Aurreko Euskaraldiaren emaitzak eskuan hartuta, erronka berriekin dator aurtengoa. Berezitasunen artean bi dira nabarmentzekoak: batetik, lau egun luzeagoa izango da, azaroaren 20tik abenduaren 4ra, eta, bestetik, entitateek kolektiboki parte hartu ahalko dute euren eragin-eremuetan ariguneak sortuz.
Ariketa prestatu eta Deustualdean Euskaraldia indartu asmoz, hainbat lagun elkartu ziren iragan 29an Müllerrenean. Beroketa gisara, hainbat ekitaldi antolatu dituzte azken asteotan: urriaren 15ean Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria Hizkuntza Eskolara gerturatu zen hitzaldia ematera, azaroaren 5ean Pello Jauregi soziolinguista izan zen Arrupe Etxera hurbildu zena ariketari buruz solastatzera, eta azaroaren 7an Euskaraz Blaitu kanpainaren ekitaldi nagusia egin zuten Arriaga plazan (ikusi bideoa hemen).
Euskaraldiari ongi etorria emateko, aldiz, Bilbon bezperan egingo dute ekitaldi nagusia, azaroaren 19an, eta Deustun argazki erraldoia egingo dute ariketaren hasiera egunean bertan, azaroaren 20an.
Ekintza guzti hauez gain, informazioa banatzeko eta izena emateko infoguneak antolatu dituzte Deustun zehar. Egun eta leku hauetan jarriko dira mahaiak: azaroaren 16an 17:30ean Botikazar parkean eta azaroaren 11n 18:00etan Donepetri enparantzan. Bilbon urriaren 6tik lokal propioa dauka Euskaraldiak Somera kaleko 8. zenbakian. Bertan ere informazioa eta txapak banatuko dira, Euskaraldiko materiala saltzeaz gain. Dagoeneko Berbaizu Euskara Elkartean eta Euskararen Etxean jaso daitezke Ahobizi eta Belarriprest txapak.
Deustuko bazter guztietara iristeko asmoz, talde eragileak ia auzo guztietan ditu ordezkariak. San Inazio, Ibarrekolanda eta Elorrietan, aldiz, jende faltan daude. Auzokideak animatu nahi dituzte Euskaraldia auzootan sustatu eta izen ematea bultzatzeko. Nolanahi ere, zailtasunak zailtasun eta oztopoak oztopo, indartsu eta gogotsu dator 2020 berezi honetako Euskaraldia.