Konfinamendua arintzeko lehen fasearen ñabardura eta baldintzen artean, EAEko eskolak maiatzaren 18an irekiko zirela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak, DBH4koak, Batxilergokoak eta Lanbide-Heziketakoak hain zuzen. Hezkuntza komunitate osoa aurka agertu ondoren, eta Espainiako Gobernuaren estaldura juridikoa jaso gabe, hilaren 25era atzeratu du itzulera. Nolanahi ere, irekiera borondatezkoa izango da eta zentro bakoitzak erabaki beharko du noiz eta nola egin.
Azken erabakia ezagutzera eman aurreko orduetan Botikazar BHI eta Ibarrekolanda BHI institutuetako zuzendariekin hitz egin du BILBOKO URIOLAk. Lehenengo ikastetxeak ekainean irekiko ditu ateak azterketak egin eta errefortzuzko klaseak emateko, bigarrenak, aldiz, ez itzultzea erabaki du.
“Baldintza hauetan bueltatzeari ez”
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak EAEko eskolak DBH 4ko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzako irekiko zirela iragarri eta hurrengo egunean, Ibarrekolanda BHIko Zuzendaritza-Taldeak oharra kaleratu zuen erabakiaren kontra azalduz.
Ibarrekolanda BHIko Zuzendaritza Taldea izan da lehenengo momentutik Jaurlaritzaren erabakiaren kritiko agertu denetako bat. Ohar batean jaso zutenez, ikasgeletara itzultzeari uko egin zioten itzultzeko baldintzak ez zirela egokiak iritzita. Idazkia arin zabaldu zen eta handik lau egunera ikastetxea irekitzeko ardura zentro bakoitzak izango duela argitu zuen Jaurlaritzak.
Eskolak hilaren 18an zabaltzea ez da soka ekarri duen auzi bakarra, erabakia zabaltzeko moduak ere haserrea eragin duelako hezkuntza-komunitatean. Begoña Martinez institutuko zuzendariaren arabera, informazioa komunikabideen bidez jaso zuten. Uriartek plana iragarri zuen goiz berean, gainera, eskolako erreferentziazko ikuskariarekin bildu ziren eta Jaurlaritzaren asmoen gainean galdetu ziotenean, hark ezer ez zekiela erantzun zien. “Erantzukizun eta errespetu falta itzela da, martxoaren 13tik Hizkuntza-Sailak ikasturtea ebaluatzeko irizpideei buruz baino ez digute idatzi”, azaldu du.
Akats historikoa izan dela deritzo zuzendariak, erabakiak “argiak eta bat eta bakarra” izan beharko lirateke, “ez bata bestearen kontrakoak” eta gertatutakoa bertsioa eman du: “Lehendabizi, erabakia gure bizkar hartu dute eta gero erantzukizuna gure gain utzi, ardura haien sorbaldetatik uxatuz”. Era berean, salatu du Jaurlaritzak autonomia ematen diela “komeni zaionean” eta elkarlanerako prest daudela azpimarratu du, “ondo antolatuz gero”.
Antolaketa berrirako baliabide gehiago behar dituztela zehaztu du Martinezek: giza-baliabide teknologikoak edota eraikinean lanak egitekoak, besteak beste, komunak eta gelak egokitzeko. Horretarako, aurrekontua handitzea eskatu du, “benetako eskola berria” posible izan dadin. Bere ustez, krisiak agerian utzi du hezkuntza sistema atzeratuta dagoela eta horren ondorioz, baliabide digitalak, langileen formakuntza eta metodologiak eguneratu behar direla.
Errefortzurako eta azterketak egiteko bai
Bestalade, Botikazar Institutuan ekainean irekiko dituzte ikasgelak, errefortzuzko klaseak emateko eta ohiko zein ezohiko azterketa presentzialak egiteko. Hirugarren ebaluaketa online amaituko dute, baina “errepikatzeko arriskuan dauden ikasleei beste aukera bat emateko” hautazko klase presentzial batzuk emango dituzte.
Idoia Pujana Botikazar BHIko zuzendariak azaldu digunaren arabera, inauteri garaian hasi ziren orduan etortzear zenari tankera hartzen. Izan ere, eskolak nazioarteko hitzarmen asko ditu, eta martxoan ikasle truke asko egitekoak ziren Italia eta Frantzian. Bertan behera geratzen hasi ziren, eta Italia iparraldeko ikastetxe bateko zuzendariak gomendatu zion luzerako prestatu zitezen, han hasiak zirelako ondorioak nabaritzen.
“Orduan plana prestatzen hasi ginen eta ikasle eta irakasleei galdetu genien online klaseetarako baliabideak zituzten”. Bi hilabete joan dira geroztik eta orokorrean denak ahal moduan moldatu direla argitu digu. Hala ere, datorren ikasturtera begira, Hezkuntza Sailak plan zehatz bat prestatu beharko lukeela uste du: “Orain arte ezustean harrapatu gaitu egoerak eta denok ulertu ditugu akatsak, baina datorren ikasturtean ezin da inprobisaziorik onartu”. Besteak beste, ebaluazio irizpideak eta arau metodologikoak aldatu beharko direla dio.
Bera ere, kexu da informazioa komunikabideetatik jaso dutelako eta “hanka sartze itzelak” aipatu ditu: presaz harturiko erabakiak, mezu kontrajarriak… Eskolak irekitzearen ardura eta osasuna bermatzeko erantzukizuna ikastetxeen gain utzi izana salatu du: “guk erabaki dezakegu ikasleentzako onena ekainean itzultzea dela, baina norbaitek esan behar digu prestatu dugun plana ondo dagoela osasun eta segurtasun aldetik”.
Maiatzaren 25ean itzuliko ez badira ere, Botikazarren badute kontingentzia plana ia prest. Zuzendariaren arabera ez dira ikasle asko pilatuko eta ikastetxean zelan mugitu arautzeko plana prestatu dute. Ibarrekolandan, aldiz, ikasle gehiago dira eta horregatik egin zioten uko hasieratik azterketak eskolan egiteari.