Ivan Allue: “Egun hauetan ikusi dugu musika ez duela ezerk geldiarazten”

prestaldizkaria 2020ko mai. 6a, 14:00
Argazkiak: Txistuman IA / Testua: Jone Gartzia

190. PREST!en kontatu bezala, Ivan Allue hainbat musika tresna jotzen iaioa da. Orain, superheroi bihurtu da, Txistuman, eta bere musikarekin txaloaldi-osteak alaitzen dizkie bizilagunei.

Nola hasi zinen balkoiko ikuskizunekin?

Konfinamenduko lehenengo egunetan balkoira atera nintzen txalo egitera, auzokide guztiak bezala. Laugarren egunean, dultzainarekin abesti baten zatitxo bat jo nuen, gustatzen zaidalako. Hurrengo egunean gaita atera nuen eta pieza luzeago bat jo nuen. Egia esan, ez dakit zelan joan zen bola handituz.

Nola aukeratzen dituzu kantuak?

Estilo desberdinak jotzen eta gustu eta adin guztietara moldatzen saiatzen naiz. Horregatik hasi nintzen abesti modernoagoak jotzen eta performanceak egiten. Errepertorio tradizionalarekin bi koarentena bete ditzaket, baina jendeak zerbait gehiago behar duela uste dut.

Proposamenik jasotzen duzu?

Jende askok abestiak eskatzen dizkit, baina beti ezin dira nire instrumentuetara egokitu.

Nola egiten dituzu egokitzapenak?

Gaur egungo abestiak jotzen ditudanean entseatu gabe ateratzen naiz balkoira, auzokoak ez molestatzearren. Arratsaldean notak ateratzen ditut, gutxi gorabehera apuntatu eta zuzenean jotzen ditut. Kanta tradizionalak direnean aurretik ezagutzen ditut eta lasaiago ateratzen naiz. Hori bai, abesti berriekin izugarri disfrutatzen dut.

Ez da erraza egunero abesti berri bat jotzea, zerk animatzen zaitu aurrera jarraitzera?

Jendea alaitzen eta laguntzen dudala ikusteak ematen dit jarraitzeko indarra. Nik ere asko disfrutatzen dut, instrumentuekin jolastea eta euskal instrumentuak abesti modernoekin nahastea izugarri gustatzen zait.

Mailari eutsiko diozu konfinamendu osoan?

Nire asmoa egunero abesti desberdin bat jotzen jarraitzea da, baina maila goian mantentzea zaila izango da. Bi alaba eta ama ditut eta haiekin ere egon behar dut. Askotan beste bat jotzeko eskatzen didate, baina nik bakarra jotzen dut, ez dut nire musika inposatu nahi. Agian alboko bizilagunari ez zaio gustatzen.

Zure burua bideoz grabatzen duzu, non ikusi daitezke?

Hasieran bideoak Whatsapp bidez bakarrik zabaltzen nituen baina gero eta jende gehiagok eskatzen zizkidan eta banaketa errazteko Youtubera igotzea erabaki nuen. Txistube deitzen da kanala. Ondoren nire Facebook orrian jartzen ditut (Txistuman IA) eta San Inazioko orrialdean partekatzen ditut. Jendearengatik igotzen ditut bideoak, niri amorru handia ematen dit hainbeste akats dituen abesti bat igotzeak. Gainera, ez naiz sare-sozialen zalea ez aditua.

Nola igarotzen duzu zuk konfinamendua?

Egia esan, honek burua okupatuta izaten lagundu egiten dit, baina bestela ere hamaika kontu okurritzen zaizkit egiteko. Adibidez, musika sortzea, baina patxadaz. Asko daukat ikasteko musikaren munduan.

Zer esango zenieke zure auzokideei?

Auzokideei, lagundu ahal izateaz oso pozik nagoela eta txistuko nire ikasleei, asko akordatzen naizela haiekin eta ez dezatela musika utzi. Egun hauetan ikusi dugu musika ez duela ezerk geldiarazten.