uriola.eus

Mikel Aguirre: "Gozatu egiten dut artisau-lanean, baina ikertzea da nire asmoa"

  Kultura-aisialdia  Deustualdea

Gasteizko estudio berrian elkartu gara Mikel Aguirre arkeologo deustuarrarekin. Etxean gordeta izan duen materiala bertara eramaten aurkitu dugu, izan ere, etxea izan du esperimentazio eta ikasketa leku orain arte. Urteak daramatza arkeologia esperimentalean lanean, Goi Paleolitikoko erregistroa aztertzen.

Mikel Aguirre: "Gozatu egiten dut artisau-lanean, baina ikertzea da nire asmoa"
Testua eta argazkiak: Jone Gartzia Gerra | Ikusi handiago | Argazki originala

Arkeologoa zara, zein da zure espezialitatea?

Goi-Paleolitiko teknologia litikoa. Paleolitista naiz, Paleolitikoko arkeologia aztertzen dut.

Zeintzuk dira eskuartean dituzun proiektuak?

Unibertsitate irakaslea naiz UNEDen. Horrez gain, 1995etik 2008ra Antoliñako koba (Gautegiz Arteaga, Bizkaia) induskatzen egon naiz. Orain bertan lortutako informazio guztia prozesatu, digitalizatu eta publikatu behar dut. Denbora asko ematen dut horretan, eta tesia amaitzen nabil. Horiek dira nire egungo proiektu nagusiak. Bitartean, hitzaldiak, ikastaroak eta horrelako kontuak eman ditut.

Nola heldu zara honaino?

Betidanik gustatu izan zait arkeologia. Gaztea nintzenean igandeetako ajea Done Petri plazan pasatzen nuen silexa zizelkatzen. Garai hartan Lanbide Heziketa ikasten nuen eta bitartean arkeologiaren munduan sakontzen hasi nintzen. Azkenean, UBI egin eta 1987an Gasteizen Arkeologia ikastea erabaki nuen.

Ordurako aritua zinen harri-lanketan.

Arkeologia ikasketak hasi bezain laster, 4. eta 5. mailako ikasleei zizelkatze ikastaroak ematen nizkien. Karrera egitea tramite bat zen niretzat benetan egin nahi nuena egin ahal izateko, arkeologia, hain zuzen. Unibertsitatean hasi baino lehen, EHUko katedratikoa zen Ignacio Barandiaranekin induskatzen ibilia nintzen. 1982an Frantziara labar-artea ikusteko antolatu zuten bidaia batean ezagutu nuen. Iñaki Zarzugazak gonbidatu ninduen, bera ere deustuarra da.

Zerk piztu zizun arkeologiarekiko jakin-mina?

Ez dakit. Ziurrenik, herri primitiboekiko dudan enpatiak edo gaztetan pelikuletako indioek sorrarazten zidatenak piztuko zidan. Ni beti nengoen indioekin, inoiz ez bakeroekin. Enpatia horrek antropologia liburuak irakurtzen hastera bultzatu ninduen. Malinowski, Lévi-Straus etab. irakurtzen nituen, Historiaurrearekin topo egin nuen arte, eta hortik abiatuta Antropologia Prehistorikoan zentratu nintzen.

Nola hasi zinen zizelkatzen?

Kuriositatez. El primer americano (C. W. Ceram) liburuan argazki bat topatu nuen, Historiaurreko ehiztari amerikarrei erreferentzia egiten ziona. Klovis punta batzuk ageri ziren, 10000 urtekoak, eta liluratuta geratu nintzen. Orduan oso galdera sinplea egin nion nire buruari: nola egiten dira ehiztarien lantza punta hauek? Haritik tiraka hasi nintzen, liburuak bilatzen eta nire burua dokumentatzen, baina praktikatzeko silexa behar nuen.

Nondik hartzen zenuen?

Banekien “Pedernales” (Sukarrieta) izeneko herri bat zegoela, eta izenagatik silexa egon behar zuela pentsatu nuen. Eta horrela izan zen! Bertara joan eta silexa topatu nuen. Geroago, banekienez Barandiaran Barrikan silex-tailerrak ematen egondakoa zela, bertara joan, estratuak ikusi eta kostaldera bajatu nintzen. Horrelaxe aurkitu nuen Kurtziako (Barrika) silex-azaleratze gunea 80ko hamarkadan, Kantauriko erlaitz osoko silex-azaleratze onena. Inori ez zitzaion lehenago interesatu. Handik silexa hartzen nuen eta etxean praktikatzen nuen.

Zer erremintakin?

Paleolitikoan erabiltzen zituzten tresna bertsuekin, izan ere, material guzti honen erreferente arkeologikoak daude: orein-hagak, zizelak, konpresoreak, harrizko mailuak, ezpelezko mazoak… Tamaina desberdineko lau harrirekin gauza asko egin daitezke. Kobrea erabiliz metalen garai hasierako teknikak praktikatu daitezke eta produktu sofistikatuagoak lortu.

Zer egiten duzu sortzen dituzun piezekin?

Batez ere Unibertsitateek eta museoek eskatzen dizkidate. Museoetarako ikus-entzunezko irudiak sortzen ere parte hartu dut. Altamirako kobara bazoaz, paleolitikoz jantzita ikusiko nauzu harriak lantzen. Pelikuletarako atrezzoa ere egin dut. Baina, eskatu didaten gauzarik bitxiena Mugaritz jatetxearentzako egin nituen 1000 silex xaflak izan ziren, duda barik. Bezeroek laban gisara erabiltzeko nahi zituzten.

Zergatik silexa eta ez beste harri bat?

Ohikoena delako, aldaera asko dituen arren. Badira harkaitz makalagoak, kuartzita, esaterako, baina lodiagoa da eta horrekin egin ditzakezun gauzak mugatuak dira.

Eta paleolitikoko gizakiek zergatik erabiltzen zuten silexa?

Ugaria delako eta harri gogorra delako, baina, aldi berean, hauskorra, eta horrek harri-ahoak ateratzeko aukera ematen du. Silexa baino gogorragoa topazioa, korindoia eta diamantea baino ez daude. Silexak altzairua eta kristala markatu ditzake. Modu sistematikoan landu daiteke, bilatzen den materiala lortu arte. Suntsikorra denez, gastatu egiten da, eta Neanderthalek euren tresnak gehiago konpondu ezin zituztenean, lurrera botatzen zituzten. Horrek arkeologook zoriontsu egiten gaitu, induskatzen ari garenean milaka silex zatitxo aurkitzen ditugunean. Egungo erregistro arkeologikoa haien zaborra zen.

Egun, jende askok lantzen du silexa?

Orain bai, baina lehen inortxok ez zuen hau egiten. Espainiar estatuan jende askok zizelkatzen du, eta Amerikako Estatu Batuetan izugarrizko industria dago piezak zizelkatu eta saltzen. Gezi-puntak egiten dituzte batez ere, baina xaflarik ez, nahiz eta hango erregistro arkeologikoetan aurkitu izan diren.

Zertarako zizelkatzen duzu zuk?

Piezak berreraikitzen ditut Historiaurrean zehar nola egiten zituzten ikusteko eta industria litikoak hobeto interpretatzeko. Gozatu egiten dut artisau-lanean, baina ikertzea da nire asmoa. Egiten dudanaren zati handi bat arkeologia esperimentalaren barruan kokatzen da. Prozesu teknikoak berreraikitzen ditut, erregistro arkeologikoa hobeto ulertzeko eta interpretatzeko.

Barrikara joaten jarraitzen duzu harri bila?

Bai, baina lehen baino gutxiagotan, ahalegin fisiko handia eskatzen duelako. Orain Zaragoza hegoaldeko Ebro ibarrera joaten naiz, eta noizbehinka Frantziara. Silexa gero eta urriagoa da, besteak beste, XVIII. mendearen amaierara arte material estrategikoa izan da, txinpartazko armak egiteko erabiltzen baitzen. Silex harrobiak ustiatzen zituzten neolitikoan erabiltzen zen teknika berberekin, haiek jakin gabe.

Zer beste silex ustiategi daude inguruan?

Trebiñun paleolitiko garaiko silex-ustiategiak daude. Bertako silexa geologikoki aztertzen badugu, Ebroko bailara osoan aurkituko dugu. Araban Araiako mendilerroan bakarrik dago eta oso ustiatuta dago. Asturiasko, Kantabriako eta Euskal Herriko ustiategietan agertu da. Silexaren jatorria eta ezaugarri geologikoak aztertuz, Paleolitoko gizakien mugimenduak berreraiki ditzakegu. Goi Paleolitoan izan ziren giza mugimendu handienak. Ehiztariak eta biltzaileak zirenez, normala zen urtean 35.000 kilometro koadroko azaleran mugitzea, Euskal Herriaren azalera adina.

 

“Ezin da edonon zizelkatu, sortzen diren hondarrak ezin direlako material arkeologikoarengandik bereizi”

Zeintzuk dira zure erreferenteak?
Historiaurrean, zientzia gisa, Ignacio Barandiaran. Berarekin trebatu naiz eta niretzako dudarik gabe erreferentea da lan egiteko zuen moduagatik, bere energiagatik, ekoizteko zuen gaitasunagatik… Hala ere, egia esan, ez naiz oso mitomanoa, ikonoklasta naizela esango nuke, nire kabuz formatu naizelako.

Zer behar da zizelkatu ahal izateko?
Ezagutza, gaitasuna, materiala, tresnak, konstantzia eta pazientzia handia izan behar dira. Ez bazaizu gustatzen, ez du inolako zentzurik. Nik lehen aldiz zizelkatzen ari den pertsona bat ikusten dudanean, bost minututan jakin dezaket ea ondo zizelkatzera helduko den edo ez, baina teknologia sinplea jende gehienak egin dezake. Materiala ere behar da, hasteko nahikotxo, oso arin txikitzen delako.

Zizelkatzen hasi nahi duen norbaiti zer esango zenioke?

Lehengai-iturriak eskasten ari direnetik ez dut jendea zizelkatzen hastera animatzen, salbuespenak kenduta (barreak). Norbaitek benetako interesa badauka, bere kabuz hasteko esango nioke. Nik horrela egin nuen, ezer jakin gabe dokumentatzen hasi nintzen eta nire kabuz ikasi nuen. Materiala lortzeko iturri bat bilatzeko esango nioke, eta zentzuz jokatzeko. Ezin da edonon zizelkatu, sortzen diren hondarrak ezin direlako material arkeologikoarengandik bereizi. Mendian zizelkatzen duzunean aztarnak sortzen ari zara, eta gertatu izan da horrelakoak aztarnategi gisa kalifikatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa