uriola.eus

Indarkeria matxista ikuspuntu kriminologikotik

  Kultura-aisialdia  Deustualdea

Leire Eiguren Obietak ‘No vales más que yo’ liburua argitaratu berri du. Ezagun baten esperientzian oinarrituta, indarkeria matxista ikuspuntu kriminologikotik eta biktimologikotik aztertu du. Lana euskaraz idatzi bazuen ere, argitaratu ahal izateko gaztelaniara itzuli behar izan du.

Kriminologiako praktikak egiten ari zela Donostiako Udaltzaingoko genero indarkeria eremuan, emakume baten istorioak piztu zion liburua idazteko grina. Bere kasua aztertzean ezaguna egiten zitzaiola konturatu zen. “Nire lagun bat ikusi nuen islatuta”, azaldu digu. Lagunarekin hitz egin eta salaketa aurkeztera ausartzen ez zenez, istorioa kontatzeko proposatu zion.

Horrela hasi zuen No vales más que yo saiakeraren bidea. Orduan, idazleak ez zuen espero argitaratuko zenik. “Amaitu nuenean oso harro sentitu nintzen eta kosta ahala kosta argitaratu behar nuela sentitu nuen”, aitortu digu Eigurenek. Argitaletxe bila hasi zenean, ordea, ezezko asko jaso zituen, Literarteko Maria José Mielgo Busturiarekin topo egin zuen arte. Hark baiezkoa eman zion, baldintza batzuekin: lana saiakera bat izan behar zen, ezin zuen lehen liburuan lagunaren bizipena kontatu, eta gaztelaniaz argitaratu behar zuen.

Lehenengoari aurre egiteko, alde teorikoa gehitu dio kontakizunari. Ikuspegi kriminologikotik eta biktimologikotik indarkeria matxista zer den, legeak zer dioen eta bere ustetan zer esan beharko lukeen aztertu du. “Astuna izan ez dadin, nire hausnarketa eta galderak sartu ditut”, gaineratu du. Hizkuntzaren arazoari, kontrara, “amorru handiz” egin dio aurre. Argitaletxe bila zebilela, aipatu zioten euskaraz liburu bat kaleratzeko “izen ona” behar dela, eta bere lehen lana izanik, ez zuen horrelakorik. “Orduan dena gaztelaniara pasatu nuen, eta uste dut igertzen dela, ez delako nire ama hizkuntza. Lehenengoa gaztelaniaz argitaratzea erabaki nuen, baina ahal dudanean euskaraz argitaratzea espero dut, ez zaidalako zilegi iruditzen”.

Argitaletxearen gomendioei jarraiki kaleratu du lehen lana deustuar gazteak, baina, bere helburua lagunaren istorioa kontatzea izan da hasieratik, eta horretan ari da orain. Liburuaren bigarren partea izatea nahi du, eta lotura izango dutela aurreratu digu: “Lehenengo liburua emakume horren hausnarketa batekin amaitzen da eta bigarrena bertatik abiatu. Irakurtzerakoan nabarituko da bigarren partea dela”.

Momentuz, edozein liburu-dendatan eskuratu daiteke Leire Eigurenen lehen liburua. Gainera, kriminologiaren esparru zabaleko beste gaien inguruan Criminóloga enfurecida blogean irakur eta entzun daiteke, eta Wattpad plataforman bestelako generoetan idazten dituen lanak irakurri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa