Deustualdea Olabeagarekin lotuko duen tranbiaren ibilbidearen aurka agertu da Olabeaga Bizirik

uriola.eus 2021ko ots. 17a, 10:08

Udaletxeak eta Eusko Jaurlaritzak Deustualdea eta Olabeaga lotuko dituen tranbia bat sortuko dute. Horren aurrean, desados agertu da Olabeaga Bizirik elkartea, tranbia auzoko biztanleentzako garraioa ere izan beharko litzakeela argudiatuz.

Mezuan azaldu dutenaren arabera, Jesusen Bihotza plazako bideekin lotuko da tranbia, Euskalduna Jauregiko geltokitik gertu. Ondoren, metro batzuk jaitsiko da, Renfeko trenbidea altxatu ostean geratu zen korridore hutsera iristeko. Tranbiaren bi errail pare jarriko dira, joan den urtean Udalak bidegorrian oinezkoentzako sarbidea inauguratu zuen eremu irekira iritsi arte. Bide zati honek 500 metro izango ditu eta bertan Olabeagako bizilagunentzako geltoki bat prestatuko da.

Eremu irekitik, ia laurogeita hamar gradu egingo ditu ibilbideak eskuinerantz, uhartearen hegoaldeko puntara gurutzatzeko. Malda txiki batetik jaitsiko da ibilbidea, etorkizunean egingo den uharteko lehen geralekuarekin bat egin arte.

Hori dela eta, Olabeaga Bizirik elkarteak, udaletxeari garraioa auzoan barrena igarotzea eskatu dio, auzoaren amaierara heldu arte eta horrela “auzotarrentzako zerbitzua” ere izan dadin.