uriola.eus

Proiektu berri baten hasiera

  Kultura-aisialdia  Deustualdea

Osteguna da, arratsaldeko zazpi eta erdiak, Pabiloi 6ren Gazte Konpainiaren egoitza berrira gerturatu gara. Barruan, Funeral: Historia de vidas antzezlana ematen ari dira. Kanpoan, Aitor Etxarte, Sandra Tejero eta Nagore Cenizo ditugu zain. Gazte Konpainiako 15 kideetako hiru dira. Areto eta proiektu berriaren inguruan solastatu gara mahai baten bueltan, ikuskizunak iraun bitartean.

Proiektu berri baten hasiera
Gazte Konpainiako Sandra, Nagore eta Aitor. Argazkiak: PREST! aldizkaria eta Gazte Konpainia | Ikusi handiago | Argazki originala

Pabilioi 6ren Gazte Konpainia ezaguna izango da askorentzako. Horren atzean dagoena, aldiz, akaso ez dute denek jakingo. Antzezle gazteei lehenengo esperientzia profesionala errazteko asmoz sortutako proiektua da. Horretarako, urtean aktore gazte talde batekin antzezlan berri bat ekoizten dute. Urtean behin, proiektu berri bat jende berriarekin. 2015ean Pabilioi 6ren ekimenez martxan jarri zenetik, Bilboko Udalaren eta Lanbideren artean bultzatutako kontrataziorako Enplegu Planaren laguntzak jaso ditu. Jatorrizko proiektuaren  parte izaten jarraituko duen arren, 2020tik aurrera indar propioa hartuko du Gazte Konpainiak.

Konfinamendua amaitutakoan, hilabeteak etxean eman ondoren eta etorkizuna beltz ikusten zutenean, Ramon Barea proposamen batekin gerturatu zitzaien Gazte Konpainiatik igarotako kide guztiei. Garabia aretoa hartu eta euren gisara kudeatzeko aukera jarri zien mahai gainean. Areto berri bat muntatu, horren programazioa prestatu, kontu tekniko eta administratibo guztiak kudeatu… Lan handia behar zuen proiektuak martxan jartzeko, baina ilusiorik ez dute faltan izan bide horretan.

Nagore Cenizok kontatu digu konfinamendu ostean antzerkian lan egiteko gogotsu zeudela, baina etengabe zailtasunak aurkitu zituztela. “Lau hilabete egon gara etxean ezer egin gabe eta bat-batean irrikatzen zaituen gauza egiteko aukera ematen dizute; niretzako bultzada handia izan da”. Aitor Etxartek ere, aukera ezin hobetzat jo du erronka berria: “Antzerkiaren munduan gauzak beti egon dira txarto, orain are okerrago, baina etxean geratuta ez da ezer hobetuko. Guretzat zorte handia da hemendik otsailera 40 aldiz oholtzara igotzeko aukera izatea. Beldurra baino ilusioa sortzen digu, eta espero dugu urteetan mantentzea”.

Dena sortzeke

Lan handia egin dute hau guztia aurrera eramateko. Maiatzetik bileraz bilera ibili dira eta abuztutik aretoa altxatzen gau eta egun. Lurra eta oholtza jarri, harmailak muntatu, entsegu-gunea eta kamerinoak eraiki… Pixkanaka aretoa ikusle eta langileentzat ahalik eta erosoen bihurtu nahi dute. Irailaren 17an ireki zituzten Gazte Konpainiaren aretoko ateak lehen aldiz, Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari? antzezlanarekin. Martxoan ekarriko zuten berriz P6ko oholtzara Gazte Konpainiaren laugarren promozioaren antzezlana, baina, itxialdia tarteko, ezin izan zuten, eta orain berreskuratzea “oso handia izan da”. Harrera ezin hobea izan zen, saio guztietan aretoa bete zuten. 

Aitor Etxartek kontatu digu bigarren saiora arte ez zela jabetu egindako lanaren emaitzaz. “Ez nintzen horren jabe, bat-batean nire buruari esan nion arte: areto bat daukagu, jendeak gure produkzioak ikusteko sarrera ordaintzen du, obra txalotzen du eta amaitzen denean irribarre batekin doa ezagunei gomendatzera”. 

