Merkatariak emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira, eta, gainera, emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute. Horretarako, besteak beste, komertzio hauetan hainbat esku-orri banatuko dira, emakumeen ilustrazio eta aurkikuntzen laburpenekin.
Ekimen honen helburuetako bat 10 eta 19 urte arteko gazteentzako zientzia- eta teknologia-ekintzak egiteko aisialdi-eskaintza sustatzea da. Hori dela eta, Bilboko Bizilabeko gazteek COVID-19aren egoerara egokitu eta hainbat ikus-entzunezko egin dituzte. Haietan, emakumearen istorioa aurkeztu eta bere ikerketa-gaiarekin zerikusia duten esperimentuak egin dituzte.
#Erakuslehioak011 webgunea
Ekimen honen baitan multimedia edukia sortu da. Parte hartu duten saltokiak Bizilaberen Otsailaren 11ren webgunean egongo dira ikusgai otsailaren 8tik aurrera. Parte hartu duten saltokiak Bilboko mapan ikusi ahal izango dira. Horietan klik eginez, erakusleihoaren argazkia eta omendutako emakume ikertzailea zein den ikusteko aukera dago.
Emakume ikertzaileen ilustrazioak ere webgunean egongo dira, euren istorioekin batera. Elhuyar Aldizkariak idatzitako istorio hauetan ikertzaileen bizitza, gertaerak eta asmakuntzak biltzen dira.
Bilbokoak ez ezik, Elgoibar, Ermua, Soraluze eta Tolosaldeko saltokiek ere parte hartuko dute, guztira 78 merkatari izanda.