20 urte eta PREST!

Hektor Ortega eta Lur Mallea: “Belaunaldi aldaketa funtsezkoa izan da, hori gabe ezin da aurrera egin”

Jone Gartzia 2021ko api. 9a, 10:10

20. urteurrena betetzen du PREST! aldizkariak, 222 zenbaki, hain zuzen ere. 2019ko martxoan 200. zenbakia ospatu genuenean aldizkariaren sortzaileetako batekin egin genuen solas. Oraingoan, ibilbide luze honetan PREST!en zuzendari eta koordinatzaile izandako Hektor Ortega eta Lur Mallearekin aritu gara, atzera eta aurrera begira.

Noiz eta nola sortu zen PREST! aldizkaria?

Hektor: 2001. urtean sortu zen, Berbaizuren eta bereziki Berbaizuren barruan sortutako lantalde baten bultzadaz. Lantalde horrek Hitzartu aldizkariaren lekukoa hartu zuen. Helburua maiztasunari, kalitateari eta edukiei eutsiko liekeen hilabetekari bat plazaratzea zen.

Garai horretan zein zen euskarazko tokiko prentsaren egoera?

H: Herri aldizkarien eredua zabaltzen hasia zen, boom bat zegoen. Gipuzkoan jaio zen eta eskualde batzuetan arrakasta handiz hedatu zen, Arrasaten, adibidez. Leku horietan bazegoen erdarazko prentsa eta desagertu egin zen, euskarazkoak ordezkatu egin zuen. Ikusi zen eredu hori egonkorra zela, atzean euskara elkarte sendo bat egonda eta herriaren inplikazioa bilatuta. Gero Euskal Herriko beste eskualde batzuetara hedatu zen, Bizkaian, esate baterako, Durangaldean Anboto sortu zen. Guk Bilboaldera ekarri genuen, lehenengo Begoñara Berton aldizkariaren bitartez eta jarraian Deustura PREST!ekin.

Erronka handia da aldizkari bat hutsetik hastea.

H: Bai, baina lan gehiena aurretik eginda zegoen. Hitzartu eta Berbaizuko lantaldeak lan handia egin zuen aurretik, ikusteko zer gabezia egon ziren, zelan konpondu eta zelan aurre egin erronka handiago bati. Aldizkaria martxan jartzeko pertsona bi hartu ziren soldatapean, zuzendaria eta komertziala. Zuzendaria ni nintzen, eta komertzialak eta biok Bertonen ere egiten genuen lan. Eskarmentua geneukan horrelako gauzetan eta hemen lantalde sendoa zegoen lanerako prest. Euskaltzaleen Topagunearen babesa ere bageneukan. Lur-hartzea nahiko erreza izan zen.

Zergatik argitaratu zen 2001eko martxoan?

H: Guk 2001ean kaleratu nahi genuen eta dirulaguntzak jasotzeko urtean 10 zenbaki gutxienez atera behar zirenez, lehenbailehen atera behar genuen. Martxoan hasi ginen kopuru horretara heltzeko, baina abuztuan aldizkaririk kaleratzen ez genuenez, ez ginen helduko eta laguntza gabe geratuko ginen. Orduan, azaroa eta abendua artean zenbaki berezi bat egin genuen, bederatzigarrena, Durangoko Azokaren aitzakiarekin. Deustu eta euskal literaturaren inguruko monografiko bat izan zen. Jende askok lagundu zigun. Oso esperientzia polita izan zen, baina beharrizanetik sortu zen. 

Lur, zuk nola amaitu zenuen PREST!en?

Lur: Ni langabe nengoen lanpostua libre zegoela esan zidatenean. Irratian aritua nintzen, baina inoiz ez prentsa idatzian. 2009an hasi nintzen, Berton eta PREST!en aldi berean, jardunaldi erdia aldizkari bakoitzeko. Santutxukoa naiz eta Deusturekin erreparo apur bat neukan, ez nuen Santutxu bezain ondo ezagutzen. Urduri xamar etorri nintzen, baina lantalde handi bat aurkitu nuen, gero txikitzen joan dena, elkarte guztiak txikitzen joan diren bezala.

