Euskara gutxiespen egoeran egoteko arrazoi historikoak aztertu ditu Zaloa Ipiñak, artista bisualaren perspektibatik. Gaiaren inguruan asko irakurri eta ikertu du eta lehen ondorioak plazaratzeko erakusketa muntatu du Euskal Museoan. Bertan hizkuntza aniztasunaren problematika arte garaikidearen bitartez landu du, alderdi historikoari zein soziolinguistikoari helduta.
Bi urte daramatza artista deustuarrak gaiaren inguruan buru-belarri ikertzen, eta aitortu digunaren arabera, zailena izan da lan hori guztia bisualki proiektu artistiko batera bideratzea. Zailtasunak zailtasun, otsailaren 20an inauguratu zuen erakusketa Euskal Museoan. Lehen zatia apirilaren 27ra arte egongo zen ikusgai, baina konfinamendua dela-eta museoa itxita dago, eta ziurrenik luzatu egingo da. Nolanahi ere, erakusketa ez da hor amaituko.
Izan ere, oraindik hizkuntza aniztasunaren inguruan asko du esateko Ipiñak. Dagoeneko erakusketaren bigarren partean ari da lanean, datorren ikasturtean aurkezteko asmoarekin. Besteak beste, hizkuntzaren aniztasuna ekologiaren ikuspuntutik eta hildako hizkuntzen memoria landuko ditu aurrerantzean.
Sei pieza eta liburu bat
Sei piezek osatzen dute Gorreri Bisuala erakusketa, horietatik bost instalazioak. Argazkiak, eskulturak, bideoak eta inpresio digitalak erabili ditu hizkuntzei ezarritako debekuak, zigorrak, aurreiritziak eta mugak aztertzeko. Anillo escolar izeneko instalazioan (nahita gaztelaniaz izendatutakoa) euskaren erabilera zigortzeko metodo hau zazpi argazkiren bitartez azaltzen du. Horien bitartez, terrore linguistikoa, deshistorizazioa, amnesia kolektiboa, genozidio kulturala eta kolonialismo mentala gisako terminoak mahai gainean jartzen ditu.
Etxean arrotz izenekoan, ostera, historian atzera egin eta hizkuntza menderatu eta menderatzaileen rola aztertu ditu. 1349. urtetik gaur egun arte euskararen aurka egindako lege, dekretu eta debekuak irakur daitezke lan honetan. “Zoritxarrez eguneratuz joango den pieza da, Espainia eta Frantziako estatuen aldetik erasoak ez baitira eten”, diosku egileak.
Unibertsaltasunari ere heldu dio Zaloa Ipiñak Gorreri Bisuala erakusketan. Bere ustez, unibertsala eta internazionala izatea uniformetasunarekin nahasten da sarri, eta horrek hizkuntza gutxituak arte garaikidetik baztertu izana ekarri du. Ipiñaren aburuz, ordea, “hizkuntza guztiek balio dute artea egiteko, baita artelanen gaiaren ardatza izateko ere”. Hari horri tira eginez, erakusketaren azken piezak Miguel Torgaren hitzak ekartzen ditu gogora: “Tokian tokikoa, hormarik gabe, hori da unibertsala”.
Erakusketarekin batera, izen bereko liburu bat ere argitaratu du. Bertan, proiektua osatu bitartean ezagututako hizkuntzalari eta historialariek propio idatzitako testuak jasotzen ditu, erakusketako piezek plazaratzen dituzten gaien inguruan. Liburua ez da erakusketaren katalogo bat, beste pieza bat baizik. Autoekoitzitako lana izanik, ez da ohiko liburu-dendetan egongo eskuragarri, baina Euskal Museoan bertan edo artistarekin berarekin harremanetan jarriz gero eskuratu ahal izango da.