Auzoko txokoak koadro bihurtuz

Jone Gartzia Gerra 2021ko urt. 13a, 09:06

Sarean San Inazioko koadroak eskegitzen hasi zenean ezagun egin zen Iñaki Ortiz. Moldekatzean aritua ere baden arren, orain margolaritzan ari da batez ere. Argiaren sakontasunarekin jolastea gustatzen zaio, paisaietan sakontasun bila, eta abstrakzioa du jomugan, betiere errealitatetik abiatuta.

Arbolagaña kalean du estudioa Iñaki Ortiz Aviot saninazioztarrak. Aspaldi, zizelkatze eta pintura tailer bat zen, eta Iñaki ikaslea izan zen bertan. Taldea beste leku batera mugitu zenean, Iñaki bakarrik geratu zen lokalean. 

Hala ere, hutsik egon da denbora luzez. Eroso lan egiteko lekurik gabe eta denbora faltan, 20 urte eman ditu Ortizek moldatu eta margotu gabe. Itzultzeko gogoz zegoen eta koronabirusaren ondorioz langabezian geratu zenean berriz hastea erabaki zuen. Ordurako bazuen lekua, eta apenas pintatu gabe ia bi hamarkada eramatea ez da koadro berriak egiteko oztopo izan. Areago, besteen koadroak ikusten zertxobait hobetu duela uste du.

Margolaritzarekin hasi da gogor, eskulturak eta moldeak apur bat alde batera utzita. Pintura akrilikoa deskubritu du, eta olioa ez bezala arin lehortzen denez, zuzenketak egiteko errazagoa dela deritzo. “Ni ez naiz margolari fina, zuzenketa asko egin behar izaten ditut, eta olioarekin hori ezin da egin, koadroa hondatzen delako”, diosku. Akrilikoak, ordea, beste askatasun bat eman dio.

Paisaiak margotzea gustuko du, baina ez errebelatutako argazki bat oinarri hartuta, baizik eta errealitatea bera. Gustuko ez duena, ordea, atrilarekin han-hemenka ibiltzea da. Tabletak arazoa konpontzen lagundu dio: nahi duen argazkia egin eta argi propioa duen gailu batean ikus dezake. Argi-uneak harrapatzea gustatzen zaio; argiarekin, gerizpearekin eta itzalarekin jolasten da, paisaietan sakontasun bila.

Leku askotako paisaiak margotu ditu, besteak beste San Inazioko lau eta Ibarrekolandako bat, Arangoititik ikusita, eta horregatik egin da ezaguna bazterrotan. Ekin eta ekin ari da eta lan gehiago prest dituenean erakutsi eta saltzeko intentzioa du. Hala ere, merkatua oso zail ikusten du: “Margolari onei ere kostatu egiten zaie saltzea”.

Instituzioek artista berriei ematen dien babes falta ere oztopo bat da. Bere ustez, erakusketarako areto gutxi daude, “Udalak erabiltzen ez dituen lokalak baditu ere”. Herritarrentzat beharrezkoa den zerbitzu batean inbertitu beharrean, “bere ospea puzteko” baliagarriak zaizkien proiektuak bakarrik babestea kritikatu du, era horretan gastu finkoa saihesten duelako. “Guggenheim efektuak gainerako guztia suntsitu izan balu bezala da”, erantsi du. Momentuz, bere kabuz ikasten eta koadro gehiago sortzen jarraituko du. Abstrakziora jo nahi du, gainera, baina irudi batetik abiatuta, orain arte bezala.