Mende erdia hizkuntzak irakasten

prestaldizkaria 2020ko mar. 9a, 11:11

Hizkuntza Eskolako irakasle izandako Marisa Azkoaga eta Arantxa Beaskoetxea

Bilboko Hizkuntza Eskola 50. urteurrena ospatzen ari da ikasturte honetan. Ibilbide luze honetan aldaketak hamaika izan dira: irakasten diren hizkuntzak, irakasteko eta ikasteko metodologia, baliabideak, ordutegiak... Horiek guztiak ondo ezagutzen dituzte Marisa Azkoagak eta Arantza Beaskoetxeak, 70eko hamarkadatik bertan irakasle aritutakoak. Biekin elkartu gara eskolaren bilakaerari buruz sakondu nahian.

Marisa Azkoaga Bilboko Hizkuntza Eskola sortu eta bizpahiru urtera sartu zen ingeles irakasle. Oso ondo gogoratzen du nola izan zuen eskolaren berri. Madrilen fonetika ikastaro bat egiten ari zen irakasleak Bilbon Hizkuntza Eskola Ofiziala irekiko zutela esan zionean. Orduan beste proiektu batzuk zituen eskuartean eta Marian Pikabeak eskola gomendatu zion arte ez zen gerturatzera animatu, bi urte geroago. “Oso eskertuta nago berarekin”, diosku irribarrea ahoan.

Arantza Beaskoetxeak ere oroitzapen politak ditu eskolan euskara irakasle hasi zeneko garaitik. 23 urte baino ez zituen eta Euskara Saila sortu berria zen, 1976an. Bera bi ikasturte geroago sartu zen, 1978an. Gazte izanagatik, ez ditu saileko kideak ahazten. “Oso jende ezaguna eta euskal munduan entzutetsuak” zirela aipatu digu, eta ez da gutxirako. Jabier Uriarte, Mikel Zarate, Eguzki, Belen Olaetxea, Jose Mari Irazola, Juan Mari Iraolagoitia, Adolfo Arejita, Jose Lasa edota Paul Mino izan zituen sailkide, asko ere bere irakasle izandakoak. “Paradisuan sartzea bezala izan zen”, diosku harro.

Ilusio handiarekin hasi zituzten urteok. Ezerezetik sortu behar izan zuten eskola; ez zegoen ikasteko libururik, azterketak egiteko eta ebaluatzeko metodologia bateraturik ere ez, eta euskara batua finkatu gabe zegoen oraindik. “Pentsa, orduan publikatzen ziren liburu eta metodo guztiak gure eskuetatik igarotzen ziren”, azaldu digu Marisak. “Guk, ordea, ez genuen sikiera metodorik. Propio sortu behar izan genituen”, Arantzak. Horregatik uste du hasierako irakasleek oso bere egiten zutela eskola, egungoek baino gehiago, martxan jarri behar izan zutelako. “Etengabe sortzen eta gauza berriak egiten egoten ginen. Orain ematen du gobernuak agintzen duela eta eskolak obeditu baino ez”, dio. 

Hizkuntza Eskola eraikitzeko aukeratutako tokia. 1966ko urria. Txema Luzuriagaren artxiboa.

Aldaketak hamaika

Irakasteko erak, metodologiak edota ikasleak aztertzeko moduak ere zeharo aldatu dira. 70eko hamarkadan klasean ez zuten ez ordenagailurik ez Internetik erabiltzen. “Klasean sartu aurretik magnetofonoa hartzen genuen beti”, oroitzen du Marisak. Gerora telebista ere erabiltzen zuten klaseetan. Hala ere, eskolak bazituen hainbat baliabide ikasleentzako: autoikaskuntza gela, liburutegia, irakurtzeko gela... 

Gaur egun hori dena zeharo aldatu da. Arantzaren arabera, “liburutegira gero eta jende gutxiago joaten da” eta Internet hedatu zenetik kontsulta asko bertan egiten dira, dela ahoskera, dela hiztegia, dela informazioa... Era berean eskola egokitu da aro berrietara: lehengo liburutegia eta irakurgela elkartu eta multimedia gela egin zuten. 

“35 orduko ilarak”

Ikasleen perfila ere zeharo aldatu da. Hasierako urteetan nahiko edadetuak ziren, nagusiei ematen baitzieten lehentasuna izen-ematean. Matrikulazio kanpainek, zer esanik ez, ez dute zer ikusirik behinolakoekin. 1980ko urriaren 10eko La Gaceta del Norte egunkariak jaso zuen Arantzak berak azaldu diguna: jendeak izugarrizko itxaronaldiak egiten zituen plaza lortzeko esperantzarekin. Iritsiera ordenaren arabera hartzen zuten, eta askok gaua igarotzen bazuten ere, ez zeukaten inolako ziurtasunik matrikula lortzeko orduan.

1980ko urriaren 10eko La Gaceta del Norte

Oraindik ere, jende asko geratzen da plaza gabe, baina egoerak hobera egin du. Izan ere, azken 30 urte hauetan hainbat eskola zabaldu dituzte inguruan. 90eko hamarkada arte Bilbokoaz gain ez zegoen beste Hizkuntza Eskola Ofizialik penintsularen iparraldean eta horregatik lekutatik etortzen ziren ikasleak gurera. Marisak ondo gogoratzen du Santanderretik egunero etortzen zen emakume bat, ingeleseko klaseak jaso ahal izateko ahaleginak eta bi egiten zituena.

Areago, Bilboko eskolako irakasleek ere urrunera joan behar izaten zuten beste herrietako ikasleei azterketak egitera. Ekainean eta irailean Gasteiza, Donostiara, Iruñera, Santanderrera eta baita Oviedora ere mugitu behar izaten zuten, hango ikasle libreek titulua eskura zezaten. Euskara sailekoak Madrilera joaten ziren, Hizkuntza Eskola bazegoelako, baina ez euskara sailik. 

Harremanak aldatu dira

Ordutegiei dagokienez, hasieran astean hiru orduko saioak egiten zituzten, astelehen, asteazken eta ostiraletan edo astearte eta ostegunetan banatuta, beti arratsaldez. Orain, bi egunetan lau ordu eta erdiko klasea partitzen dute, eta 80ko hamarkadatik goizean eta eguerdian ere ematen dute klase.

“Arratsalde erdian, seiak inguruan, atsedenaldia egiten genuen eta Herr Weindel idazkari nagusiak irakasleei laranja zukua eskaintzen zien gaixotu ez zitezen”, oroitzen du Arantzak. Irakasleen arteko harremana askoz estuagoa zela azaldu digu, elkarrekin egoteko tartea zutelako. “Orain klase batetik bestera joateko bost minutu baino ez dituzte, eta sail bereko irakasleek apenas ezagutzen duten elkar, ordutegiak direla-eta, ostiraletan baino ez dutelako elkar ikusten”, diosku. “Eraikina bera da, baina harremana asko aldatu da”, erantsi du Marisak. 

Hamaika anekdota

Bai Marisak, bai Arantzak ia bizitza osoa eman dute Hizkuntza Eskolan lanean. Urte guzti hauetan hamaika istorio eta pasadizo bildu dituzte, barre artean gogoratzekoak. Gorbeiako mendi tontorrean topatutako ikasle baten azterketa aurreko zalantzak, etxera itzuli eta konturatu gabe familiarekin ingelesez hitz egiten jarraitzea... Denetarik gertatu zaie.

Biek ala biek maitasun osoz oroitzen dituzte momentu guztiak, arrastoa utzi dutelako esperantzaz. Marisarentzat hunkigarria da ikasle ohiekin topo egin eta benetan haren bizitzan bere alea jarri duela. Ez da lan makala hizkuntza berri bat irakastea, baina denetan inportanteena hizkuntzarekiko maitasuna piztea dela uste du Arantzak. Horrez gaindi, hizkuntzen ezagutza jende guztiaren esku jarri izana pribilegioa izan dela deritzote biek, “kalitatezko hezkuntza, publikoa eta merkea, ez elite batentzat pentsatua”. Aurrerantzean ere eskolak bide horretan jarraitzea espero dute, gero eta eskaintza zabalagoarekin, bai plaza kopuruari dagokionean zein hizkuntza berriei dagokienean. “25. urteurrenean egunkari batean agertu zen eskolaren asmoa italiera, arabiera eta txinera sartzea zela. 25 urtetan italiera eta portugalera baino ez dira sartu, ez daitezela beste 25 urte pasatu arabiera, txinera edo beste hizkuntzaren bat sartzeko”.