Irakurketa erraza formatu bat da, edozein arrazoi medio irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonek testuak erraz ulertu ahal izateko pentsatua. Euskadi Irakurketa Erraza elkartea 2012an sortu zen, teknikari bultzada emateko asmoz eta 2017tik liburuak irakurri eta horien inguruan eztabaidatzeko taldeak antolatzen dituzte Bilbon. Aurten hiru talde dituzte martxan, laugarrena abiarazteko aukerarekin, eta horietako bat Deustuko Liburutegian elkartzen da. Partaideek eta taldearen gidariak kontatu digute zer egiten duten saioetan.
Aldi baterako zailtasuna duen jendeari dago zuzenduta talde hau, euskara ikasten ari den edo euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duen jendeari, hain zuzen. Taldearen helburua “euskaraz irakurtzearen lilura suspertzea” eta euskara praktikatzea da, eta, horretarako, liburuak erabiltzen dituzte. Urriaren 21etik azaroaren 25era Montse Floresen Rif mendietako ura landu dute, berez, formatu horretan idatzita dagoena.
Partaideek kontatu digute gustura daudela, “euskara praktikatzeko eta hitz egiteko lotsa kentzeko modu erosoa” aurkitu dutelako. Denek antzeko maila dute, taldeak funtzionatzeko ezaugarri inportantea Lina Ugarte koordinatzailearen iritziz. “Metodologia hau erabiltzeko ez da maila konkretu bat izan behar, baina bai partaide guztiek antzeko maila izatea, izan ere, mintza praktikarako aitzakia izaten da liburua”, diosku. Bera irakasle baino gehiago, moderatzailea da: ez du zuzentzaile papera betetzen, elkarrizketak bideratzen laguntzen du soilik.
Tentu handiz idatzitako liburuak
Edozein testu egokitu daiteke Irakurketa Errazera. Hainbat ezaugarri zaindu behar ditu: edukia, forma edo diseinua eta hizkera. Diseinu garbia izan behar du, espazio txuri askorekin. Serifa gabeko tipografia erabiltzen du, 12 puntutik gorako tamainan eta lerro arteko tarte handiarekin. Esaldi guztiak puntuarekin amaitzen ditu, eta ez ditu orri batetik bestera mozten. Gainera, esaldiak mozteko irakurtzean arnasa hartzeko egiten dugun etena baliatzen du, esaldiak euren forma naturalean moztuz. Azkenik, hiztegi erraza, baina aberatsa erabiltzen du, irakurleentzako erakargarria izateko.