20 urte hauetako mugarriak aipatuko zenituzke?

L: Pentsa, hasiera batean ni Andoaingo inprimategira joaten nintzen aldizkariaren maketa disko batean eramatera. Artxibo partekatuak sortzea nobedade itzela izan zen guretzat, jada ez ginen hilero haraino joan behar. Beste mugarri bat bloga eta sare sozialak sortzea izan zen. Egunero albisteak argitaratzen hasi ginen, eta hor konturatu ginen jendearen gosea epe motzekoa zela. Gero Uriola etorri zen, krisi orokor latz bati erantzun bateratu bat eman nahian. Apustu handia egin zen.

Formatua ere aldatu zuen aldizkariak.

L: 2008ko krisiak sakon eragin zigun, hausnarketa une gogorra izan zen aldizkariarentzako. Publizitate sarrerak asko murriztu ziren, iragarle handiak desagertzen joan zirelako. Orduan erabaki genuen formatua aldatzea, aldizkaria txikitu genuen eta aukera modernizatzeko aprobetxatu.

Eta babesle kanpainekin, noiz hasi zineten?

L: Lehenengo Deustuko elkarteengana jo genuen eta gero harpideengana. Erabaki genuen ordura arte doakoa izan zen produktua mantendu ahal izateko, deustuar euskaldunentzako pribilegio bat zena, laguntza behar genuela. Aitortza txiki bat da hilero etxean jasotzen den horren kostua ordaindu ahal izateko, eta horretan dihardugu oraindik ere.

H: Gure hanka biak publizitatea eta dirulaguntzak ziren eta lehenak huts egin zuenean salduta gelditu ginen. Erakundeen laguntza beharrezkoa da, baina herritarrena ere behar da, eta izan genuen. PREST! aldizkariak 2008ko krisia eta egungo pandemia gainditu izanak erakusten du sustrai sakonak egin dituela. Kinka gogorrean gaude oraindik, baina etorkizunari itxaropentsu begiratzeko moduan ipintzen gaitu.

Hilero 2.700 etxetara heltzen da PREST!, ez da gutxi.

H: Guk Hitzharturentirada hartu genuen, ordurako 800 bat izango ziren. Horregatik diot hasieratik proiektua oso landuta zegoela, lehenengo zenbakietatik jada 2.200 aleko tiradatik gora ibiliko ginen lasai asko. Ahalegin handia egin zen hasi orduko oinarri sozial zabal bat izateko, euskararen munduko erakundeak inplikatzeko… Egia da egoera soziolinguistikoa aldatu dela eta gaur egungo helburua izan beharko litzatekeela Deustuko etxe guztietara PREST! bana heltzea. Hori duela 20 urte ameskeria zen, etxe gehienetan ez zegoelako euskaldunik, baina gaur gehienetan badaude. Eta ez hori bakarrik, zoritxarrez etxe askotan sartzen den euskarazko komunikabide bakarra PREST! da, horrek oraindik ere garrantzia gehiago ematen dio.

Etorkizunera begira jarrita, zeintzuk dira erronkak?

H: Bat, irautea, duda barik, baina hori lortuko dugula pentsatuko dugu. Gure erronka euskarari prestigioa ematea da, euskaraz bizi nahi duenari aukerak erraztea eta euskaraz dakien guztiei euskaraz bizitzeko gogoak ematea.

L: Tresna erabilgarria eta baliagarria izan behar du PREST!ek. Zer eskatzen du jendeak gaur egun? Gauza oso ezberdinak. Gure erronka ez da erreza, deustuar guztientzako delako, eta eskaini behar dugu paperean kalean egoteko, sarean, euskaldunari, euskara ikasten ari denari, gazteei, adinekoei... Uste dut komunikabide guztiak daudela kinka horretan, nola iritsi hobeto eta nola egin proiektua bideragarri. Ilusioa eta gogoa badaude, egiteko moduarekin asmatu behar da. Herrigintza ez dago bere onenean eta PREST!ek erronka latza du, baina krisi honetan konturatu gara zein garrantzitsua den auzoko sareak bizirik mantentzea eta uste dut PREST!ek tokia daukala.

