz kantatu. Nola ikusten duzu hori? Zailtasunik izan duzue euskaraz abesteagatik?

Galdera hau askotan egin digute eta bitxia da erantzun baten bila hausnarketa egin ondoren konturatzea etxetik eta gertuago egoten garenean, hizkuntzaren egoera orduan eta gehiago aipatzen dela. Kanpoan gaudenean inori ez zaio arraro egiten gure hizkuntzan abestea, areago, jakin-min handia erakusten dute gure kultura eta hizkuntzaren inguruan. Adibide gisa, Bill Stevenson, Steve Albini edota Ross Robinson ekoizle famatuek normaltasun osoz ikusten zuten euskaraz abestea eta inoiz ez ziguten ezer galdetu.

Egia da munduan zehar zure musika zabaltzeko euskaraz abestea ez dela aukerarik komertzialena, baina beti pentsatu dut talde honen nortasunaren zati garrantzitsu bat hizkuntza dela. Beti esan digute “inglesez edo gaztelaniaz abestuko bazenute....” eta nire ustez horrela izanda talde honen ibilbidea eta lorpenak guztiz desberdinak izango ziren; ez dut uste horren urruti ailegatuko ginenik.

Plentziako Mikrofilm festibala antolatzen ere aritzen zara, eta Cobra taldean eragina handia daukate akzio pelikulek eta filmek. Nola uztartzen dira musika eta zinema?

Musika zein zinea historian zehar eskutik joan diren bi disziplina artistiko dira. COBRAren kasuan, argi izan genuen hasieratik bi mundu hauek nahasteko asmoa. Abestiek iradokitzen digutenaren arabera, pelikuetan oinarritutako hitzak idazten ditugu. Dena den, azkenengo diskan, premisa matendu arren, bestelako letrak idazten hasi ginen taldearen mezuak era askotarikoak izate aldera. 

Futbolean ere aritu zinen gaztetan, eta Athleticen jokatzeko aukera izan zenuen, baina baxu-jotzaile izateko utzi zenuen. Argi zenuen honaino iritsiko zinela?

Lezaman probetan ibili nintzen, baina pasadizoan bakarrik. Garai hartan, baxua jotzen hasi nintzen eta futbolean aritu baino nahiago nuen lagunekin lokalean abestiak egiten egon. Horren ostean lehenengo kontzertuak eta grabaketak etorri ziren eta nahi gabe jarraitu nuen, era oso naturalean. Ez nekien noraino iritsiko nintzen, baina argi neukan nire lekua eszenatoki baten gainean zegoela. Abiapuntu horrekin eta iraunkortasun eta zorte pixka batekin gertatu da. 

Orain 10 urte, BTXen jotzen hasi zinenan, elkarrizketa egin genizun PREST! aldizkarian. Jarraitzen duzu, modu batean edo bestean, Deusturekin harremana mantentzen?

Bai, zuek izan zineten elkarrizketatu ninduten lehenengoak, nire amak oraindik gordetzen du alea. Plazerra da niretzat zuekin zirkulu hau ixtea, are gehiago Deustuko aldizkaria izanda, tomateroak! Nahiz eta gaur egun ez naizen bertan bizi, maiz joaten naiz gurasoei bisita egitera!