uriola.eus

Defendatu dugu... eta aurrera goaz!

  Kultura-aisialdia  Deustualdea
Defendatu dugu... eta aurrera goaz!

Deustuko Gazte Lokala 1991eko ekainean okupatu zenetik zenbatu ezinak dira bertan antolatu diren ekintzak, sortu diren planteamenduak, espazioa ezagutu duten gazteak… eta ezagutuko dutenak!

Duela 29 urte, Gorordoren garaitik negoziatuta zegoen gazte espazio baten zesioa, baina Ortuondo alkateak hitza jan eta bertan behera utzi zuen. Orduan, gazte talde batek merkatu zaharra okupatu zuen, eta horrela gaur arte bizirik dirauen Deustuko Gazte Lokala jaio zen.

90ko hamarkadan zehar egunero bizia zuen espazio bezala oroitzen da, garaiko gazteria batzen zuena eta beti jendez eta ekintzaz beterik zegoena. Garai hartan gazte askoz gehiago zegoen kopuru aldetik, eta gazte lokalak aisialdi alternatibo eta eskuragarri bat eskaintzen zuen.

2008. urtean Deustuko Gazte Lokalaren parean zegoen Txoridenda okupatu eta Deustuko Gazte Asanblada Bilboko udalarekin akordio batera iritsi zen, zeinetan bi eraikinen kudeaketa gazteen gain egotea onartzen zuen.

Urteak joan eta etorri, Gazte Lokalaren jardunak aurrera jarraitu zuen, eta denok gogoratzen dugu nola Bilboko Udalak gazteekin zuen elkarrizketa apurtu eta 2008ko akordioa deuseztatu zuen, Deustuko Gazte Lokalaren hustea aginduz 2017ko irailean. Kontzertuek sortutako zaratak erabili zituzten “auzokideren bat” gure aurka zegoela adierazteko, baina berehala ikusi zen inguruko auzokideen babesa genuela.

Momentu horretan Defenda Dezagun! kanpaina martxan jarri genuen, eta ezin ukatu defendatzea lortu genuela. Kamisetak, prentsaurrekoak, kartelak, pegatak, pankartak, sinadurak, argazkiak, elkarrizketak, kontzertuak, ekimenak… eta bizirik gaude! Bilboko udalak 2016-2017 ikasturtean martxan jarri zuen desalojoen dinamika gelditzea lortu genuen, ETXARRI Gaztetxea eta IZARBELTZ Ateneoa hutsarazi ostean.

Hiru urte geroago, irudia berritu dugu, desalojoari aurre egitetik haratago bizirik gaudelako eta martxan jarraitzen dugulako. Beste mundu batekin amesten dugu: gazteriaren espazio erreferentzial eta topalekua izaten jarraituz, autogestioa oinarri hartuta Deustu eraldatzen jarraitzeko asmoa daukagu.

29 urte dira Deustuko Gazte Lokala okupatu zenetik, eta gutxienez beste horrenbeste iraungo ditugula argi daukagu!

Oharra: Deustuko Gazte Lokalaren irudi, argazki, kartel edo pegatina zaharrik baduzu, bidali Deustukogaztelokala1991@gmail.com helbidera.

Ikusi argazki guztiak handiago

Defendatu dugu... eta aurrera goaz! - 1

Defendatu dugu... eta aurrera goaz! - 2

Defendatu dugu... eta aurrera goaz! - 3

Defendatu dugu... eta aurrera goaz! - 4

Defendatu dugu... eta aurrera goaz! - 5

Defendatu dugu... eta aurrera goaz! - 6

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa