Garrantzitsua da elikadura zaintzea?
Bai. Egunean zehar egiten ditugun gauza guztiek, elikadurak barne, eragin zuzena dute gure bizimoduan eta noski, gure gorputzean. Osasuna aipatzen dudanean, ez naiz ari soilik fisikoan, osasun sozialaz eta mentalaz ere ari naiz. Egunero elikatzen gara eta hori zaintzea eta noski, horretaz kontziente izatea beharrezkoa dela uste dut.
Zer da elikadura osasuntsu bat?
Norberarekiko errespetua mantentzen duena, malgua eta beldurrik sortzen ez duen elikadura bat. Esperientzia sortzailea ere bada, beste kulturetara hurbiltzen gaituena, murriztailea ez dena eta betiere norberarekiko epairik sortzen ez duena. Azken batean, kontzientziaz hartzen dena.
Nolako pazienteak izan ohi dituzu?
Denetarik dago eta denek dituzte helburu eta motibazio ezberdinak. Patologia asko dituzten pazienteak izan ditut azkenaldian eta horrek asko harritu nau. Nutrizioaren mundua asko sinplifikatu da eta jendea helburu estetikoengatik soilik joan ohi da nutrizionista batengana.
Zein izan ohi da haien helburua?
Zergatik baino, zertarako jarri den harremanetan nutrizionistarekin galdetzen diot beti pazienteari. Zergatiak ez duelako hausnartzeko aukera askorik ematen. Pisua galtzeko edota gaixotasun baten ondorioak murrizteko dira entzuten ditudan arrazoi ohikoenak. Zertarako galdetzen diedanean ordea, erantzun oso ezberdinak ateratzen dira: elikagai berriak probatu nahi izatea, elikadura ohiturak aldatu nahi izatea, gorputzarekin bakean egon nahi izatea edota 50 urte barru biloben atzetik korrika egin ahal izatea.
Zelan lagundu deizaioke nutrizionista batek elikadura nahasmena duen norbaiti?
Disziplina anitzeko lan talde baten aldekoa naiz, hau da, pertsona batek bakarrik ezin izango du elikadura nahasmena duen norbait lagundu. Psikologoekin, psikoterapeutekin eta jakina, familiarekin eta inguruko jendearekin tandem moduko bat sortzean dago gakoa. Nutrizionistak, kasu honetan, elikagaiekiko harremana hobetzen, momentu horretan gertatzen ari denaz jabetzen, kontzientziatzen eta nutrizio aldetik osasuna arau bat sortzen lagundu dezake.
Uste duzu ezjakintasun handia dagoela dieten inguruan?
Bai, eta guztiz ulergarria da. Urtero dieta eta korronte berriak agertzen dira: bat batean esaten digute arrautza jatea ez dela egokia kolesterola handitzen duelako, ostera egunean bizpahiru arrautza jan ditzakezula entzuten dugu… Hainbeste informaziok desinformazioa ekarri du eta ondorioz, dena sinplifikatzera eraman gaitu.
Existitzen dira dieta magikoak?
Oso argi daukat ezetz. Gainera, oso erreza da dieta hauek identifikatzea. Dieta magikoek, esate baterako, izen edo aurpegi ezagun bat izan ohi dute atzean eta orokorrean nutrizioaren edo dietetikaren munduarekin zerikusirik ez duen pertsona bat izan ohi da. Dieta magikoek izen gogoraerrazak dituzte, batzuetan elikagai baten izena daramate eta orokorrean murrizketa asko dakartzate, ordutegi, elikagai eta plazerraren aldetik.
Azken aldian asko entzuten da aldizkako barauaren inguruan. Zer da? Zertarako balio du?
Estrategia nutrizional bat da eta estrategia guztiak bezala aurrean daukagun kasuaren arabera egokia edo desegokia izan daiteke. Dieta ketoganikoarekin berdina gertatzen da, kasu batzuetan gomendatuko nuke eta beste hainbatetan ez. Gainera, nahiz eta estrategia orokorra izan, aldi berean oso pertsonalizatua egon behar du, hots, ez dago aldizkako baraualdia aurrera eramateko arau orokorrik. Laburbilduz, egunean zehar mantenugai batzuk eman behar dizkiogu gorputzari, eta horiek bi, hiru edo bost otordutan lortzea pertsonaren araberakoa izango da. Nutrizioak eskaintzen dituen tresnen artean, beste bat da aldizkako baraualdia.
Berdina gertatzen da Realfood-en inguruan. Zer deritzozu?
Realfooding-aren helburua elikagai freskoen kontsumoa sustatzea da eta ni horrekin ados nago. Arriskutsua dela deritzot azkenaldian sare sozialetan asko masifikatu den kontzeptua delako eta bakoitzak Realfooding delakoaren interpretazio bat egiten duelako. Murriztailea denean, disfrutatzeari uzten diogunean edo dietak gu kontrolatzen gaituenean osasuntsua izateari uzten dio eta hori arriskutsua da.
Sare sozialetan asko zabaldu den mugimendua ere bada. Uste duzu kaltegarria izan daitekeela elikaduraren inguruko zabalpen masibo hori?
Oso garrantzitsua da gaia nola zabaltzen dugun zaintzea. Elikagaiak onuragarri edo kaltegarri bezala etiketatzea arriskutsua izan daiteke, batez ere elikagai kaltegarri horiek kontsumitzen dituzten pertsonentzako, balioa kentzen zaielako. Elikagaiak izendatzeko erabiltzen ditugun hitzekin kontuz ibili behar gara, ez baitago elikagai onik ezta txarrik ere. Ezin ukatu nutrizionalki interesgarriagoak diren elikagaiak daudela, baina horrek ez du ezartzen hobea edo txarragoa denik. Etiketak jartzen hasten garen momentuan arazoak sortzen dira.
Zer dira elikagai ultraprozesatuak?
Palatagarriagoak izan daitezen prozesu bat edo beste jasan dituzten elikagaiak dira. Hau da, gustu, zapore, usain eta biskositate handiagoa izan dezaten prozesatzen dira. Elikagai horiek esperientzia bilakatzen dira kontsumitzailearentzako. Ez dira elikagai txarrak, baina elikagai horietan oinarritutako elikadura bat ez da batere gomendagarria.
Kulturalki jaten eta edaten sozializatzeko ohitura daukagu. Osasungarria da?
Bai, guztiz. Euskal Herrian batez ere bizitzako gauzarik politenak zein txarrenak mahai baten inguruan ospatu ohi ditugu. Janariak botere sozial eta emozional handia dauka eta hori nire ustez osasuntsua da. Zer, zergatik eta nola jaten ari garen kontziente izatean dago gakoa.
Gabonetan egun asko ematen ditugu asko eta denetarik jaten, ondoriorik al du?
Nik uste dut ondorio emozional eta psikologiko positiboak dakartzala. Pentsatzen duguna baino gutxiago irauten dute Gabonek, orotara gutxi gorabehera hilean egiten ditugun 93 otorduetatik bospasei dira eguneroko errutinatik kanpo egiten ditugunak. Lehen aipatu dudan bezala, kontziente izatean dago gakoa.
Zeintzuk dira gezur edo mito nagusiak nutrizioaren munduan?
Egia absolutua defendatzen duen edozein esaldi mitoa da, hau da, mito bezala uler daiteke indibidualki tratatzen den edozein aholku: ogiak titiak handitzen ditu, fruta sabelean hartzitu egiten da…
“Sistema gordofobikoari aurre egiteko asmoz, geroz eta gehiago zaintzen dugu erabiltzen dugun hizkera”
Zergatik aukeratu zenuen nutrizioaren munduan murgiltzea?
Familiako kide batek tratu sanitario arrotza jaso zuen nutrizionista eta endokrinoaren aldetik eta horrek mundu honetan murgiltzera eta hau ikastera bultzatu ninduen. Paziente bat elikadura integratibo batetik begiratuta, osotasunean nola tratatu ikastera, alegia.
Zein da nutrizionista eta dietista baten arteko desberdintasuna?
Ikasketetan dago ezberdintasuna. Nutrizionista batek Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradua egin behar du, lau urtekoa. Dietista batek, ordea, goi mailako gradua, bi urtekoa. Lanbide ezberdinak dira eta noski, lan esparrua ere ezberdina da.
Nutricion Plato del Mundo Instagram kontua daukazu lankide batekin, zer lortu nahi duzue horrekin?
Hasierako helburua elikagai osasungarriekin sortutako dieta baten eskuragarritasuna erakustea zen. Hots, elikadura osasuntsu bat eramatea erreza dela erakutsi nahi genuen. Denborak aurrera egin ahala gure mezua aldatu egin da, izan ere, sistema gordofobikoari aurre egiteko asmoz, geroz eta gehiago zaintzen dugu erabiltzen dugun hizkera. Era berean guk ditugun hainbat ezagutza ere zabaltzen ditugu, adibidez, sistema sozialaren egoeraren inguruan ere mintzatzen gara, baita gure gorputzekiko ditugun jarreren inguruan ere.