Aurrera doaz Deustuko Jaiak

uriola.eus 2021ko mar. 18a, 12:05

Joan den ostiralean hasi ziren Deustuko Jaiak. Aste barruko etenaldiaren ostean, bigarren asteburuko ekintzei ekingo die Deustuko Jai Batzordeak bihar.

San Jose egunean, ostiralean, ohitura den bezala, eguerdiko 13:00etan emakumeen aurreskua izango da Done Petri plazako frontoian. Bertaratzeko aforoa mugatua izango denez, streaming bidez jarraitzeko aukera ere zabaldu dute, Youtubeko Deustuko Kanalaren bitartez.  Eguerdiko 12:00etan gazteentzako playbacka antolatu dute Botikazar parkeko hockey pistan.

Larunbat goizean umeentzako antzerkia egongo da Puski eta Txurruskiren eskutik. Oihana Iguaran, Aitor Mendiluze, Alaia Martin eta Maite Sarasola bertsolariek eskainitako bertso saioak arratsaldeko egitaraua zabalduko du eta honen ostean konpartsa eta kuadrillen playbacka egongo da arratsaldeko 19:00etan.

Bihotz Alai dantza taldearen dantzaldia izango da jaietako azken eguneko ekintza nagusia 12.00etan. Horren ostean eta jaiei amaiera emateko, argazki erraldoia egingo dute 13:30ean frontoian.