Reggae-rap erromeriatik metal-rap taldera

prestaldizkaria 2020ko abe. 4a, 17:32

Argazkiak: Saúl Huerta eta Etchekoy / Azala: Perrexxila

Bizkarrean urte bezainbeste etapa dituen taldea da Patxadaz. Duela sei urte elkarrekin jotzen hasi ziren arren, hainbatetan aldatu da, bai estiloari, bai partaideei dagokienez. Azken fasea borobiltzeko, abesti propioz osatutako diskoa atera berri dute, lehena batera.

Mikel Alvarezek (gitarra), Asier Cobosek (baxua), Jon Kortabitartek (bateria), Eneko Irastorzak (ahotsa) eta Mikel Del Barriok (ahotsa) osatzen dute egungo Patxadaz taldea. Beti ez da horrela izan, sorreratik taldekideak sarritan aldatu baitira.

Txantxiku Aisialdi Taldeari zor diote hastapeneko kideak batu eta elkarrekin jotzen jarri izana. Dagoeneko taldean ez dauden hiru kideri euren aurkezpen jaian jotzeko proposatu zieten, eta horrela hasi ziren Deustuko Gazte Lokalean entseatzen. “Kontzertu hori prestatu genuen eta taldea sortu zen”, azaldu digu Alvarezek. Gerora, beste kide batzuk batzen joan ziren, hasierako zazpikotea elkartu arte: Andrea Corrales (biolina), Markel Baroja (ahotsa), Urko Urrutia (trikitia), Eneko Irastorza (bateria), Mikel Alvarez, Mikel Del Barrio eta Asier Cobos. Reggae-rap estiloko erromeria gisakoa ziren orduan, bertsioak jotzen zituzten.

Urte batzuk eman zituzten horrela, baja eta etenaldi batzuk gorabehera, 2018an azken fasea hasi zuten arte, egungo taldekideekin. Jon Kortabitartek Irastorzaren lekua hartu zuen eta honek mikrofonoari heldu zion. Orduan hasi ziren abesti propioak sortzen, kontzertuetara bertsioak soilik ez eramateko. “Lauzpabost abesti egin genituenean diskoan pentsatzen hasi ginen, orain urte eta erdi, gutxi gorabehera”, azaldu digute.

Bide gazi-gozoa

Elkarrekin diskoa kaleratzea prozesu luzea izan da, astuna bezain aberasgarria. Del Barriorentzako “erronka pertsonal handia” izan da, kide bakoitza mundu musikal batetik datorrelako eta denak eroso zeuden puntua bilatu behar izan dutelako. Antzeko bizi izan du Cobosek bilaketa hori: “Gure sormenaren puntu gorena bilatu dugu, inoiz ez dakizu noraino heldu daitekeen zure sormena, eta lagunekin errazagoa da”. Bidea gazi-gozoa izan da, ordea, baliabide urriak, grabaketa lantaldean aldaketak, eta konfinamendua tartean, asko luzatu zaielako. “Grabatzea oso astuna da, musikari askori ez zaie gustatzen estudioan sartuta egotea eta gu apur bat erre gaitu”, diosku Alvarezek.

Diskoa Iturribide eta Santutxu artean dagoen Mamba Beltza estudio autokudeatuan grabatu dute Lando Stonekin. Hainbat kolektibok sortu eta osatzen duten proiektua da eta oso eskertuta daude kideekin: “Oso ondo zaindu gaituzte, konfiantza osoz”. Pantx Records kolektiboaren bidez heldu ziren estudiora. “Mamba Beltzak bizitza eman digu”, borobildu dute euren esperientzia.

Oztopoak oztopo, azkenean kaleratu dute diskoa. Estilo asko nahastu dituzte bederatzi kantuko lanean: nagusi den metal-rapaz gain, funkya, trasha edota distortsioak aurkituko ditu entzuleak. “Metal-rapa dela esaten dugu zerbait esatearren, baina hauek konposatzeko orduan zoratuta daude, abesti batean bost aldaketa sartzen dituzte, eta bost-sei minutuko abestiak dira. Talderen batek gure abesti batekin disko oso bat egingo luke”, argitu du Del Barriok. Estiloekin jolasteak probatzeko balio izan die, esperimenturako.

Zuzeneko taldea

Diskoa ez da inoiz helburu izan taldearentzako, kontzertuak ematen gozatzen baitute gehiago grabatzen baino. Entzuleek ere zuzenekoa gehiago preziatuko dutela uste dute: “Diskoa artifizialagoa da, zuzenekoak beti gehiago ematen du, are gehiago bi abeslari dituzunean eta musika indartsua egiten duzunean”. Nolanahi ere, zuzenekoaren eragina agerikoa da abesti guztietan. Horrela azaldu digu Mikel Del Barriok: “Kontzertu batzuk eman ahal izan ditugu eta horrela abestien energia neurtu eta gustatzen ez zitzaizkigun gauzak aldatu ahal izan ditugu. Zuzenekoa ere prozesuaren parte izan da eta oso aberasgarria izan da”.

Tamalez, lana nahi luketen bezala aurkezteko eta zuzeneko gehiago emateko itxaron beharko dute. Gutxienez, datorren urteko udan aurkezpen bira egiteko esperantza badute. Gustatuko litzaieke hemendik hona ibiltzea kontzertuak ematen, jendearekin egoten eta diskoa banatzen, baina, bistan denez, momentuz behintzat zaila izango da. “Egoera berria da eta ez dakigu nola jokatu, guk ezin dugu akustiko bat eman jendea eserita dagoela, guretzat ez du zentzurik”. Bitartean, diskoa gertuko jendearen artean, tabernetan eta sare sozialen bitartez saltzen saiatuko dira. Plataforma digitaletan ere izango da eskuragarri. Kontzertuak ematera itzuli bitartean, sortzen eta konposatzen jarraituko dute, “hurrengo diskoa atera arte”.