uriola.eus

“Eman diodana baino askoz gehiago eman dit magiak”

  Jendartea  Deustualdea

Hamabost urte zituela ikusi zuen magia saio bat telebistan lehen aldiz Asier Martinez Seoanek (Deustu, 1998). Zur eta lur geratu zen pantailaren aurrean eta segituan aititeren karta-sorta hartu eta praktikatzen hasi zen. Geroztik ez ditu kartak askatu eta ikasten eta trebatzen jarraitzen du etengabe.

Nola hasi zinen magiaren munduan?

Hamabost urte nituela, Gabonetan, telebista ikusten ari nintzen eta bat-batean mago bat agertu zen. Zeharo harrituta geratu nintzen eta programa amaitu bezain laster, aititeren karta-sorta hartu eta praktikatzen hasi nintzen. Hasieran trukoak asmatzen nituen eta lehengusuei egiten nizkien. Gero magia ikasteko liburuak aurkitu nituen, kongresuak... Pixkanaka mundu honetan sartu nintzen.

Non eta nola ikasi duzu?

Nire kabuz ikasi dut, orduak eta orduak ematen. Emanaldietan jende asko ezagutu dut eta esperientzia guztietatik asko ikasi dut.

Ba al dago magia eskolarik inguruan?

Bai, Bilbon Fábrica de Magos izeneko eskola dago, baina nik nahiago dut autodidakta izan. Era horretan askeagoa sentitzen naiz artea sortzeko eta nire estilo propioa eraikitzeko.

Zer-nolako erreakzioa izaten du jendeak magoa zarela diozunean?

Normalean, ez badidate galdetzen ez dut esaten magoa naizenik, apur bat harroa litzatekeelako. Kontatzen dudanetan, beti eskatzen didate magia truko bat egiteko.


Oro har, zelako irudia dugu magoen gainean?

Orokorrean, arte diziplina guztiak gutxietsita daudela uste dut. Hala ere, magia gero eta ezagunagoa da, telebistan eta irratian asko ematen dutelako eta horrek aitortza ematen dio. 

Zein da zure espezialitatea?

Gertuko magia egiten dut, publikoa metro bat edo bira dagoelako. Zirraragarriagoa da, horregatik gustatzen zait. Aretoetan ere egiten ditut saioak, baina hurbilekoa maiteago dut.

Magia poetikoa ere egiten duzu. Zertan datza?

Egoera bat sortzen dut magia egin bitartean istorio bat kontatzeko. Musika ere baliatzen dut horretarako. Hilabeteak hartzen ditut trukoa prestatzen: egun batean poesia idatzi, beste batean musika aukeratu, trukoa pentsatu...

Zer da ilusionismoa?

Nik magia eta ilusionismoa bereizi egiten ditut. René Lavand (Argentina, 1928) mago ospetsuak esaten zuen magia artistaren lilura dela, eta horren bitartez publikoarekin komunikatzen da. Kartekin eta txanponekin trukoak egitea ilusionismoa da nire ustez. Antzerkigile batek edo musikari batek magia sortu dezake, eta egun magia deitzen den hori litzateke ilusionismoa.

Zein izaten da zure publikoa?

Askotan jaietan antzezteko deitzen naute: urtebetetzeetan, jaunartzeetan, ezkontzetan… Kasu horietan magia deskribatzailea egiten dut, haurrek arreta mantendu dezaten. Nire emanaldietan saioaren zati batean magia deskribatzailea egiten dut eta azkenengo trukoa poesiarekin egiten dut. Bilboko jaietan eta antzokietan ere egin ditut showak.

Zer behar du truko on batek?

Lehenengo eta behin, zentzua izan behar du: magoak jakin behar du zergatik eta zein testuinguruan egiten duen. Bestalde, harrigarria izan behar du, txundigarria, eta emozio bat sortu behar du. Azkenik, ezinezkoa eman behar du, eta ikuslea errealitatetik apur bat aldendu, gauzak beste ikuspuntu batetik ikusten laguntzeko.

Eta mago on batek?

Ondo jakin behar du zergatik egiten duen magia eta hori ikusleei transmititzen jakin behar du. Sentimenduak ere adierazi behari ditu, barruan duena atera, eta ezinezkoa den zerbait erakutsi.

Zer da Zero H?

Nire izen artistikoa da. Ez dut azaltzen zer esan nahi duen, nahiko pertsonala delako, baina hasiera esan nahi du: zerotik hastea. Magiaren munduan hastea asko kostatu zitzaidan eta izenak nondik natorren eta hau zergatik egiten dudan gogoratzen laguntzen dit.

Nolako presentzia dauka magiak zure egunerokotasunean?

Magiari esker gauzak etengabe zalantzan jartzen ikasi dut, ezer jakintzat ez ematen eta arazoak hainbat ikuspuntutik begiratzen.

Zer transmititu nahi duzu magiarekin?

Askotan ez dakizu zer egun pasa duen aurrean daukazun pertsonak edo zer-nolako bizipenak izan dituen, eta saioetan errealitatetik deskonektatzen laguntzen diet erakusteko arazoak beste era batera planteatu daitezkeela eta, akaso, esperantza apur bat ematen diet .

Nolako gaiak lantzen dituzu saioetan?

Orain denboraren inguruko saio bat prestatzen ari naiz, oso presente dudalako nire egunerokotasunean. Hausnartzeko gaiak aukeratu ohi ditut, oso unibertsalak: denbora, bizitzaren norabidea...

