Arkotxagane baserria, ehun urteko gaztea

Hektor Ortega 2020ko abe. 11a, 10:52

Argazkia: Arkotxagane baserriko Ainhize, Orzuri Maite eta Joseba

Gure datuak zuzenak badira, Arkotxagane Deustuan eraikitako azken baserria da. Orduan ehundik gora ziren gure herriko baserriak. Mende bat geroago, dozena bat baino ez dira. Eta azken ehun urteotan etengabe familiaren bizileku izan direnak aitatzen hasi ezkero, Arkotxagane eta beste baten bat baino ez. Lehenengo mende honen historia PREST!eko irakurleekin partekatu nahi dute. Bagoaz?

Bista ederrak dauzka Arkotxaganek Bilbo gainean. Artxanda aldean dago, Pikotamendiko magalaren erdian, Jesús-María ikastetxearen ondoan. Apur bat beherago Ibaizabalen bila jausten den Arkotxa erreka xumearen trokari begira eraiki zuten, ohi bezala atzealdea ipar-mendebaldeari emanda, eguzki orduak ahalik eta ondoen baliatzeko eta enbatez babesteko. Ur-xirripa apal hori esanguratsua da guretzat, hori baitzen Deustua eta Begoñaren arteko muga. “Deustuko akabukoak gara gu”, esan zigun euskara ederrean etxekoandre Teresa Gorostiolak orain dela hogei urte PREST!erako baserrien gaineko erreportajea egitera hurreratu ginenean. “Ni Deustuko San Pedro elizan bataiatu ninduten”, esan digu orain Maite Lujuak, haren alabak. Arkotxaganen hartu gaitu, senar Joseba Anuzita eta alaba Ainhize eta Orzurirekin. Baserriko hirugarren eta laugarren belaunaldia dira.

Arkotxagane eraiki zutenean Deustua udalerria zen. Bost urte geroago gauzatu zen anexioa. Sasoi hartantxe, herriko azken udal idazkariak, Jesus Gaztañagak alegia, idatzi zuen Deustuak luzaroan eutsiko ziola bere baserritar itxurari, “baserri asko daudelako”. Baina bazuen susmo txarrik, eta, badaezpada, ondokoa erantsi zuen: “Inoiz desagertuko balira, hona hemen euren izenak”. Hirurogeita sei izen idatzi zituen, baina gehiago zirela zehaztu zuen.

Desagertu egin ziren, bai. Esan legez, gaur egun dozena bat baino ez dago, ia denak Artxanda gainean. Eta iraun dutenen artean dago, hain justu, baserrietan berriena: Arkotxagane. Izan ere, 1915 urte aldean Manuel Chalbaud Errazkin enpresariak etxalde zabala erosi eta osatu zuen Deustuan. Ibaizabalen ondoan hasi, Kabako etxeen alboan, eta Artxanda gainerainoko eremua zen. Behealdean beretzako jauregia atondu zuen, Aldabe. Finkako gainerako eremuetan baserri bi altxarazi zituen, Barazgoiti (gaur egun Jesús-María ikastetxea dagoen lekuan baino apur bat beherago) eta Mendiburu, Pikotamendi edo Zarandoa esaten zaion Artxandako tontorrean bertan.

Arkotxagane 1983an

Hasierako plana baserri bi baziren, azkenean hiru eginarazi zituen. “Gure aititeak Chalbaudentzat egiten zuen lan -kontatu digu Maitek-, eta ezkontzekotan zegoenean esan zion lana utzi egingo zuela, han ez zeukalako familia hazteko modurik. Orduan Chalbaudek esan zion etxea egingo ziola”. Esan eta egin. Aitite hura Hilario Gorostiola zen eta Canuta Zarragarekin ezkonduta, Arkotxagane egin berrian hasi ziren bizitzen, errentero, 1920an. Hala ere, ez ziren baserritik bizi, Hilariok Chalbaudentzat lanean segitu zuelako. Baina etxea baserria zen eta inguruetan lursail txikia hartu zuten. “Baserriko aurrealdea, hala beheko pisua nola goikoa, etxebizitza zen. Atzealdea, berriz, beheko pisua korta eta goikoa lastategia”, azaldu du Josebak.

Canuta Zarraga 1935ean hil zen. Hilario seme-alaba birekin gelditu zen. Une gogorrenak, segurutik, 1936-37koak izan ziren. “Alde batekoak eta bestekoak etortzen ziren Arkotxaganera jatekoak konfiskatzera. Gure aititeak txarria hil eta txarriki guztiak bidoi baten sartu eta erreka azpian egindako zuloan ezkutatu zituen. Gero gauaz joaten zen eta behar zuena hartzen zuen, inork ikusi barik”, gogoratu du Maitek. Bonbardaketak izaten zirenean, etxetik beherago zegoen tunel baten babesten ziren. Artxandako bataila gogorretik, ostera, onik eta osorik atera ziren, hala etxekoak nola baserria. 

Hilario 1957an hil zen, baina ordurako alaba Teresa Gorostiola Etxebarriko Migel Lujuarekin ezkonduta eta Arkotxaganen erreleboa hartuta zegoen, eurak ere maizter. Errenta San Tomas egunean ordaintzen zioten ugazabari. Sasoi hartan Migelek Matikoko lantegi baten egiten zuen behar eta Teresak baserriko lanak egiten zituen. “Gure ama sasoi hartan Ciudad Jardín aldera astoekin joaten zen esnea, arrautzak edo barazkiak saltzen”, kontatu digu Maitek. Ortua ez ezik, behiak, txerriak, oiloak... eduki zituzten. “Behiak 1980 urte aldera arte, gutxi gorabehera. Txerria hiltzera, berriz, Montaño txakolindegiko Juanjo etortzen zen”, aipatu digu Josebak.

Arkotxagane baserriko Migel eta Teresa seme-alaba Mikel eta Maiterekin

Orduan Arkotxaganetik bidea zegoen Kabaraino, Deustuko Unibertsitatearen ondoraino, alegia, jaisteko. Baina hurrago zegoen eta joera gehiago zeukaten Ciudad Jardin, Matiko eta Uribarri aldera. Eskola ere, han. Miguelek eta Teresak seme-alaba bi eduki zituzten, Mikel eta Maite. 1950eko hamarkada hartan Bilboaldean ez zegoen euskararentzako girorik, errepresioa eta gorrotoa baino ez. “Mikel ni baino zaharragoa zen eta eskolan euskaraz egiten zuenez, laster baten esan zieten gure gurasoei niri ez egiteko euskaraz”, kontatu digu Maitek. Ondorioz, etxean ikasi ezinik eta kalean eta eskolan debekatuta, hizkuntza galdu zuen. Euskararen katebegi ahulena da Arkotxaganen, baina katea ez zen eten. Arkotxaganek euskarari eutsi dio eta belaunaldi berriak euskaldunak dira.

Chalbaudtarrek mojei saldu zieten finka osoa. Lekaimeen aginduz, behealdeko Aldabe txaleta eraitsi eta etxeak eraiki zituzten. Erdialdean, Barazgoiti baserria baino apur bat gorago, Jesús-María ikastetxea egin zuten. Eta Arkotxaganekoek mojen errentero segitu zuten, harik eta 1989an baserria eta lur txatal bat erosi zieten arte. Orduan, lehenengo aldiz, etxea zaharberritzeari ekin zioten, atalka: teilatua, beheko pisua eta azkenik, goiko solairua, 1997an. Horrela ikusten dugu gaur, bere apalean dotore eta txukun. Hori bai, bidea ez da samurra izan. “Urteetan -kontatu digu Maitek- etxean ez zen argindarrik egon, Chalbaudek ez zuelako paisaia itsusten duten argi-zutoinik ikusi nahi”. Mojek ikastetxea egin ostean lortu zuten argi elektrikoa etxeraino eramatea. Ez argirik, ezta ur hornidurarik ere 2000. urtera arte. “Etxearen atzealdean ur-biltegi bat dago eta bertara zisternetan ekarri eta bertatik hartzen genuen. Gure amak lixiba erreka ondoko putzu baten ere egin izan zuen”, gogoratu du Maitek.

Teresa Gorostiola 2004an hil zen eta handik gutxira, senar Migel (2005). Harrezkero, Maite eta Joseba dira Arkotxaganeko bizilagunak.

Berbetan gaude, etxe ondoan, Bilbo gure oinetan. Garai bateko auzokideen izenak ere atera dira solasaldira, dela Mendiburu edo Pikota baserriko Mari, Barazgoiti edo La Vaqueríako Iñaki, eta beste Mari bat, oraindik magalaren erdian irauten duen dorretxekoa. Denak ziren Chalbaudtarren maizter. Horiek desagertu ziren, baita etxe inguruko arto eta gari sailak ere. Euren azpitik mendia alderik alde zulatu zuten, Artxandako tunela egiteko, eta orain jende andana ibiltzen da etxetik hur igarotzen den Axerrotabidetik. Baina hor dago Arkotxagane, Deustuko baserririk gazteena, Deustuko akabukoa, bizirik, pandemiak eragotzi duen mendeurrenaren ospakizuna noiz egingo. Laster izan dadila eta urte askotarako!

Arkotxagane 2002an