Errondoko Auzo Etxearen 4. urteurrena ospatuko dute datorren astetik aurrera

uriola.eus 2021ko mar. 25a, 13:07

Lau urte bete ditu San Inazio auzoko Navarro Villoslada kalean kokatuta dagoen Errondoko Auzo Etxeak. Urteurrena ospatzeko astebeteko egitaraua antolatu dute, astelehenean hasi eta igandera arte luzatuko dena. 

Urteurrenari hasiera emateko, astelehenean arratsaldeko 18:30ean Ahoztar Zelaietaren eskutik "Zaldibar zona cero" liburuaren aurkezpena egongo da. Asteartean ordu berean aldiz, Sukar Horiaren txanda izango da, "Ultraeskuina eta klima aldaketa: proposamen antifaxista ekologismotik" hitzaldiarekin. 

Asteazkenean 17:00etan lan egun orokorra egingo dute eta 18:30ean Zirikatzen taldeak elektrizitate tailerra eskainiko du. Egitarauarekin jarraitzeko, apirilaren 1ean "desalojo mehatxuen gainetik, okupazioa aurrera!" lelopean manifestazioa abiatuko da Sarrikoko metro geltokitik. Apirilaren 2an goizeko 09:00etatik 14:00etara rokodromoa zabalik egongo da nahi duenarentzako eta arratsalde partean 17:00etatik 21:00etara auzo jam eta freestyle sesioa antolatu dute. 

Itziar Morenoren eguna ospatuko dute apirilaren 3an. 10:00etatik 12:00etara boxeo master classa izango da eta horren ostean Itziar Moreno auzoko presoaren artelanen erakusketa ikusgai egongo da. Larunbatari amaiera emateko, Esna eta Zoroen Kluba taldeen kontzertuak egongo dira auzo etxean. Itziar Morenoren egunean eskuratutako diru guztia azaldu dute presoa bisitatzera joan ahal izateko beharrezkoak diren PCRak ordaintzeko erabiliko dela. 

Igandean kalejira egingo dute Errondokotik Sarrikoko parkeraino. Ostean Irola Irratiak zuzenekoa antolatu du  13:00-14.00 bitartean eta urteurrenari amaiera emateko asmoz eskaintza kulturala egongo da Sarrikoko parkean. 

Aurtengo egoera dela eta, ekintza guztiek edukiera mugatua izango dute eta horrez gain, derrigorrezkoa izango da musukoa erabiltzea.