Leire Armentia Lasuen eta Nagore Zuazo Corral: “Eskolak toki segurua izan behar du haur transexualak diren moduan agertu ahal izateko”

Nerea Olaziregi 2021ko api. 19a, 11:38

Naizen haur eta gazte transexualen familien elkarteak beraien seme-alaben errealitatea ezagutarazteko kanta eta bideoklip bat kaleratu berri du. Leire eta Nagorek gertutik ezagutzen dute errealitate hori. Laster, San Inazioko Lehendakari Agirre kalean bulegoa irekiko du elkarteak. Familiei arreta emateaz gain, tailerrak eta topaketak egingo dira bertan.

Zein da diren bezala onartuak izateko borrokan ari diren haur eta gazteen eguneroko errealitatea?

Leire: Kasu bakoitzaren arabera oso ezberdina da. Haurraren beharrizanak, erritmoak eta testuinguruak asko baldintzatzen du prozesua. Askotan uste izaten dugu gure neska oso maskulinoa dela, edo alderantziz. Gure kasuan,  hiru urterekin behin eta berriz hasi zen esaten bera neska zela eta mugituta geratu ginen arren, aldaketa erreza izan zen.

Nagore: Gurean ere, prozesu polita izan dela uste dut. Inguruak eskuzabal hartu gaitu, baina beti ez da horrela izaten. Zenbat eta txikiagoa izan haurra errazagoa da, aldaketa ez delako hain bortitza. Besteen begiradak, inguruko irainak eta ukapenak dira sufrimendua eragiten dutenak.

Aurkeztu berri dituzuen kanta eta bideoklipa oso alaiak eta koloretsuak dira.

Leire: Bai, alaitasuna eta askatasuna transmititzen dute. Orokorrean gaia sufrimenduarekin eta iluntasunarekin lotzen delako eta askotan prozesua gogorra izan arren, pausua ematen denean loratzen direla diogu, eurak diren moduan adierazi ahal direlako. Zama handi bat kentzen dugu denok gainetik.

Nagore: Bideoa gure haur eta gazteen eskubideak eta aldarrikapenak zabaltzeko beste urrats handi bat izan dela uste dut. Aurkezpena egin zenetik familia berriak hurbildu dira elkartera.

Nori kostatzen zaio gehiago urratsak ematea, haurrari ala inguruari?

Leire: Haurrak badaki zer den. Transitoa ez dute umeek egiten, gainontzekook egiten dugu. Besteok gara begirada aldatzen dugunok eta konturatzen garenok nortzuk diren. Behin entzun nion haur bati beste bati galdetzen: “Eta zuri, noiz sinistu zizuten?”.

Nagore: Bai, aldaketa gure baitan dago, urratsak ematea erabaki kontziente bat da. Haurrak birritan esan zigunean “ni zuen alaba naiz”, listo, ez zegoen buelta gehiago eman beharrik. Publiko egiten duzunean ohikoa da barne zurrunbilo bat izatea.

Azken urteetan jendartean gaiarekiko kontzientzia eta sentsibilitate handiagoa dago?

Leire: Bai, orain ezagutzen den errealitate da. Informazioa dago eta nahi izanez gero, formazioa. Ezagutzak eramaten zaitu onartzera, ikustera eta laguntzera.

Nagore: Duela bost urte errealitate pentsaezina zen umeen eta nerabeen munduan. Gaur egun , Chrysallis Euskal Herria eta Naizen-ek egindako lanari esker, mahai gainean dagoen kontu bat da, gertutik bizi izan ez duenak ere badaki errealitate hori hortxe dagoela.

Asko dago egiteko oraindik?

Leire: Bai, oraindik ezjakintasun handia eta hezkuntzan lan handia egiten ari gara zentzu horretan. Eskolak jakin behar du nola erantzun eremu eta espazio guztietan: idazkaritzan, jantokian, aldageletan, patioan, ikasgelan... Tutoreen lana ere oso inportantea da, zentzu horretan. Erabiltzen den materiala ere aztertu beharra dago aniztasunaren ikuspegitik. Eskolak toki segurua behar du izan haur transexualak diren moduan agertu ahal izateko.

Nagore: Gure jendartean aniztasuna dagoela benetan barneratzea falta da.

Berdin dio neska zein mutil, pertsonak gara denok. Haur transexualentzat mezu hau ez da baliagarria, ezta?

Leire: Naizeneko familia askok horrela hezten saiatu gara, erreferente desberdinak erabiliz, baina heltzen da momentu bat non horrek ez duen balio. Rolak eta estereotipoak erabiltzen dituzte nor diren sinestarazteko eta guk nor diren ikusteko. Behin onartuta, itzultzen dira bere betiko jolasetara. Gure kasuan Superman jantzia berriro jartzeko bi urte pasa dira, orain bai izan daiteke nahi duen neska, printzesak eta super heroiak gustuko dituen neska.

Nagore: Guk ere esaten genion nahi zuena izan zitekeela eta berak neska zela esaten zigun behin eta berriz era askotan, txiki txikitatik. Garai batean auzoko emakume nagusi guztiak agurtzen zituen “begira zer neska polita” esaten ziotelako. Poz pozik jartzen zen hori entzuterakoan. Horrela bazekien denek neska ikusten zutela, zalantzarik gabe. Horren beharra zuen.