uriola.eus

Soilik bizi. Onlybibe.

  Kultura-aisialdia  Deustualdea

Bere marrazkiak oihalezko poltsetan egiten hasi zenean jaio zen Onlybibe. Proiektu txikia da, bera bakarrik dago, baina urrun heldu dira bere marrazkiak. Zorroak, koadroak eta muralak ere egiten ari da orain. Ilusio handiz kontatu digu Libe Larizgoitiak zer ezkutatzen den Onlybibe izenaren atzean.

Soilik bizi. Onlybibe.
Irudia: jone Gartzia Gerra | Ikusi handiago | Argazki originala

Betidanik izan da marrazki zalea Libe Larizgoitia ibarrekolandatarra. Arte Batxilergoa ikasi zuenean egun osoa ematen zuen marrazten, baina Unibertsitatean Haur Hezkuntzan matrikulatu eta kontraste handia nabaritu zuen: marrazteari utzi zion. Kontatu digunez, “Faltan izaten nuenez, etxean kartoi zati batean edo mihise batean margotzen nuen”. Mihisetik oihalera era naturalean egin zuen salto: “Etxean oihalezko poltsa asko nituen eta akrilikoarekin margotzen hasi nintzen, baina ez da oihalean margotzeko egokiena, ehun-margoa behar da”.

Horrela hasi zen oihalezko poltsak margotzen, bere buruarentzako. Jendea galdezka hasi zitzaion ea nondik atera zituen, eta halako batean lagunek proiektu bat abiatzea proposatu zioten. “Oihalezko poltsak modan daude, oso praktikoak dira eta mundu guztiak erabiltzen ditu. Zergatik ez hasi proiektu bat eta saltzen hasi?”, iradoki zioten.

Jaramon egin zien. Aste horretan bertan proiektuaren izena pentsatzen hasi zen, sare sozialak zelan antolatu erabaki eta astearte batean “topera jarri eta dena atera” zuen. 2020ko urtarrilean izan zen. Ordutik, @onlybibe Instagram kontuaren bitartez ematen du bere lanen berri. Bertan, egiten dituen lanak igotzeaz gain, inspirazio iturriak zabaltzen ditu.

Xehetasunetik sortzen

Irudi abstraktuak, forma geometrikoak eta biribilduak gustatzen zaizkio. Ideia garatzeko xehetasunei erreparatzen die, izan naturako elementuei, kolore jakin bati, eraikinei, janariari… “Detaile txikietatik sortzen dut, puntu batetik abiatzen naiz zerbait berria sortzeko”. Instagrameko kontuan marrazki bat igotzen duenean, hori sortzeko erabilitako inspirazio iturrien irudiak ere argitaratzen ditu.

Esan bezala, Larizgoitiak ez ditu soilik oihalezko poltsak marrazten. Orain gutxi zorroak egiten hasi da, eta koadroak berrartu ditu eskari batzuei esker. Gogotsu dago lagun batek bere etxeko egongela marrazteko eskatu diolako. “Asko pozten nau jendeak etxean nire marrazki bat izateak, nire sinadurarekin eta nire esentziarekin. Horrek esan nahi du nire estiloan sinisten dutela, eta gustatu behar zaie, abstraktua delako”. Inoiz jertseak egitea pentsatu du, baina horrek lan karga nabarmen handitzeaz gain, espazio eta aurrekontu arazo bat ekarriko lioke. Izan ere, neurri eta kolore askotako jertseak izan beharko lituzke etxean, eta aurrekontuari zorrotzago jarraitu beharko lioke.

Logelatik mundura

Bere logela du estudio Libe Larizgoitiak. Asko gustatuko litzaioke berarentzako lokal bat izatea, baina momentuz pozik dago etxean: “Zorionekoa naiz mahai handia daukadalako eta argi asko sartzen delako”.

Poltsak non saltzen dituen galdetuta, ohartu gara sare zabala osatu duela. “Hasieran auzoko jendeak eskatzen zizkidan, baina orain ezagunen bitartez pixkanaka gero eta gehiago zabaltzen ari naiz. Badakit Ibizan, Salamancan, Madrilen eta Santanderren daudela batzuk”. Poltsa erosi nahi diona Bilbon badago eskura ematea gustatzen zaio. “Jendea ezagutzea gustatzen zait, eta beti galdetzen diet ea nola ezagutu duten Onlybibe”, diosku.

Leku askotan aurkitu daitezke Onlybiberen poltsak eta zorroak, baina ezinezkoa da bi berdin ikustea. Izan ere, denak dira diseinu berriak, eroslearen eta artistaren artean sortutakoak. “Poltsa bat eskatzen didatenean aurretik ikusitako baten argazkia bidaltzeko eskatzen diet. Erreferentzia horretatik abiatzen naiz eta lau bozeto berri sortzen ditut soilik pertsona horrentzako. Berak bat aukeratu eta zein kolore nahi dituen esaten dit. Bien artean poltsa bakarra egiten dugu, eta bakoitzak berea dauka, bere esanahiarekin. Hori da Onlybiberen esentzia”.

Libe edo bibe

Bitxia da Onlybibe izenaren sorrera. Haur Hezkuntzako irakasle da Libe, eta haur txikiek zailtasunak omen dituzte bere izena ondo ahoskatzeko. Horregatik, askok ‘bibe’ esaten diote Libe beharrean. “Gaztelaniaz ‘vive’ bizitzea da, eta hori da marrazten dudanean sentitzen dudana, bizitzea, esperimentatzea…”. Instagram kontua irekitzera joan zenean, ordea, @bibe izena hartuta zegoen, eta hortik ‘only’ gehitzearen beharra; bakarrik ‘bibe’, soilik bizi.

Urte bat eta lau hilabete baino ez dira igaro Onlybibe jaio zenetik, baina prozesua “oso positiboa” izan dela onartu digu Larizgoitiak. “Asko ikasi dut gauzak kudeatzen, ondo antolatzen, sare sozialak erabiltzen… eta dena nire kabuz egin dut”. Nabari zaio harrotasuna irribarrean, eta ez da gutxiagorako. “Pertsona moduan hazten ere lagundu dit, sentimenduak eta emozio txarrak bideratzen ikasi dut”, argitu digu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa