40 eguneko diru kanpaina abian jarri zenuten azaro amaieran. Zergatik?
Koronabirusaren ondorioz jaiak bertan behera utzi behar izan genituen hauek hasteko egun bakarra falta zenean, martxoaren 12an alegia. Txosnagunea, agertokia eta bestelako kontratazio guztiak eginda genituen eta hori bertan behera utzi izanak diru galera handia ekarri dio jai batzordeari, kolokan jarri zuen nolabait gure aurrera begirako jarduna.
Nola joan da kanpaina?
Hasieran diru kanpaina zalantza askorekin abiatu genuen, ez baitira batere garai onak dirua eskatzen ibiltzeko. Orain, ezarritako helburu ekonomikoa lortu dugu eta ezin pozago gaude.
Kanpaina bitartean bide ezberdinak zabaldu genituen, txikia bazen ere, jende gehienak diru ekarpena egin zezan. Itsulapikoa.eus plataforman proiektua zabaltzeaz gain, auzoko merkatarien eta eragileen laguntza ezinbestekoa izan da kanpainaren helburua lortzeko.
Zergatik?
Diru galerari aurre egin nahi izateaz gain, arazoa azaleratu eta egun jai batzordetik urrunago dauden elkarte, auzokide eta bestelakoetara heltzea ere lortu nahi genuen eta uste dugu auzoko merkatariek lan polita egin dutela hori horrela gerta dadin. 80 saltoki baino gehiagotan itsulapiko fisikoak eta eskuorriak jarri ditugu eta gure ustez horrek arazoa jai batzordearen mugetatik haratago zabaltzea ahalbidetu du. Gainera, badakigu auzotik kanpoko jendeak ere ekarpena egin duela eta horrek asko pozten gaitu.
Diru kanpainak emandakoari esker, denbora luzez lanean jarraitzeko aukera izango duzue beraz.
Ez pentsa. Kanpainak batez ere martxotik genituen zorrak kitatzeko balio izan digu. Lortu dugun dirua Deustuko jai arrunt batzuen aurrekontuaren herena baino ez da. Dena den ez gara kexatzen, espero genuena baino gehiago lortu baitugu.
Gure kasuan, Deustuko jaiak konpartsek, eragileek eta taldeek jarritako diruari esker ateratzen ditugu aurrera, jai batzordeentzako Bilboko Udalak duen dirulaguntza oso eskasa baita, hots, 1500€koa. BBK Live eta bestelako ekintza pribatuei ematen zaien dirulaguntza ordea, askoz handiagoa da eta ez dugu ulertzen.
Zaindu maite duzun hori lelopean eraman duzue aurrera kanpaina. Badu aurrekaririk?
Gure jaietako edalontzietan ageri den esaldia da, baina ez genuen horregatik aukeratu. Martxoan, itxialdiak bete betean harrapatu gintuenean Deustuko Jai Batzordetik zaintza sarea jarri genuen martxan elkartasuna eta elkarzaintza hedatuz, Koronabirusak areagotzen zuen krisi egoerari era kolektiboan erantzuteko. Guztira 150 auzokide elkartu ginen behar zutenei erosketak egiteko. Gainera, itxialdia atseginagoa egiteko Deustuko Kanala antolatu, euskaraz etxean berba egin ezin zutenentzako mintza praktika telematikoak sortu eta krisiak ekonomikoki eta sozialki gehien kolpatu zituenei irtenbidea emateko asmoz, lantalde sozioekonomikoa ere martxan jarri genuen.
Orokorrean auzoko bizitza komunitarioari eskaintza bat ematen dio jai batzordeak eta zaindu maite duzun hori leloaren bitartez azaldu nahi genuen.
Egoera ikusita aukera gutxi dago egun betiko jai ereduari jarraitasuna emateko. Nola ikusten duzue zuek?
Argi dago betiko jai eredua egitea ezinezkoa izango dela, gaueko kontzertuak, txosnagunea… behintzat datorren urterako utzi beharko ditugula aurreikusten dugu. Hala ere, segurtasun neurri guztiak hartuta zerbait antolatzea posiblea dela deritzogu: eguneko ekintzak indartu eta formatu berri bat sortzea planteatu dugu dagoeneko. Jai batzordeak antolatzen dituen ekintza guztiak kalean, espazio publikoan izaten dira eta aforoak kontrolpean izanda oso bideragarriak izan daitezke. Horrelako ekintzek ekarpen garrantzitsua egiten diote auzoko bizitzari.
Oztoporen bat aurreikusten duzue?
Osasun egoerak okerrera egin ezean, ez luke inongo oztoporik egon behar doako ekintza anitz, euskaldun eta herrikoi bat antolatzeko. Ez dira gutxi izan Bilboko Udalak udan antolatutako jarduerak eta posible dela erakutsi dute: bertso-saioak, umeentzako antzerkiak… guk ere antzeko zerbait antolatzeko asmoa daukagu.