Nolakoak dira zure showak?

Nire bereizgarria da gai zehatzak lantzen ditudala trukoetan. Sakontzen saiatzen naiz, azalean ez geratzen. Mago gehienek ez dute mezu zehatzik helarazten haien ikuskizunetan, magia deskribatzailea egiten dute soilik. Beste berezitasuna da poesia eta musika oso presente ditudala saio guztietan.

Zer da publikoari gehien gustatzen zaiona?

Gauza ezinezkoak egitea. Ni beti saiatu izan naiz istorioak kontatzen magiaren bitartez, baina jendeak bilatzen duena ezinezkoa den truko bat ikustea da, eta ez jakitea nola egin den.

Zein da magiaren publikoa?

Ez dago publiko mota zehatzik, lau edo sei urtetik aurrera edonork gozatu dezake magia ikuskizun batekin. Nik gehienetan familien aurrean egiten ditut saioak, urtebetetzeetan eta antzeko jaietan. Antzerkietan, adibidez, jende helduagoa egoten da, sarrera ordaindu behar delako eta horretarako gaitasun ekonomikoa dutelako. Niri helduen aurrean antzeztea gustatzen zait, haurrek lehenago galtzen dutelako arreta.

Zelako eskaintza dago Bilbon magia zaletuentzako?

Pixkanaka gero eta eskaintza zabalagoa dago, baina gustatuko litzaidakeena baino askoz gutxiago. Magia beste arte diziplina bat da, eta gainerako guztietatik edaten du, esaterako, musikatik, antzerkitik... Horregatik uste dut eskaintza handitu daitekeela.

Nolako harremana dauka magiak beste arte diziplinekin?

Mago bakoitzak ematen dio nahi duen lotura. Nik, adibidez, garrantzia ematen diot antzerkiari. Urtebetez arte dramatikoa ikasi dut eta horrek ahotsaren proiekzioa zaintzen laguntzen dit, ondo eszenaratzen, presentzia eszenikoa mantentzen... Musikaren aukeraketari ere arreta handia jartzen diot. Bestalde, gidoia oso garrantzitsua da ikuskizun batean. Nire ustez inprobisatu behar da, bai, baina beti gidoi batekin.

Magiaz bizi daiteke?

Bai. Imanol Ituiño, Bilboko mago oso ezaguna, eta Bizkaiko Magoen Elkareko beste kideren bat magiaz bizi dira. Oso zaila da horretara heltzea, eskaria urtarokoa delako. Maiatzetik aurrera eta udan zehar lan handia dago, baina neguan apenas. Ahalegin handia eskatzen du, zure burua ezagutzera eman, kontaktuak egin...

Gustatuko litzaizuke horretara iristea?

Bai, hori da nire ametsa. Beti esan dut hiru bide daudela bizitzan: jarraitu behar duzuna, jarraitu nahi duzuna eta amesten duzuna. Orain arte erresidentzietan egin dut lan, gizarte- eta osasun-arloko ikasketak egin ditudalako. Hori da gustatzen zaidana, baina pixkanaka amesten dudan bidera eman nahi dut jauzia.

Zertan ari zara orain?
Bilboko Udaleko youtuberra naiz. Hilean behin bideo bat egiten dugu gazteei hirian dauden jardueren berri emateko. Horrez gain, magia ikasteko klase partikularrak ematen ditut eta noizbehinka ikuskizun bat egiteko deitzen naute. Orain buru-belarri ari naiz ikasten, eta orduak eta orduak ematen ditut txanponekin, kartekin eta sokekin praktikatzen.

Erreferenterik?

René Lavand eta Juan Tamariz (Andaluzia, 1942).

Nondik edaten  duzu inspirazio bila?

Zinema ezinbesteko iturria da niretzat. Gero, poesia, musika (Bach, Beethoven...), margolaritza (Dalí, Picasso...)... Arte asko kontsumitzen dut eta hori magiara eramaten saiatzen naiz.

Zein da euskararen presentzia magiaren munduan?

Bilbon nahiko txikia. Udalak kontratatzen nauenean saioak euskaraz emateko eskatzen didate, baina gainerako kasuetan oso gutxi. Bilbotik kanpo, lekuaren araberakoa da. Oraindik ere lan handia falta da euskara eta magia lotzeko.

 

Sakonean

Mugarririk zure mago ibilbidean?

Kongresu batera joan nintzen lehen aldia. Bertan toki askotako magoak ezagutu nituen eta haiekin egoteko aukera izan nuen. Egia bihurtutako ametsa izan zen eta motibazio handia eman zidan. Beste mugarri bat iaz Bilborrocken egindako ikuskizuna izan zen, nire ametsetariko bat antzoki batean aritzea baitzen eta pentsatzen nuen denbora gehiago beharko nuela horretarako. Orain prestatzen ari naizen espektakuluak ere asko markatuko nauela uste dut, baina oraindik ez da gertatu.

Inoiz erabili duzu ilusionismoa arazoren bat konpontzeko edo gaiztakeriaren bat egiteko?

Seguru baietz baina orain ez dut gogoratzen... Agian ez da gauza handia, baina herrian lagunekin kartetan jolasten nagoela bai erabili izan dut trukoren bat kartak aukeratzeko.

Zer ekarri dizu magiak?

Eman diodana baino askoz gehiago: bidaiak, lagunak... Mago askok esaten dute, ezingo diotela inoiz eman magiari jaso duten guztia. Nik berdin pentsatzen dut. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa