Barre-algaraz, poztasunez eta bertsoz betetako saioak izan dira, ezpainak zerbeza bitsez bustitzen ditugun bitartean entzutekoak.
Aurten, gainera, bertso eskolaka kantatzeko aukera eman diegu bertsolariei, hala nola, Albe bertso eskolako kideei edota Lili bertso eskolako kideei eta, nola ez, gure buruari; Elorriko kideok ere aritu baikara mikrofonotik kantari.
Bertsolariak ere, hala esan izan digutelako saio-osteko afarietan, gustura egon dira, eta ondo pasatu dute, beraz, nola ez gara gustura geratuko gure lana egin ostean hau entzuten badugu.
Hala ibiltzen gara gu ere: pozik eta gogotsu Deustuko Herriko Tabernako mahaiaren bueltan ariketak prestatzen eta ahalik eta jolas onenak antolatzen saioetarako, hurrengo emanaldian bertsolariek zer ekarriko duten zain. Normalean, ideiaz beteta joaten gara prestaketetara, baina gertatu zaigu ideia horiek garatzeko zailtasunak izatea. Gainera, saio bakoitzak gai propia bat dauka, eta taberna gaira egokitzea gustatzen zaigu, hau da, egun horri dagozkion apaingarriak jartzen ditugu atzealdean. Orduan, noizbait gertatu egin zaigu hori apaintzeko ideiarik ez edukitzea, eta, azkenengo momentura arte, estu eta larri ibiltzea. Denbora eskatzen duen lana da, baina antolatzaileok beste zeregin batzuetan jardun arren, beti ateratzen dugu tartetxoa Aferak aurrera atera dadin, eta dena behar bezala edo, gutxienez, ahal bezala irten dadin; ez zaigu ilusiorik falta!
Orokorrean harrera ona eduki dute saioek, eta jendetsuak izan dira, baina data zehatz batzuetan ez da horrenbeste bete Herriko Tabernako atzeko aldea, batik bat, Oktoberfest dela-eta edo abenduko azterketak eta ospakizun desberdinak direla-eta. Dena dela, dauden entzuleak egonda, oso giro beroa sortzen da eta gustura eta etxean lez kantatzeko moduko plaza bat sortzen da denon artean.
Laster agur esan beharko diogu aurtengo edizioari. Otsailaren 6an edukiko dugu azkenengo zita. Ahalik eta giro goxoenean agurtu nahi dugu hirugarren denboraldia, eta horretarako Asier Alcedo, Ander Ucelay, Josune Aramendi eta Aissa Intxausti etorriko dira gurera. Datorren urtean ere bueltatuko gara bertsoz gainezka eta irrikaz, badaukagu-eta zer kontatu!
Otsaileko bigarren larunbatean ere kantari
Dena ez da ostegun iluntzeetako kontua, izan ere, Otsailaren 8an berriro ere batuko gara Deustuko Herriko Tabernan, baina oraingoan zu egotea nahi dugu; zuri bidaltzen dizugu gonbidapena! Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe ibiliko dira kontu-kantari oholtza gainean, eta seguru bazkaloste zoragarria eskainiko digutela bertso eta kopla artean!
Beraz, badakizu, zu deustuar, zu ez deustuar, zu bertsozale, zu ez hain bertsozale… bai, zu, beso zabalik hartuko zaitugu otsailaren 8an!
Bitartean, ea zer afera ekartzen digun aurretik datorkigun otsail epel honek! Segi bertsoaz gozatzen eta bertsoa osatzen!