Maite Sarasola: “Gazteok ezinbestekoak gara hizkuntza baten transmisioan”

uriola.eus 2020ko aza. 11a, 12:11

Maite Sarasola Isazelaia (Deustu, 2001) Gaztealdian parte hartuko duen 9 gazteetako bat da. Bihar hasi eta datorren azaroaren 19ra arte euskaraz bizitzeko hautua egindu eta hautu horren inguruan egon gara berarekin hizketan.

Zer da gaztealdia?

Euskal Herriko hainbat euskara taldek bultzatutako ekimena da Gaztealdia. Azken hilabeteotan hauek aztertu beharreko arazo bat identifikatu dute: gazte eta euskaldun moduan Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugula eta ez dela posible. Hortik abiatuta eta 2015ean Lutxo Egiak egindako ariketa oinarri hartuta, Euskal Herriko herri ezberdinetako bederatzi gaztek astebetez euskaraz bizitzeko erronka hartu dugu, azaroaren 12tik 19ra bitartean hain zuzen.

Zein da helburua?

Helburua hizkuntza talkak zeintzuk diren ikustea eta ostera horiei aurre egiteko baliabideak lortzea dela esango nuke. Adibidez banketxera edo osasun zentrora goazenean eta gaztelaniaz erantzuten digutenerako baliabideak sortzea, nolabait jarreran tinko mantentzeko. 

Zu zara gaztealdian parte hartuko duen 9 gazteetako bat. Zer suposatzen du horrek zuretzako? 

Denontzako erronka zaila eta konplikatua izango da nolabait. Nire kasuan ingurune guztia euskalduna da, familia, lagunak, militantzia… eta horrek asko laguntzen du. Dena den erronka zaila izango da batez ere kanpora edo eremu publikora begira. Esfortzu bat suposatuko du adibidez autobuseko edo unibertsitateko lehiatileko langileekin hizkuntza mantentzea.

Espektatibarik? 

Orokorrean espektatiba onak ditut. Proiektu polita eta interesgarria izango da, batez ere, proiektua burutu eta ondorioak ateratzen ditugunean. Uste dut lan txukuna izango dela. 

Gazteok Euskararekin duzuen loturaz ahots propioz hitz egiteko ere sortu da gaztealdia. Zein da zuk euskararekin duzun lotura?

Lehen aipatu bezala, militantzia, familia eta lagunen eremua euskalduna da. Txiki txikitatik etxean garatu dudan lotura da ere euskararekin daukadana eta nagusitzen joan naizenean gazte moduan nik ere lotura hori mantentzen jarraitu dut, bertsolaritzan adibidez. Lotura zuzena izateaz gain, sendoa ere badela esango nuke.

Zure kasuan uste duzu 8 egun horietan hizkuntza ohiturak norbaitekin aldatu beharko dituzula? 

Lagunartean adibidez beti gabiltza euskaraz eta erderaz hitz egiten. Nahiz eta nik beti euskeraz egin erantzun batzuk erderaz jaso ohi ditut. Gaztelaniara pasatzeko ohitura hori aldatu beharko dut eta finko mantentzen saiatu. 

Bilboko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, erronka betetzea espero duzu?

Azken finean Bilbo hiri bat da, eremu handi bati buruz ari gara hitz egiten. Baina erdaldunak dauden moduan euskaldun ugari daude. Eremua handia izanda zaila izango da batzuetan euskara bueltan jasotzea. Dena den esan behar da Bilbon euskaraz bizitzeko aukera dagoela eta euskaldunok gure arnasgunea daukagula.

Oztopoei nola aurre egin pentsatu duzu?

Hizkuntza talka bati baliabideak topatzea zaila da. Keinuen bidez azaltzea edo gaztelania ez den beste hizkuntza bat erabiltzea irtenbide bat izan daiteke. Hala ere, ahal dudan heinean nire burua ulertarazten saiatuko naiz eta errepikatu behar den guztia behar den beste errepikatzen.

Euskalgintzak bultzatutako ekimenetan parte hartzeko gonbitea luzatu diezue gazteei.

Gazteak ezinbestekoak gara hizkuntza baten transmisioan. Hizkuntza belaunaldiz belaunaldi igaro behar den zerbait da eta batek ez badio hurrengoari pasatzen, hutsunea sortzen da. Horregatik uste dut gazteon lana ezinbestekoa dela, gure esku dagoelako etorkizun batean euskara bizirik mantentzea. Gure presentzia ezinbestekoa da bai euskararen arloan baita beste edozein militantzian.

Adituen arabera Euskararen etorkizuna bermatzerik ez dago.

Ez dakit zer esan. Uste dut dena ez dela beltz kolorekoa, etorkizun koloretsu bat badagoela hor. Gainera, ikusita gazteok martxan gaudela eta Gaztealdia moduko proiektuak sortzen ari direla, nik esango nuke euskarak ez duela gustatuko litzaigukeen etorkizun bezain ona baina hor zerbait egon, badagoela. Daukaguna oinarri hartuta ekin behar diogu bideari eta badaude gazte asko prest horretarako.

Zer aldatu beharko genuke?

Hasteko eta bat, mundu guztiak euskaraz jakitea bermatu beharko genuke, zerbitzu publikoak besteak beste. Instituzioek ikaragarrizko lana egin beharko lukete nire ustez.

Etorkizun batean gaztealdi erraldoi bat egiteko asmorik baloratu duzue? edo honen jarraipena?

Printzipioz ez dugu pentsatu. Hala ere, ariketa ondo irtetzen bada eta lan txukun bat egiten badugu, ez dut uste astebeteko ariketa batean geratuko denik.