Inprimategi autogestiboa

Jone Gartzia Gerra 2021ko ots. 16a, 09:29

Deustuibarrako 70. zenbakian, Artiach gaileta fabrika zaharraren eraikineko lokal batean dago Dortoka inprimategia. Proiektu bikoitza da, “alde komertziala eta alde politiko-militantea” nahasten ditu, eta denetariko “artefaktu artistikoak” egiten dituzte bertan. Eki eta Raul kideek azaldu digute nola heldu diren honaino.

Fotokopiak, inprimaketak, koadernaketak, pegatinak, egutegiak, agendak, EP eta binilo zorroak… denetarik egiten dute Erriberako Dortoka inprimategian, baina, guztien artean gozamen gehien ematen diena liburuak ekoiztea da. Hain zuzen, liburu bat argitaratzeko lanetan ezagutu zuten elkar Ekik eta Raulek, eta liburuekin egiten dute lan bereziki, edozein material koadernatu egitera iristeko perspektibarekin. Aurki azal gogorreko lanekin hasiko dira.

Duela hiru urte egin zuten topo oraingoz Dortokaren bizkarrezur diren Eki eta Raulek. Lehena Argentinatik etorri berria zen, han kaleratu zuten liburu bat (Wenüy. Por la memoria rebelde de Santiago Maldonado, Lazo ediciones) Euskal Herrian argitaratzeko tresna bila zebilen. Raul Gasteizko Irrintzi inprimategi anarkista eta autogestionatuan ibilia zen, Bilbon antzeko esperientzia bat martxan jartzen saiatzen ari zen. Elkar ezagutu zuten eta ondo konpondu ziren. Lana elkarrekin kaleratu ostean, Dortoka zabaltzea erabaki zuten.

Hainbat esperientzia autogestionatu bizkar

Esan bezala, Raul Gasteizko Irrintzi inprimategi anarkista eta autogestionatuko kidea zen. Garaje batean inprimatzen eta koadernatzen zituzten lanak, inolako irabazi asmorik gabe. Haiek makinak eta ezagutza zituzten, trukean eskatzen zuten bakarra ekoizpen prozesuan parte hartzea zen. “Norbaitek liburu bat atera nahi zuenean gurekin egin zezan eskatzen genion”, azaldu digu Raulek, baina eredu horrekin etengabe bi arazorekin egiten zuten topo: “Edo lanak ez ziren ondo ateratzen edo jendeak ez zuen lan egitera etorri nahi”.

Hainbat arrazoi medio, 2016an eman zioten amaiera Gasteizko Irrintzi inprimategiari. Hurrengo urtean Raul Bilbora etorri eta antzeko proiektu bat abiarazten saiatu zen hemengo lagun eta militante batzuekin, baina ideiak ez zuen aurrera egin. Azkenean, 2018an lortu zuen eredu bikoitza uztartzen duen proiektua martxan jartzea.

Bilbon bazen beste inprimategi bat antzeko filosofiak mugitzen zuena, 2018ra arte mesedeetako kaiko hirugarren zenbakian egon zen Luna inprimategia, hain zuzen. Inguruko mugimendu autonomo eta anarkistako lan gehienak bertan inprimatu izan dira. Inprimategia mantentzeko eta bertan lan egiten zutenen bizitza sostengatu ahal izateko, lan komertzialak ere egiten zituzten. Inprimategia itxi zutenean hainbat makina eta material eman zizkieten hasi berriak ziren Dortokako kideei.

Proiektu bikoitza

Dortokan mugimendu sozialentzako eta etekin ekonomikorik bilatzen ez duten proiektuentzako lanak kostaprezioan edo ahalik eta merkeen egiten dituzte, baina inprimategia mantentzeko beharrezkoa dute diru apur bat ateratzea, horregatik proiektu bikoitz gisara funtzionatzen dute, “alde komertziala eta alde politiko-militantea” nahasiz.

Bai Raulek eta bai Ekik esperientzia dute inprimategi autogestionatuetan, eta handik ikasi dute lan grafikoetan kalitatea bermatzeko ezinbestekoa dela esperientzia, jakintza eta gogoa. “Ez badakizu nola egiten den, ikasteko gogo handirik ez baduzu edo ez baduzu arreta handirik jartzen ziurrekin gaizki aterako dira lanak”, diote.

Inprimategiaren biziraupena ziurtatzeko bi kideetako batek kanpoan egiten du lan, beste inprimategi batean soldata baten truke. Horrekin, garai txarretan, egungoa kasu, makinak martxan mantentzeko eta alokairua ordaintzeko dirua ziurtatzen dute. Izan ere, horrelako proiektuek parte hartzaileen ekarpenei esker egin dute aurrera sarri. Orain inprimategiaren diru sarreren bitartez sostengatzea lortu dute. Beste kideak liberatu papera betetzen du, kontu ekonomikoez eta eguneroko lanez arduratzen da, baina lan asko bien artean egin beharrekoak direnez ez da arraroa biak batera inprimategian ikustea. Taldea handitzea gustatuko litzaieke, baina oraingoz ez dute horrek suposatuko lukeen gastuei aurre egiteko sarrera eta lan jario nahikorik.

Deustuibarrako 70.ean dituzte makinak. Lokala Artiach eraikinean dago, mekanika lantegi bat duten lagun batzuekin partekatzen dute erdibana, eta euren artean ere, elkarlana da nagusi.