43 pertsona kutsatu dira Deustuko Alta Fit gimnasioko agerraldian

uriola.eus 2021ko mar. 23a, 17:08

800 proba diagnostiko baino gehiago egin ostean, orotara 43 erabiltzaile kutsatu dira. Osakidetzak pasa den larunbatean PCR probak egitera deitu zituen gimnasio horretako erabiltzaileak. 

Koronabirus agerraldi bat izan da Deustuko Alta Fit gimnasioan. Joan den astean hainbat positibo atzeman ondoren, gimnasioa itxi eta Osakidetzak PCR probak egitera deitu zituen bertako erabiltzaileak, martxoaren 9tik 19ra bitartean egondakoak hain zuzen. Agerraldiak orotara 43 kutsatu utzi ditu. 

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu duenaren arabera, asteburuan egindako 800 probetan 25 kasu atzeman dituzte eta beste 18ak ordea, baheketa egin baino lehenagotik sintomak izan dituztenak dira. 

 

Beste agerraldi bat Bilboko epaitegietan

Bilboko epaitegietan ere COVID-19 agerraldia atzeman dute, eta osakidetzak adierazitakoaren arabera, gutxienez zortzi pertsona kutsatu dira. Kutsatutako langile guztien ordezkapena egitea lortu dute, epaitegietako jarduna eten ez dadin.