Egutegi betea

Lortu dute aretoa atondu eta martxan jartzea, baina orain erronka zailena dute aurretik: urte osoko programazioa betetzea. Lehen, Gazte Konpainiak antzezlan bakarra egiten zuen urtean eta hilabeteko programa betetzen zuen horrekin. Orain  urteroko proiektu horri eutsiko diote, baina produkzio gehiago sortu beharko dituzte, aretoa zabalik egongo den gainerako 10 hilabeteak betetzeko.

Momentuz, ikasturte honetakoa prest dute apirilera bitartean, aurreko promozioetako antzezlanak eta produkzio berriak uztartuz: urriaren 15ean estreinatu zuten En stand by, Gazte Konpainiaren lehen produkzio independentea. Gero, bosgarren promozioko Ubú, finantzen errege berreskuratuko dute. Hurrengo biak produkzio berriak izango dira: Todo saldrá bien eta Gris. Ondoren, hirugarren promozioko Mi último baile ekarriko dute,  eta jarraian 2020-2021eko Gazte Konpainiaren promozio berriaren antzezlana aurkeztuko dute. Programazioarekin jarraitzeko, bigarren promozioko antzezlana errepikatzeko asmoa dute: Lorca, Dalí, Buñuel. Aborigenak

Antzezlanak ez ezik, kontzertuak eta bestelako arte-espresioak landuko ditu Gazte Konpainiak hemendik aurrera. Argazki eta pintura erakusketak egin nahi dituzte, baina osasun segurtasuna bermatzeko aretoaren sarreran jende pilaketak ekidin nahi dituzte, eta esposizioak antolatzeak ez luke lagunduko. Nolanahi ere, gutxika kulturaren hainbat arlo lantzeko asmoa dute.

Leihatilatik agertokira eta buelta

Antzerkia maite dutelako, batez ere, ekin zioten Gazte Konpainiaren proiektu berriari. Lagun batzuk soldatapean daude kontratatuta, eta besteek sarreren salmentatik lortutako dirua jasotzen dute antzezten dutenean. Baina, denek ala denek, diru-truke horren barruan jasotzen dena baino askoz lan gehiago egiten dute. Antzeztea haien pasioa da, eta Gazte Konpainiak hori egiteko aukera ematen die, baina horretarako beste hainbat gauza egin behar dituzte oholtzatik kanpo: aretoa atondu, sarrerak saltzeko leihatilan txandak egin, ikusleak lagundu... Gainera,koronabirusaren ondorioz, lan karga handiagoa dute, antolakuntza handiagoa eskatzen baitu egungo egoeran aretoa kudeatzeak.

 Gazte Konpainia gazteek osatuta egonagatik ere, programazioa ez dago publiko gaztearentzat soilik pentsatuta. Hala ere, aktoreak gazteak eta esperientzia profesional gutxikoak direnez, askotan euren lagun-kuadrillak gerturatu ohi dira antzokira. Askori plana gustatu eta errepikatu egiten dutela kontatu digu Aitor Etxartek. Era horretan, bestela antzerkiaren mundura gerturatuko ez liratekeen pertsonak hurbiltzen dira.

Ingurua hankaz gora

Obra hesiez, lanez eta etorkizunerako proiektu handinahiez inguraturik daude Pabilioi 6 eta Gazte Konpainiaren pabiloiak. Urte gutxiren buruan, inguruko paisaia urbanoa eta errealitate soziala goitik behera aldatuko dira. Pabiloiok, aldiz, ez dituzte botako, konpondu baizik. Etxartek azaldu digunaren arabera, Udalak bi eraikinak atontzeko konpromisoa hartu du: sabaia konpondu, espazioak intsonorizatu, termikoki isolatu... Hala ere, oraindik ezin asmatu Erriberako urbanizazio proiektuak nolako eragina izango duen Pabilioi 6ko proiektuengan: “Auzoa bera aldatuko da eta ez dakigu gu nola kokatuko garen bertan”. Sormenaren uhartea deitu izan diote Erriberari, dagoeneko arte eta diseinu unibertsitate pribatu ugari zabaldu dituzte bertan. Ikustekedago Pabilioi 6k eta Gazte Konpainiak zer paper jokatuko duten hemendik aurrera: “Onena da prozesu osoan zehar presente egongo garela eta dena nola doan ikusiko dugula”.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa