Kiskitiñak: Zertaz ari gara zaintzaz ari garenean?

prestaldizkaria 2020ko uzt. 9a, 12:21
Testua eta grafikoa: Kiskitiñak Arangoitiko Talde Feminista

Zaintza azken egunotan denon ahotan ibili den terminoa da, baina zer dago berba potolo honen atzean?

Bada, Amaia Perez Orozkok – azken urteotan beste askorekin batera terminoa definitzen eta zehazten ibili denak –, honela definitzen du zaintza: bizitza aurrera eramateko egiten ditugun ezinbesteko gauza guztien multzoa. Hau da, erosketak egitea, zer bazkalduko dugun erabakitzea, amari zelan dagoen jakiteko eta ea zerbait behar duen galdetzeko deitzea, umeek egin dituzten ariketak gainbegiratzea, Interneteko lotura ondo dabilen ziurtatzea, txiki geratu diren prakak ordezkatzea, gaixoak zaintzea, maskarak egitea, etxeko garbiketa…. Argi dago zerrenda luze bat egin ahal dugula. Eta gizarteko zein zatik hartzen ditu bere gain lan hauek? Kontu zaharrak dira hauek baina itxialdian eta ondorengo egoeran agerian geratu da lan eta ardura hauen zati handiena emakumeen esku jarraitzen duela.

Azken asteotan Deustualdeko elkartasun sareko partaideak honetan ibili dira, hots, bizitza erdigunean jartzen. Leti Medina, gure kidea, buru belarri aritu da antolakuntzan eta auzokideak laguntzen: “Arangoitin lehenengo egunetik gabeziak ikusi eta identifikatu ditugu eta berehala boluntario batzuk agertu ginen prest behar horiek konpontzeko eta asetzeko. Hilabete hauetan, egoera larri honetan, argi ikusi da instituzio publikoen gabeziak izugarriak direla, ez direla heldu hiritarrengana. Gure ustez, hurbiltasuna, hor gaudela sentitzea izan da ekimen honen arrakasta. Jendearen mobilizazioa harritu gaituen beste kontu bat izan da, baita sarean izan den parte hartzea eta baita taldeen parekidetasuna ere. Azaldu egingo naiz, orain arte zaintza emakumeek hartu dute bere gain, gehienbat emakumeen kontua zela pentsatzen baitzen.”

Letik kontu interesgarri gehiago ekarri ditu mahai gainera: “Kiskitinak Talde feministak inkesta txiki bat egin du beste elkartasun taldeetan, jakiteko zenbat den emakumezkoen eta gizonezkoen arteko proportzioa. Arangoitin - eta Bilbo mailan ere - emakumezkoak gehienak diren arren, Sani eta Deustun nahiko parekidea da banaketa. Honek poztu egin gaitu, nahiz eta gurean horrela ez izan, momentuz. Hemen daukagu etorkizuneko erronka, zaintza guztion ardura dela ikusaraztea. Eta hau egiteko aukera paregabea daukagu, izan ere, elkartasun taldearen ustez, sarea ezinbestekoa da eta mantendu egin behar da, gizarte-politikak betetzen ez dituen arloetara heltzen ari baikara”.

Azkenik, Kiskitinak Talde Feministak zein auzoko sareak beti egin dugu apustu honen alde, hau da, bizitza gizartearen muina izatearen alde. Horretarako, uste dugu neurri zehatzak hartu behar direla osasungintzan, hezkuntzan eta bestelako hainbat arlotan; baina, aldaketa gerta dadin, gure inguruan eragileak izan behar gara, gure auzokideei bizitza eta zaintzak gure gizartearen oinarria eta helburua direla gogorarazi behar diegu, kontu jakina da baina ahaztu egiten baitzaigu. Beraz, badakizue, herri mugimenduoi ere fasez aldatzeko garaia heldu zaigu. Ekin diezaiogun ba!

Kiskitiñak Arangoitiko Talde Femista