Pantailatik zuzenekora

prestaldizkaria 2020ko uzt. 10a, 11:00
Satelite T tabernako Alfonso

Itxialdiak ezustean harrapatu gintuen guzti-guztiok, eta, jakina, kultur aretoak ez ziren salbuespena izan. Jende aurreko jarduera eteten lehenetarikoak izan ziren, eta pixkanaka ‘normaltasun berri’ honetan lekua egiten ari badira ere, motela izango da lehendik ahulduta zegoen sektorearen sendatzea. Deustuko kultur aretoetan nola eragin duen ikusteko, Satelite T tabernara, La Fundicion aretora eta Pabiloi 6ra jo dugu.

Matxoaren 15ean etxean geratzeko agindu zigutenean inor gutxik hartu zion benetako tamaina zetorkigunari. Bi asteko kontua izango zela pentsatu genuen gehienok, eta erretxinduta egin genien kasu sinesgaitzak egiten zitzaizkigun aginduei.Kultur aretoetan gauza bera gertatu zen. “Zartakoa ustekabekoa izan zen, eta kontratuak suspenditzen hasi ziren arte ez genion neurria hartu egoerari”, aitortu digu La Fundicion aretoko Lukek. Pabilioi 6ko Ramon Bareak sentsazio bera adierazi digu: “Hasieran maiatzean martxan jarri ahalko ginela pentsatu genuen, baina pixkana errealitateak gure lekuan jarri gaitu eta ekainaren 25ean bueltatzeko apustua egin dugu”.

Ez da erraza izango, baina Deustuko bi antzokiek argi dute jendaurrera itzultzea funtsezkoa dela. Edukiera mugak eta segurtasun neurri zorrotzak ezarri beharko dituzten arren, prest daude jauzia egiteko. “Jarduera berreskuratu behar da, jendea animatzeko eta beldurra kentzen laguntzeko”, diosku Lukek. “Prest gaude ekonomikoki errentagarriak ez diren ekintzak egiteko, sozialki eta artistikoki onuragarriak izango baitira”, Ramon Bareak. 

Aldiz, Satelite T tabernako Alfonsok ez du emanaldien egitaraua berehala martxan jartzeko asmorik. Kontzertuak, antzerkiak eta askotariko ikuskizunak egiten dituzte Botikazar Erriberako lokalean, baina ezarri beharreko neurrien inguruko zehaztasunen faltan, momentuz itxarotea erabaki dute. “Nahiago dugu zuhurrak izan ausartak baino gehiago, horregatik baliabide administratibo gehiago dituzten aretoetan kontzertuak ematen hasi arte, guk ez dugu emanaldirik antolatuko”, Alfonsoren hitzak.

“Zuzeneko artea egin nahi dugu”

Pabiloi 6 izan zen gure inguruan irekiera iragarri zuen lehen antzokia. Gerora, Arriagak aurrea hartu zion datarekin, baina apustua egiten lehenak auzokideak izan ziren. Ekainaren 25ean hasiko dira Hoy, última función antzezlanarekin. Ramon Barea aktoreak berak esan digu antzezle gutxiko obrak aukeratu dituztela hasteko, osasun baldintzak hobetsita. Antzokiaren edukiera erdira mugatu dute eta terraza handi bat prestatu dute itxaroteko. Maskarak, gelak eta distantziak ez ditugu aise gainetik kenduko, noski. Gainera, aurrerantzean sarrerak Interneten eskatu beharko dira.

La Fundicionen ere ari dira hainbeste desiratutako itzulera planifikatzen. Astebete geroago ekingo diote aurrez aurreko jarduerari, uztailaren 1ean, alegia, eta funtzioak zuzenean zein streaming bitartez emango dituzte. “Aldi baterako neurria da streaming-a, hainbat arrazoirengatik bertaratu ezingo den publikoari zuzenduta, baina guk zuzeneko artea egin nahi dugu, publikoarekin harremana duena eta komunitatea eraikitzen duena”, esan digu Lukek.

Horregatik, ez du uste azken hilabeteetan indartu den joera, kultura etxetik eta pantaila bidez kontsumitzearena, luzerako geratuko denik. “Ez da berdina bidaia bat egitea edo leku horren inguruko dokumental bat ikustea, berdin gertatzen da artearekin”. Iritzi berekoa da Barea. “Nahiko isolamendu eta pantaila izan dugu, kontuz ibili behar gara horrekin. Ezin dugu zuzeneko artea galdu, besteekin harremana eten.”

Suspenditu ez, atzeratu

Azken hilabeteotan egin izan ez dituzten saioak birkokatzeko apustua egin dute La Fundicion aretoan, ez dute ezer bertan behera utzi nahi izan. “Guzti honen atzean pertsonak daude, horregatik ez ditugu konpainiak suspenditu, baizik eta 2020an zehar birkokatu, aurten aurreikusitako diru-sarrerak izan ditzaten”. La Fundicion arte eszeniko garaikidea egiten duten talde eta egitura oso hauskorrek osatzen dute, eta proiektua salbatzea da helburua. 

Osasun neurriak errespetatu beharko dituzte horretarako, eta ari dira emanaldi batzuk La Fundicion ez beste lekuren batean antolatzea pentsatzen, distantziak hobeto bermatu ahal izateko. Nolanahi ere, orain arte ez dira geldirik egon, eta itxialdiaren arintzearekin batera, bilerak egiteko eta entseatzeko atondu dute espazioa. 

Pabilioi 6n ere denboraldi honetan egin nahi dituzte ahalik eta ekitaldi gehienak. Ilusio handiz, gainera; izan ere, martxoan eta apirilean programatuta zituzten bi obrak Gazte Konpainiarenak ziren, eta irailetik aurrera egoitza propioa izango dutela aurreratu digu Ramon Bareak. “Espero dugu era honetan hiru hilabete hauetako geldialdialdiak eragindako defizita murriztea, nahiz eta gu ez garen geldirik egon”, diosku itxaronpentsu.