Etxetik jarraitzeko "Deustuko Kanala" sortu du Deustuko Jai Batzordeak

uriola.eus 2020ko api. 24a, 10:55

Koronabirusa dela eta, martxoan egitekoak ziren jaiak bertan behera utzi behar izan zituen jai batzordeak. Gaur sareetan ikusgai egongo den egitaraua aurkeztu dute. 

Gaur hasita eta konfinamendua amaitu arte asteburuetan etxetik jarraitzeko egitaraua prestatu du Deustuko Jai Batzordeak. 

Arratsaldeko 17:00etan emango diote hasiera auzoko jendearen artean sortutako programari eta igande arratsaldera arte, adin eta gustu guztientzako zuzenduta egongo diren ekintzak eskainiko dituzte, besteak beste, kirol saioak, margogintza tailerra eta bizpahiru kontzertu. Zuzeneko saioak Deustuko Jai Batzordearen instagram kontuan egongo dira ikusgai, bakoitzari dagokion orduan. Ondoren, dagoeneko grabatuta dauden bideoekin batera Youtubeko kanalean argitaratuko dituzte, denon eskura egon daitezen. 

Asteburu bakarreko ekintzak aurkeztu dituzten arren datorren egunetan proposamen berriak bidaltzeko gonbidapena egin diote auzoko jendeari, datozen egunotako egitaraua betetze aldera. Proposamenak deustukokanala@gmail.com helbidean jasoko dituzte.