uriola.eus

Pandemiaren eraginez lau artisten begiradapean

  Kultura-aisialdia  Deustualdea

‘Ekilibrismoaren artea’ du izena Ane Rotaetxeren azken dokumentalak, Larraitz Zuazorekin eta Begira Bideoak ekoiztetxearekin egindakoa. Pandemiak arte sorkuntzari eta artistei nola eragin dien aztertzen ditu lanak. Diziplina, auzo eta belaunaldi desberdineko lau artisten begiradek gidatzen dute lana, Garik, Erlea Manerosek, Katixa Agirrek eta Ainhoa Artetxek, hain zuzen.

Itxialdiak sormen prozesuan nola eragin dien, euren lana erakusteko izan dituzten oztopoak eta esparru pertsonal zein artistikoan Bilbok zer eskaintzen dien jorratu dute kamera aurrean lau protagonistek. Nahiz eta denak Bilbotarrak ez izan, bakoitzak auzo bat ordezkatzen du, bai eta arte diziplina eta belaunaldi bana. Iñaki Garitaonandia musikaria Indautxun kokatu dute, Erlea Maneros artista plastikoa Santutxun, Katixa Agirre idazlea Bilbo Zaharrean eta Ainhoa Artetxe aktorea Deustuko Erriberan. Bilboko irudi asko –zaharrak zein egungoak- pantailaratzeko aitzakia paregabea eman die hiriaren eraldaketa erakustea gustatzen zaien bi zuzendariei.

Bi ildotik egiten dute tira protagonistek: batetik, bakoitzak konfinamenduak bere diziplinan nola eragin dien kontatzen du, eta, bestetik, Bilbori so egiten diote, esparru pertsonal zein artistikoan ematen dienaz hausnartzeko. Hor Bilboko artxibo-irudiak sartzea erabaki zuten zuzendariek. “Protagonistak aukeratu genituenean konturatu ginen bakoitza hamarkada batekoa zela, bata 60koa, bestea 70ekoa, 80koa eta 90ekoa azkena. Kasualitatez suertatu zen, baina atzera begirada bat egitea eta horrekin jolastea erabaki genuen”, aitortu digu Ane Rotaetxek. “Zelakoa zen zure umetako Bilbo?” galderaren bueltan entzungo ditugu Gari, Katixa, Erlea eta Ainhoa.

Lau artistez gain, Aranzazu Calleja musikariaren eta Jon Gerediaga poetaren laguntza ere izan dute, biak Bilbotarrak eta aurten sari bana jasotakoak: Callejak jatorrizko musika onenaren Goya jaso du Akelarre filmarengatik eta Gerediagak Xabier Lete saria eskuratu du Natura berriak lanari esker. Ezin beste modu batean izan, lehena soinu-bandaz arduratu da eta bigarrena dokumentalaren sarrera eta irteera testuak idazteaz. “Txikia bada ere, lantaldetxo bat osatu nahi izan dugu, lana koralagoa izateko”, azaldu du Rotaetxek.

Dokumentalak ordubeteko iraupena du eta Bilbao Aurrera egitasmoari esker finantzatu dute. Itxialdiaren ostean Bilboko ikus-entzunezkoen eta zinemaren sektorea bultzatzeko Bilboko Udalak, Arriaga Antzokiak eta ZINEBI jaialdiak bultzatutako dirulaguntza da. Aurkeztutako lanen artean sei aukeratu eta 14.000 euro bana eman zizkieten iraila eta abendu artean proiektuak gauzatzeko.

Ane Rotaetxe eta Larraitz Zuazok aurkeztutako proiektuak irabazi zituen puntu gehien. Irailean hasi ziren protagonistekin gidoia lantzen, urria eta azaroa bitartean han eta hemen grabatzen ibili ziren, eta Gabonetan aurkeztu zuten emaitza. Laster Ekilibrismoaren artea pantaila handian ikusteko aukera izango dugu, apirilaren 8an Azkuna Zentroan egingo den pase bakarrean, beste sarituekin batera. ETBko Nahiera atalean ere ikusgai egongo da apirilaren 9a bitarte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa