Erribera Auzo Elkarteak Yolanda Gonzalez omenduko du bere erailketaren 40. urteurrenean

uriola.eus 2020ko urt. 27a, 08:09

Batallon Vasco Español talde paramilitar espainiarrak 1980. urteko otsailaren 1ean Yolanda Gonzalez deustuarra bahitu eta erail zuen Madrilen. Erailketaren 40. urteurrenean Deustuibarrako Auzo Elkarteak, Bekoerri Kultur Elkarteak eta Bizinahi Auzo guneak omenaldia antolatu dute urtarrilaren 31n, ostirala, Deustuko Erriberan.

Datorren otsailaren 1ean 40 urte beteko dira Batallon Vasco Español erakunde paramilitarrak Yolanda Gonzalez, 19 urteko deustuarra,  bahitu eta erail zuenetik. Urtarrilaren 31n Yolanda eta bere familia omentzeaz gain, otsaila osoan zehar ikusgai egongo den "1980-2020 Yolanda Gonzalez gogoan" erakusketa antolatu dute Deustuko Erribera eta Zorrotzaurreko Auzo Elkarteak eta Bekoerri eta Bizinahi kultura elkarteek. 

Egitarauari dagokionean, ostiralean arratsaldeko 18:00etan omenaldia egingo da Deustuko Erriberako Yolanda Gonzalez plazatxoan. Horrekin batera Yolandari eskainitako mural berria ere inauguratuko dute. Ondoren, 18:30ean Bizinahi Auzo Guneko bigarren pisuko erakusketa aretoan hilketaren inguruko hamaika panelez osatutako erakusketa aurkeztuko dute. 

Hamaika panel horiek osatu ahal izateko, garaiko prentsak argitaratutako (Egunkaria, Gara, Deia, El Correo...) eta Lazkaoko Beneditarren liburutegian artxibatutako esku-orriak erabili dituzte. Omenaldiarekin amaitzeko, "Yolanda en el pais de los estudiantes" bideo emanaldia eskainiko dute Bizinahin baita amaitzean, askari bat ere.