Zein izan da hainbeste irauteko gakoa?

H: Belaunaldi aldaketa funtsezkoa izan da, hori gabe ezin da aurrera egin. Guretzako oso pozgarria da belaunaldi berriek PREST!en ardura hartzen dutela ikustea. Horrek ematen dio zentzua egin dugun guztiari eta horregatik jarraitzen dugu ahal dugunean laguntzen.

L: Transmisioa funtsezkoa da, belaunaldi berriek jakin behar dute haiek egingo dutela PREST!.

Nola imajinatzen duzue PREST! 20 urte barru?

H: Nik pentsatu nahi dut 20 urte barruko PREST! Deustuko etxe guztietan egongo dela. ez dakit paperean, digitalean, edo drone batek ekarria…

L: Zoragarria litzateke, hori baita PREST!en hasierako ametsa. Erronka handia da, beste leku batzuetan lortu dena, beste era batean antolatuta eta beste errealitate batekin. Hemen kostata egin da. Berbaizuk hasieratik apustu handia egin zuen, baina erakunde askok ez zuten behar bezala lagundu, Udalak, esaterako. 

Luzaroan imajinatzen duzue paperean?
H: Bai. Ez dut ezagutzen herri aldizkaririk paperetik desagertu eta mantentzea lortu duenik. Interneten egon behar da, argi dago, baina paperean ere. Herrian presentzia ematen dizuna da.

L: Esango nuke baietz. Ez dakit oso nostalgikoa den, baina postontzia zabaldu eta bertan PREST! ikusteak egiten duen ilusioak ez dauka preziorik. Gaur egun, gainera, oso gauza gutxi heltzen zaizkigu postontzira. 

SAKONEAN

“Deustualdea hobeto ezagutzeko aukera eman zigun denoi, bereziki euskaraz bizi den Deustualdea”

Oroitzen duzue egindako lanik bereziena?

H: Hasieran egin genuen erreportaje bat, Deustuko kostaldearen ingurukoa. Bote bat alokatu eta La Salveko zubitik Elorrietaraino joan ginen, argazkilari eta guzti.

L: Arangoitin Erregeetako loteria tokatu zeneko erreportajea oso polita izan zen. PREST!eko kamisetak saltzen ere oso ondo pasatu nuen, promozioa egiten batez ere. Jendea oso prest zegoen modelo lanak egiteko. Behin Iruñean Deustuar bat hurbildu zitzaigun kamiseta jantzita genuelako, detaile horiek oso pozgarriak dira.

Zelan gogoratzen dituzue zuzendari izan zineteneko urteak?

H: Harreman arloan oso garai emankorra izan zen niretzat, eta Deustualdea hobeto ezagutzeko aukera eman zigun denoi, bereziki euskaraz bizi den Deustualdea.

L: Hemen lan egitea ikasketa prozesua da, denetarik egin behar dugu, kazetaritza lanak, animatzaile lanak…

H: Gainera, ni batez ere erdaraz lan egitetik nentorren, eta bat batean euskara hutsez lan egitera igaro nintzen. Asko eskertu dut hori, oso aberasgarria izan zen.

Lana utzita ere, kolaboratzaile jarraitu duzue biek, zergatik?

H: Guretzako ez da bakarrik lana izan, gu inplikatu gara eta hori ez da desagertzen beste lanpostu batera joatean. Horregatik jarraitzen dugu ahal dugun neurrian gure ekarpena egiten.

L: Horrelako lotura bat ezin da guztiz eten. Gure ofizioa maite dugu, eta ofizioa afizio bihurtzen denean eta neurria zuk ipintzen duzunean itzela da.