uriola.eus

Bilbotik Perura zubiak eraikitzen

  Jendartea  Deustualdea

Gobernuz Kanpoko Erakundea da Bilbotik Perura, 2010ean Trujillora joandako gazte talde batek sortua. Hasierako asmoa hango proiektu batzuk diruz laguntzea zen. Azkenaldian sentsibilizazioan ari dira buru-belarri, auzoko beste talde batzuekin batera.

Bilbotik Perura zubiak eraikitzen
Argazkiak: Bilbotik Perura | Ikusi handiago | Argazki originala

Duela hamar urte San Inazioko gazte talde bat Trujillora (Peru) joan zen, hango proiektu batzuetan laguntzera. Auzora bueltatu zirenean esperientzia horri jarraipena emateko zerbait egin behar zutela erabaki zuten. Hala, lanean hasi ziren. Lehenengo urteetan Trujillon ezagututako proiektuak diruz laguntzeko ekintzak egiten hasi ziren, baina denborarekin sentsibilizazioa euren tresna garrantzitsuena zela konturatu ziren. “Gure jarrera eta ingurukoena eraldatzea funtsezkoa da mundu justu bat lortzeko”, azaldu digute. Egun, antolatzen dituzten jarduera gehienak sentsibilizaziora bideratuta daude, Trujillon bultzatzen dituzten proiektuen finantzaketa ahaztu gabe.

Emakumeen Defentsa Bulegoa da Perun laguntzen duten proiektu nagusia, Alto Trujillon kokatzen dena. Profesional, boluntario eta ikasleek osatutako taldea da, instituzioen laguntzarik ez duena, eta indarkeria matxista jasan duten edo jasaten duten emakumeei zerbitzu legala, psikologikoa eta soziala ematen dizkie, dohainik. Alto Trujillo Peruko La Libertad departamentuan dagoen auzogune bat da, Trujillo hirian. 75.000 pertsona inguru bizi dira, gehienak pobrezia larrian. Emakumeen egoera oraindik eta latzagoa da elkarteko kideen hitzetan: indarkeria matxista tasa altuak eta baldintza sozioekonomiko eta kultural gordinagoak jasaten dituzte.

Emakumeen Defentsa Bulegoan 10 emakume profesionalek egiten dute lan, eta unibertsitateko ikasleak ere badituzte praktiketan. Gainera, auzoetan egiten diren ekintzen arduradunak boluntarioz osatutako taldeko emakumeak dira. 2010ean, proiektua sortu zenean, bulego bakarra ireki zuten eta 40 kasu artatu zituzten. Orain, hiru bulego dituzte Alto Trujillon, eta laugarrena irekitzeko lanean ari dira. Iaz 800 kasu baino gehiago izan zituzten.

Zonaldean ahalduntze prozesuak laguntzen dituzte, “emakumeak matxismorik gabe bizi ahal izateko”. San Inazioko boluntarioek Defentsa Bulegoaren mantenuan laguntzen dute eta bertatik sortzen diren ekimenak babesten dituzte. “Elkarrekikotasunean eta errespetuan oinarritutako harremana dugu, emakumeak beren garapenaren protagonistak izan daitezen”, azaldu digute.

Alto Trujillo

Zubiak eraikitzen

Ekintza guztiak San Inazion egiten dituzte, inguruko jendea sentsibilizatzeari funtsezkoa deritzotelako. Horretarako, pentsamendu kritikorako eta eztabaidarako espazioak sortzen dituzte, esaterako, zineforumak, herrialde pobretuetako esperientzien hitzaldiak, pertsona migratuekin tailerrak, ponentziak…

Aurten ipuin lehiaketa bat ere antolatu dute, Adeco Elkartearekin batera. Urrian El Salvadorreko gizarte zerbitzuko emakume bat eta Alto Trujilloko Emakumeen Defentsa Bulegoko kide bat gonbidatu zituzten euren esperientziak kontatzera. Aukera baliatu eta auzoko hainbat sektorerekin lan egitea erabaki zuten, emakumeen eskubideen etengabeko urraketen inguruan hausnartzeko. Gaia sakonago lantzeko ipuin lehiaketa bat antolatzea bururatu zitzaien. Pentsatu eta egin. Dagoeneko jaso dituzte aurkeztutako proposamenak, eta osasun-krisia igarotakoan argitara emango dituzte, Bilboko kaleetan banatuko duten liburu batean.

Horrez gain, urtean bi azoka egiten dituzte Defentsa Bulegorako dirua biltzeko. Gabonetan azoka solidarioa antolatzen dute San Inazioko elizaren enparantzan, eta maiatzean bigarren eskuko liburuen azoka egiten dute kalean. Nolanahi ere, dirua biltzeko egiten duten ekintza nagusia Salestarren antzokian prestatzen duten jaialdia izan ohi da. Diziplina askotako artistak gonbidatzen dituzte, jendea artearen bitartez sentsibilizatzeko, eta jasotako diru guztia Bulegoarentzat bideratzen dute.

Bilbotik Perura jaialdia

“Elkarrekin hazi eta ikasi”

Azkenaldian, auzoko eragile eta taldeekin harremanak estutzen ari dira, sarean lan egitea ezinbestekotzat jotzen baitute. “Aldaketa sozialak nahi baditugu, aliatuak izatea funtsezkoa da, bakarrik ez garelako urrunera iritsiko”, diote. Bilobak Talde Feministarekin, Errondoko Auzo Etxearekin, Adecorekin edota Atecerekin lan egin eta espazioak konpartitzen dituzte, “elkarrekin hazteko eta ikasteko”. Peruko errealitatea gurera nola ekartzen duten galdetuta, haien jarduera guztien atzean hango emakumeen esperientziak aurkituko ditugula argitu digute. “Pertsonon eraldaketa guztion artean eraikitzen dugu, horregatik Perutik jasotzen ditugun irakaspenak hemen islatzen dira. Urrun gaude, baina ez gara horren ezberdinak eta hamaika gauza ditugu ikasteko haiengandik, baita haiek gugandik ere.”

 Errondoko Auzo Etxean Bilobak Talde Feministarekin

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa